Korintoarrei lehena 15:1-58
15 Anai-arrebok, ezagutzera eman nizkizuen berri onak gogoratuko dizkizuet orain. Zuek onartu egin zenituzten eta horregatik mantendu zarete tinko.
2 Gainera, salbatuak izaten ari zarete ezagutzera eman nizkizuen berri onei gogor eusten badiezue. Bestela, alferrik bihurtu zineten sinestun.
3 Zeren irakatsi nizkizuen lehenengo gauzen artean niri ere irakatsi zitzaidana zegoen: Kristo gure bekatuengatik hil zela, Idazkiek esan zutenaren arabera;
4 lurperatua izan zela eta hirugarren egunean berpiztua*, Idazkiek esan zutenaren arabera;
5 eta Zefasi* agertu zitzaiola eta, gero, Hamabiei.
6 Horren ondoren, 500 dizipuluri* baino gehiagori agertu zitzaien aldi berean. Hauetako gehienak gurekin daude oraindik, batzuek dagoeneko heriotzan lo hartu duten arren.
7 Horren ondoren, Santiagori agertu zitzaion; gero, apostolu guztiei.
8 Baina, azkenik, niri ere agertu zitzaidan, garaia baino lehen jaiotako bati bezala.
9 Zeren apostoluen artean txikiena naiz, eta ez dut apostolu deitua izatea merezi, Jainkoaren kongregazioa pertsegitu bainuen.
10 Baina Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker, naizena naiz ni. Eta niri erakutsi didan merezigabeko eskuzabaltasuna ez da alferrik izan, beraiek guztiek baino gehiago lan egin baitut. Hala ere, ez naiz ni izan, nirekin dagoen Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna baizik.
11 Beraz, ni edo beraiek izan, hau da predikatzen dugun modua eta hau da zuek sinetsi duzuen modua.
12 Kristo hildakoen artetik altxatua izan dela predikatzen badugu, nolatan esaten duzue zuetako batzuek ez dagoela hildakoen berpizkunderik?
13 Izan ere, hildakoen berpizkunderik ez badago, Kristo ere ez da berpiztua izan.
14 Baina Kristo ez bada berpiztua izan, gure predikazioa alferrikakoa da, eta zuen fedea ere alferrikakoa da.
15 Are gehiago, Jainkoaren lekuko faltsuak gara, zeren Jainkoaren aurkako testigantza faltsua ematen dugu Kristo berpiztu zuela esanez. Baina Kristo berpiztua izan zela ezin da egia izan, hildakoak ez badira benetan berpiztuak izango.
16 Zeren hildakoak ez badira berpiztuak izango, Kristo ere ez zen berpiztua izan.
17 Gainera, Kristo ez bazen berpiztua izan, zuen fedeak ez du ezertarako balio; zuen bekatuetan zaudete oraindik.
18 Orduan, Kristorekin bat eginda heriotzan lo hartu dutenak ere betirako hil dira.
19 Kristorengan dugun esperantza bizitza honetarako bakarrik bada, edozein pertsonak baino pena handiagoa ematen dugu.
20 Baina Kristo hildakoen artetik altxatua izan da, heriotzan lo hartu dutenen lehen fruitu* bezala.
21 Heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, hildakoen berpizkundea ere gizon baten bidez dator.
22 Zeren Adamek egindakoarengatik denak hiltzen ari diren bezala, Kristok egindakoarengatik denak biziko dira.
23 Baina bakoitza bere ordenan: Kristo lehen fruitua, gero Kristori dagozkionak bere presentzian zehar.
24 Gero, azkena iritsiko da. Orduan, gobernu, autoritate eta botere guztia suntsitu ondoren, bere Jainko eta Aitari Erreinua emango dio.
25 Errege bezala aginduko du Jainkoak etsai guztiak bere oinen azpian jarri arte.
26 Eta azken etsaia, heriotza, suntsitua izango da.
27 Zeren Jainkoak «gauza guztiak oinen azpian jarri zizkion menpean». Baina gauza guztiak menpean jarri zizkiola esaten duenean, argi dago honen barne ez dagoela gauza guztiak menpean jarri zizkion Jainkoa.
28 Eta gauza guztiak bere menpean jarritakoan, Semea bera gauza guztiak menpean jarri zizkionaren menpe jarriko da. Horrela, Jainkoa gauza guztiak izango da guztiontzat.
29 Horrela ez balitz, zer egingo dute pertsona hilak izateko helburuarekin bataiatu direnek? Hil direnak ez badira berpiztuak izango, zergatik bataiatzen dira beraiek ere helburu horrekin?
30 Eta zergatik gaude denbora guztian* arriskuan?
31 Egunero egiten diot aurre heriotzari. Hori, anai-arrebok, Kristo Jesus gure Jaunarengan zuengatik sentitzen dudan harrotasuna* bezain ziurra da.
32 Zertarako balio dit, beste batzuek egin duten bezala*, Efeson basapiztien aurka borrokatu izanak? Hildakoak ez badira berpiztuko, «jan eta edan dezagun, bihar hil behar dugu eta».
33 Ez zaitzatela inork engainatu. Lagun txarrek ohitura onak* hondatzen dituzte.
34 Berreskuratu zentzua justua dena eginez eta ez praktikatu bekatua, zeren zuetako batzuek ez dute Jainkoa ezagutzen. Zuek lotsarazteko esaten dut hori.
35 Hala ere, norbaitek esango du: «Nola berpiztuko dira hildakoak? Nolako gorputza izango dute etortzean?».
36 Zentzugabe halakoa! Ereiten duzuna ez da bizidun izatera iristen lehenago hiltzen ez bada.
37 Eta ereiten duzuna ez da gero haziko den landarea*, hazi hutsa baizik, nahiz gari hazia nahiz beste hazi mota izan.
38 Baina Jainkoak nahi duen gorputza ematen dio, eta hazi bakoitzari dagokion gorputza.
39 Gorputz* guztiak ez dira berdinak: badira gizakienak, abereenak, hegaztienak eta arrainenak.
40 Eta badira zeruko gorputzak eta lurreko gorputzak. Baina zeruko gorputzen aintza mota batekoa da eta lurreko gorputzena beste mota batekoa.
41 Eguzkiaren aintza mota batekoa da, ilargiaren aintza beste mota batekoa, eta izarren aintza beste batekoa. Izan ere, izar bakoitzaren aintza ezberdina da.
42 Gauza bera gertatzen da hildakoen berpizkundearekin ere. Ereiten dena ustelkorra da; berpizten dena ustelezina.
43 Ereiten dena ohorerik gabea da; berpizten dena aintzaz betea. Ereiten dena ahula da; berpizten dena boteretsua.
44 Ereiten dena gorputz fisikoa da; berpizten dena gorputz espirituala. Gorputz fisikoa baldin badago, espirituala ere badago.
45 Horrela dago idatzita: «Lehenengo gizona, Adam, izaki* bizidun bihurtu zen». Azkeneko Adam bizia ematen duen espiritu bihurtu zen.
46 Baina espirituala dena ez da lehenengoa. Fisikoa dena da lehenengoa eta ondoren espirituala dena.
47 Lehenengo gizona lurrekoa da eta hautsetik egina izan zen; bigarren gizona zerukoa da.
48 Hautsez egindakoak hautsez egina izan zena bezalakoak dira; eta zerukoak zerukoa dena bezalakoak.
49 Eta hautsez egina izan zenaren irudia garen bezala, zerukoa denaren irudia ere izango gara.
50 Baina anai-arrebok, hau esaten dizuet: hezur eta haragiak* ezin dute Jainkoaren Erreinua heredatu, eta ustelkorra denak ezin du ustelezina dena heredatu.
51 Begira! Sekretu sakratu bat esaten dizuet: guztiok ez dugu heriotzan lo hartuko, baina guztiok izango gara aldatuak
52 momentu batean, begien itxi-ireki batean, azken turutak jotzen duen bitartean. Izan ere, turutak joko du eta hildakoak ustelezin berpiztuko dira eta gu aldatuak izango gara.
53 Zeren ustelkorra den hori ustelezintasunez jantzi behar da, eta hilkorra den hori hilezkortasunez.
54 Baina ustelkorra den hori ustelezintasunez janzten denean eta hilkorra den hori hilezkortasunez, orduan beteko da idatzita dagoen hau: «Heriotza betirako suntsitua* izan da».
55 «Heriotza, non dago zure garaipena? Heriotza, non dago zure eztena?».
56 Heriotza sortzen duen eztena bekatua da, eta bekatuaren boterea Legea*.
57 Baina eskerrak ematen dizkiogu Jainkoari, gure Jaun Jesu Kristoren bidez garaipena ematen digulako!
58 Beraz, anai-arreba maiteok, mantendu sendo, mugiezin, eta egon beti lanpetuta Jaunaren lanean, Jaunaren zerbitzuan egiten duzuen lana alferrikakoa ez dela jakinda.
Oharra
^ Lit. «altxatua».
^ Pedro ere deitua.
^ Lit. «anaiari».
^ Lit. «ordu guztietan».
^ Edo «poza».
^ Edo agian «giza ikuspuntutik».
^ Edo «printzipio moralak».
^ Lit. «gorputza».
^ Lit. «Haragi».
^ Edo «arima».
^ Lit. «odolak».
^ Lit. «irentsia».
^ Edo «eta Legeak boterea ematen dio bekatuari».