Korintoarrei lehena 14:1-40

  • Profetizatzeko eta beste hizkuntzetan hitz egiteko dohainak (1-25)

  • Bilera duin eta ordenatuak (26-40)

    • Emakumearen tokia kongregazioan (34, 35)

14  Segi ezazue maitasuna erakusten, baina baita gogor saiatzen ere dohain espiritualak jasotzeko, batez ere profetizatzeko dohaina. 2  Zeren beste hizkuntza batean hitz egiten duenak ez die gizakiei hitz egiten, Jainkoari baizik, inork ez baitio ulertzen, nahiz eta sekretu sakratuak espirituaren bidez esan. 3  Profetizatzen duenak, berriz, besteak sendotu, animatu eta kontsolatzen ditu bere hitzen bidez. 4  Beste hizkuntza batean hitz egiten duenak bere burua sendotzen du, baina profetizatzen duenak kongregazioa sendotzen du. 5  Nahiko nuke zuek guztiok hizkuntza desberdinetan hitz egiteko dohaina izatea, baina nahiago dut profetizatzen baduzue. Izan ere, profetizatzen duena hizkuntza desberdinetan hitz egiten duena baino handiagoa da, honek kongregazioa sendotzeko bere hitzak interpretatzen* ez baditu behintzat. 6  Anai-arrebok, demagun zuengana joaten naizela ezagutzen ez dituzuen hizkuntzetan hitz egiten. Zertarako balioko lizueke ez banu errebelazio, ezagutza, profezia edo irakaspen baten bidez egingo? 7  Gauza bera gertatzen da soinua egiten duten gauza bizigabeekin, adibidez, txirula edo harparekin. Notak ez badira argi eta garbi bereizten, nola antzeman daiteke txirula edo harparekin jotzen dena zer den? 8  Edota turutaren soinua argia ez bada, nor prestatuko da borrokarako? 9  Modu berean, ahoarekin erraz ulertzen diren hitzak esaten ez badituzue, nola jakingo du norbaitek zer esaten ari zareten? Aireari hitz egiten ariko zinatekete. 10  Munduan hizkuntza asko hitz egiten dira, eta denek dute esanahia. 11  Izan ere, hitz egiten denaren zentzua ez badut ulertzen, atzerritarra izango naiz hitz egiten ari denarentzat, eta hitz egiten ari dena atzerritarra izango da niretzat. 12  Gauza bera gertatzen da zuekin. Beraz, dohain espiritualak hainbeste desiratzen dituzuenez, ahalegindu kongregazioa sendotzen duten dohainak barra-barra izaten. 13  Beraz, beste hizkuntza batean hitz egiten duenak otoitzean eskatu dezala esandakoa interpretatu* ahal izatea. 14  Zeren beste hizkuntza batean ari banaiz otoitz egiten, espirituaren nire dohaina da otoitzean ari dena, baina nire adimenak ez du ezer sortzen. 15  Orduan, zer da egin behar dena? Espirituaren dohaina erabiliz egingo dut otoitz, baina nire adimena erabiliz ere egingo dut otoitz. Espirituaren dohaina erabiliz abestuko ditut gorespen kantak, baina nire adimena erabiliz ere abestuko ditut gorespen kantak. 16  Bestela, espirituaren dohaina erabiliz goresten baduzu Jainkoa, nola esan dezake «amen» zuen arteko pertsona arrunt batek esker oneko otoitza egiten duzunean, ez badu ulertu zer esan duzun? 17  Egia da eskerrak emateko duzun modua bikaina dela, baina ez du beste pertsona hori sendotzen. 18  Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari zuek guztiek baino hizkuntza gehiagotan hitz egiten dudalako. 19  Hala ere, nahiago dut kongregazioan besteei irakasteko* nire adimenez* bost hitz esan, hizkuntza ezezagun batean hamar mila hitz esan baino. 20  Anaiok, ez bihurtu haur zeuen ulermenean. Horren ordez, izan zaitezte haur gaiztakeriarekin lotutako gauzetan, eta bihurtu heldu zeuen ulermenean. 21  Legean idatzita dago: «“Atzerritarren hizkuntzetan eta arrotzen* ezpainekin hitz egingo diot herri honi eta, hala ere, ez didate kasurik egingo” dio Jehobak». 22  Beraz, hizkuntza desberdinetan hitz egiteko dohaina ez da sinestunentzako seinalea, sinesgabeentzako baizik; profeziak, berriz, ez dira sinesgabeentzako, sinestunentzako baizik. 23  Horregatik, kongregazio osoa toki batean elkartzen denean, denek hizkuntza desberdinetan hitz egiten badute eta han pertsona arruntak edo sinesgabeak sartzen badira, ez al dute esango burutik jota zaudetela? 24  Baina denok profetizatzen ari bazarete eta sinesgaberen bat edo pertsona arrunten bat sartzen bada, esaten duzuena entzutean, zuzendua eta aztertua sentituko da. 25  Bere bihotzeko sekretuak, orduan, agerian geratuko direnez, belaunikatu, lurreraino makurtu eta Jainkoa adoratuko du, esanez: «Jainkoa benetan zuen artean dago». 26  Orduan, zer egin behar da, anaiok? Elkartzen zaretenean batek salmo bat izango du, beste batek irakaspen bat eta beste batek errebelazio bat. Beste batek hizkuntza desberdin batean hitz egingo du, eta beste batek esandakoa interpretatuko du. Egin gauza guztiak elkar sendotzeko*. 27  Eta norbaitek beste hizkuntza batean hitz egiten badu, hitz egin dezatela asko jota bi edo hiruk bakarrik, eta txandaka, eta norbaitek beraien hitzak interpretatu* ditzala. 28  Baina interpretatzen duenik* ez badago, kongregazioan isilik geratu daitezela, eta euren buruekin eta Jainkoarekin hitz egin dezatela. 29  Hitz egin dezatela bi edo hiru profetek eta besteek esanahia aztertu dezatela. 30  Baina besteren batek, han eserita dagoen bitartean, errebelazio bat jasotzen badu, isildu dadila hitz egiten ari zena. 31  Zeren zuek denok banan-banan profetizatu dezakezue denek ikasi dezaten eta denak animatu daitezen. 32  Eta profetek dituzten espirituaren dohainak, profetek izan behar dituzte kontrolpean. 33  Zeren Jainkoa ez da desordenaren Jainkoa, bakearena baizik. Santuen kongregazio guztietan gertatzen den bezala, 34  emakumeak isilik geratu daitezela kongregazioetan, ez baitute hitz egiteko baimenik. Horren ordez, menpean egon daitezela Legeak esaten duen bezala. 35  Zerbait ikasi nahi badute, galdetu diezaietela beraien senarrei etxean, lotsagarria baita emakume batek kongregazioan hitz egitea. 36  Zuengandik atera al zen, ba, Jainkoaren hitza? Edota zuek bakarrik jaso al duzue, ba? 37  Norbaitek profeta dela edo espirituaren dohain bat duela uste badu, idazten dizkizuedan gauzak Jaunaren aginduak direla onartu behar du. 38  Baina norbaitek hori onartzen ez badu, bera ere ez da onartua izango*. 39  Beraz, ene anaiok, segi profetizatzeko ahaleginak egiten, baina ez debekatu hizkuntza desberdinetan hitz egitea. 40  Dena den, egin guztia duintasunez eta ordenaz.

Oharra

Edo «itzultzen».
Edo «itzuli».
Edo «ahoz irakasteko».
Edo «ulermenez».
Edo «ezezagunen».
Lit. «edifikatzeko; eraikitzeko».
Edo «itzuli».
Edo «itzultzailerik».
Edo agian «norbait ezjakina bada, ezjakina izaten jarraituko du».