Korintoarrei lehena 6:1-20

  • Arazo legalak anai-arreba kristauen artean (1-8)

  • Erreinua heredatuko ez dutenak (9-11)

  • «Erabili zeuen gorputzak Jainkoari aintza emateko» (12-20)

    • «Ihes egin sexu moralgabekeriatik!» (18)

6  Zuetako norbaitek beste batekin arazo bat badu, nolatan ausartzen da gizon injustuen aurrean auzitegira joaten? Nolatan ez da santuen aurrera joaten? 2  Ez al dakizue santuek mundua epaituko dutela? Eta zuek, mundua epaitu behar baduzue, ez al zarete oso inportantzia gutxiko kontuak epaitzeko gai? 3  Ez al dakizue guk aingeruak epaituko ditugula? Orduan, zergatik ez bizitza honetako kontuak? 4  Horregatik, bizitza honetako kontuak epaitu behar badituzue, zergatik aukeratzen dituzue epaile bezala kongregazioak mespretxatzen dituen gizonak? 5  Zuek lotsatzeko ari naiz hitz egiten. Ez al dago zuen artean gizon jakintsu bakar bat ere bere anai-arreben artean epaitzeko gai denik? 6  Baina, horren ordez, anaia batek beste anaia bat auzitegira eramaten du, eta sinesgabeen aurrera gainera! 7  Egia esan, dagoeneko porrot egin duzue bata bestearen aurka auzi legaletan ibiltzean. Ez al duzue hobe injustizia jasatea? Ez al duzue hobe iruzurra sufritzea? 8  Baina ez, zuek zarete injustizia eta iruzur egiten duzuenak, eta zuen anaien aurka gainera! 9  Edo ez al dakizue injustuek ez dutela Jainkoaren Erreinua heredatuko? Ez engainatu zeuen buruak*. Sexualki moralgabeak* direnek, idolatrek, adulteroek, homosexualitatea praktikatzen duten gizonek*, 10  lapurrek, kodiziotsuek, mozkorrek, iraintzaileek* eta estortsiogileek ez dute Jainkoaren Erreinua heredatuko. 11  Eta horixe da zuetako batzuk zinetena. Baina garbituak izan zarete, santifikatuak izan zarete; Jesu Kristo Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren espirituarekin justu deklaratuak izan zarete. 12  Dena daukat baimenduta*, baina dena ez da mesedegarria. Dena daukat baimenduta, baina ez diot ezeri ni kontrolatzen* utziko. 13  Janaria sabelarentzat da, eta sabela janariarentzat; baina Jainkoak biak suntsituko ditu. Gorputza ez da sexu moralgabekeriarentzat*, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat. 14  Baina Jainkoak Jauna berpiztu* zuen, eta gu ere hildakoen artetik berpiztuko* gaitu bere boterearen bidez. 15  Ez al dakizue zeuen gorputzak Kristoren gorputzeko atalak direla? Orduan, Kristoren gorputzeko atalak hartu eta horiek prostituta bati elkartu behar ote nizkioke? Ez horixe! 16  Ez al dakizue prostituta batekin elkartzen denak berarekin gorputz bat osatzen duela? Zeren Jainkoak dio: «Biak bat* izango dira». 17  Baina Jaunarekin elkartzen dena, berarekin espiritu bakar bat da. 18  Ihes egin sexu moralgabekeriatik*! Gizakiak egiten duen beste edozein bekatu bere gorputzetik kanpo dago, baina sexu moralgabekeria praktikatzen duenak bere gorputzaren kontra egiten du bekatu. 19  Ez al dakizue zeuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zeuen barruan dagoen espiritu santuaren tenplua dela? Gainera, zuek ez zarete zeuen buruen jabe, 20  zeren prezio bat ordaindu da zuengatik*. Beraz, erabili zeuen gorputzak Jainkoari aintza emateko.

Oharra

Edo «Ez zaitezte engainatzen utzi».
Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Grekoak hemen bi hitz desberdin erabiltzen ditu: bat harreman homosexualetan rol pasiboa duen gizona aipatzeko, eta bestea rol aktiboa duen gizona aipatzeko.
Edo «hitzen bidez abusatzen dutenek».
Edo «dut zilegi».
Edo «ez naiz inolako autoritateren menpe jartzen».
Grekoz, porneia. Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Lit. «altxatu».
Lit. «altxatuko».
Lit. «haragi bakarra».
Grekoz, porneia. Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Edo «ordainduz izan zarete erosiak».