Korintoarrei lehena 16:1-24

  • Jerusalemeko kristauentzako diru bilketa (1-4)

  • Pauloren bidaia planak (5-9)

  • Timoteok eta Apolosek egingo dituzten bisitak (10-12)

  • Aholku eta goraintziak (13-24)

16  Santuentzako diru bilketaren inguruan, jarraitu Galaziako kongregazioei eman nizkien jarraibideak. 2  Asteko lehenengo egunean, zuetako bakoitzak zerbait gorde dezala ahal duenaren arabera. Horrela, ni iristean ez da beharrezkoa izango diru bilketarik egitea. 3  Hara iristen naizenean, zuen gutunetan gomendatutako gizonak bidaliko ditut Jerusalemera zuen opari eskuzabala eramateko. 4  Hala ere, ni ere joatea komeni bada, elkarrekin joango gara. 5  Baina Mazedoniatik pasa ondoren, zuek bisitatzera joango naiz, Mazedoniatik pasako naiz eta. 6  Agian denboratxo bat geratuko naiz zuekin edo, beharbada, negu osoa, eta horrela, noan tokirako bidearen zati bat nirekin egin ahal izango duzue. 7  Zeren ez zaituztet handik pasatzean bakarrik ikusi nahi, zuekin denboratxo bat pasatzea espero baitut, Jehobak baimentzen badu. 8  Hala ere, Efeson geratuko naiz Pentekoste Jaira arte, 9  lan gehiago egiteko ate handi bat ireki baitzait, baina etsai asko daude. 10  Timoteo iristen bada, ziurtatu zuen artean dagoen bitartean ez duela inolako beldurrik sentitzen, Jehobaren lana burutzen ari baita, ni bezalaxe. 11  Beraz, ez dezala inork mespretxatu. Emaiozue bere bidea bakean jarraitzeko laguntza nirekin elkartu dadin, anaiekin batera bere zain nago eta. 12  Gure anaia Apolosi, berriz, anaiekin batera zuengana etortzeko eskatu nion behin eta berriz. Bere asmoa ez zen orain joatea, baina aukera daukanean joango da. 13  Segi esna, fedean tinko, izan ausart*, izan indartsu. 14  Egiten duzuen guztia maitasunez egin. 15  Orain, anai-arrebok, zerbait erregutu behar dizuet: badakizue Estefanasen etxekoak Akaiako lehen fruituak direla eta santuen zerbitzura eman dituztela beren buruak. 16  Zuek ere jar zaitezte horrelako pertsonen menpe, eta elkarlanean aritzen direnen eta gogor lan egiten duten guztien menpe. 17  Asko pozten naiz Estefanas, Fortunato eta Akaiko hemen daudelako, zuen hutsunea bete baitute. 18  Izan ere, nire espiritua eta zuena indarberritu dituzte. Beraz, erakutsi horrelako gizonak baloratzen dituzuela. 19  Goraintziak Asiako kongregazioen partetik. Agur bero bat Jaunarengan Akila eta Priska eta beraien etxean dagoen kongregazioaren partetik. 20  Anai-arreba guztiek goraintziak bidaltzen dizkizuete. Agurtu batak bestea muxu santuz. 21  Nik, Paulok, agur hau idazten dizuet neure eskuz. 22  Norbaitek ez badu Jauna estimatzen, madarikatua izan dadila. Zatoz, gure Jauna! 23  Egon dadila zuekin Jesus Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna. 24  Egon dadila nire maitasuna zuek guztiokin Kristo Jesusekin bat eginda.

Oharra

Edo «gizonek bezala jokatu».