Korintoarrei lehena 4:1-21
4 Denek Kristoren laguntzaile* bezala eta Jainkoaren sekretu sakratuen etxezain bezala ikusi behar gintuzkete.
2 Eta etxezainarengandik espero dena, leiala izatea da.
3 Niri oso gutxi inporta zait zuek edo giza auzitegi batek ni epaitzea. Izan ere, ez dut neure burua ere epaitzen.
4 Zeren kontzientzia garbia daukat. Baina horrek ez du esan nahi justua naizenik; epaitzen nauena Jehoba* da.
5 Beraz, ez epaitu ezer garaia baino lehen, Jauna etorri arte. Berak iluntasuneko gauza sekretuak argitara aterako ditu eta bihotzetako intentzioak ezagutzera emango ditu. Orduan, bakoitzak merezi duen gorespena jasoko du Jainkoarengandik.
6 Anai-arrebok, gauza horiek niri buruz eta Apolosi buruz esan ditut zuen onerako, gure ereduaren bidez arau hau ikasi dezazuen: «Ez joan idatzita dauden gauzetatik haratago». Horrela, ez zarete harrokeriaz puztuko, eta ez zarete baten alde eta bestearen kontra jarriko.
7 Zeren, nork egiten zaitu besteengandik ezberdin? Izan ere, zer daukazu jaso ez duzunik? Orduan, jaso baduzu, zergatik harrotzen zara jaso izan ez bazenu bezala?
8 Asetuta al zaudete dagoeneko? Aberatsak al zarete dagoeneko? Gu gabe errege bezala agintzen hasi al zarete? Benetan, nahiko nuke zuek errege bezala agintzen hasi izana, zeren horrela izango balitz, gu ere zuekin errege bezala agintzen ariko ginateke.
9 Zeren uste dut Jainkoak gu, apostoluok, azken tokian jarri gaituela jendaurrean erakusgai, heriotzara kondenatuak diren gizonak bezala. Izan ere, ikuskizun teatrala bihurtu gara munduarentzat, aingeruentzat eta gizakientzat.
10 Gu zentzugabeak gara Kristoren ondorioz, baina zuek zentzudunak zarete Kristorengatik. Gu ahulak gara, baina zuek indartsuak. Zuei ohorea ematen dizuete, baina gu mespretxatu egiten gaituzte.
11 Orain arte gosea eta egarria pasatzen jarraitzen dugu, ez dugu nahiko arroparik*, kolpatu egiten gaituzte*, ez dugu etxerik,
12 eta gogor lan egiten dugu geure eskuekin. Iraintzen gaituztenean, bedeinkatu egiten dugu; pertsegitzen gaituztenean, pazientziaz irauten dugu;
13 kalumniatzen gaituztenean, lasai erantzuten* dugu. Orain arte, jendearentzat munduko zaborra gara, gauza guztien hondakina.
14 Gauza horiek idazten dizkizuet, ez zuek lotsatzeko, baizik eta, nire seme-alaba maiteak zaretenez, zuei aholkatzeko.
15 Izan ere, zuek Kristorengan 10.000 tutore izan arren, benetan ez dituzue aita asko; zeren Kristo Jesusengan ni zuen aita izatera iritsi naiz berri onen bidez.
16 Beraz, ni imitatzeko erregutzen dizuet.
17 Horregatik bidaltzen dizuet Timoteo, Jaunaren zerbitzuan nire seme kuttun eta leiala delako. Berak gogoratuko dizkizue Kristo Jesusekin lotutako nire metodoak*, ni ere leku guztietako kongregazio bakoitzean irakasten ari naizen bezalaxe.
18 Batzuk, zuek bisitatzera joango ez naizela pentsatuz, harrokeriaz puztuta daude.
19 Baina, laster, Jehobak hala nahi badu, zuek bisitatzera joango naiz. Baina ez harrokeriaz puztuta daudenek zer esaten duten jakiteko, beraiek daukaten boterea ezagutzeko baizik.
20 Zeren Jainkoaren Erreinua ez da hitz kontua, botere kontua baizik.
21 Zer nahiago duzue? Zuengana makilarekin joatea edo maitasunarekin eta espiritu lasaiarekin joatea?
Oharra
^ Edo «zerbitzari; menpeko».
^ Lit. «biluzik gaude».
^ Edo «tratu txarrak ematen dizkigute».
^ Lit. «erregutzen».
^ Lit. «bideak».