Korintoarrei lehena 8:1-13
8 Hala ere, idoloei eskainitako janariaren inguruan, badakigu denok daukagula ezagutza. Baina ezagutzak harrotu egiten du; maitasunak, berriz, sendotu*.
2 Norbaitek zerbait dakiela uste badu, oraindik ez daki jakin beharko lukeen bezainbeste.
3 Baina norbaitek Jainkoa maite badu, orduan Jainkoak pertsona hori ezagutzen du.
4 Idoloei eskainitako janaria jatearen inguruan, badakigu munduan idolo bat ez dela ezer, eta Jainko bakarra dagoela, besterik ez.
5 Zeren, bai zeruan, bai lurrean, «jainko» deitzen diren asko egon arren —eta egia da, «jainko» asko eta «jaun» asko daudela—,
6 guretzat, berez, Jainko bakarra dago, Aita; berarengandik datoz gauza guztiak eta gu berarentzat existitzen gara. Eta Jaun bakarra dago, Jesu Kristo; beraren bidez existitzen dira gauza guztiak eta gu beraren bidez existitzen gara.
7 Hala ere, guztiek ez dute ezagutza hori. Batzuek, lehen idoloak adoratzen zituztenez, janari hori idolo bati sakrifikatutako zerbait izango balitz bezala jaten dute, eta beraien kontzientzia, ahula denez, kutsatu egiten da.
8 Baina janariak ez gaitu Jainkoarengana gehiago hurbiltzen. Ez gara pertsona okerragoak jaten ez badugu, ezta hobeagoak ere jaten badugu.
9 Baina kontuz ibili, aukeratzeko duzuen eskubidea ez dadila nolabait ahulentzat oztopo* bihurtu.
10 Zeren norbaitek zu —ezagutza duzun hori— idoloen tenplu batean jaten ikusten bazaitu, ez ote da ahula den pertsona horren kontzientzia idoloei eskainitako janaria jatera bultzatuta sentituko?
11 Honela, zure ezagutzagatik ahula den gizona galdu egingo da. Gogoratu: bera zure anaia da eta Kristo berarengatik hil zen.
12 Zuen anai-arreben kontra modu horretan bekatu egiten duzuenean eta beraien kontzientzia ahula kaltetzen duzuenean, Kristoren kontra ari zarete bekatu egiten.
13 Horregatik, janariak nire anaia estropezu egitera eramaten badu, ez dut inoiz ere haragirik berriro jango, horrela ez dut nire anaia estropezu egitera eramango.