Korintoarrei lehena 9:1-27

  • Pauloren eredua apostolu bezala (1-27)

    • «Ez jarri muturrekorik zezenari» (9)

    • «Ai ene, berri onak predikatuko ez banitu!» (16)

    • Paulo mota guztietako jendeari moldatu (19-23)

    • Autokontrola bizia lortzeko lasterketan (24-27)

9  Ez al naiz libre? Ez al naiz apostolu? Ez al dut Jesus gure Jauna ikusi? Ez al zarete zuek Jaunaren zerbitzuan egin dudan lanaren emaitza? 2  Besteentzako apostolu ez banaiz ere, dudarik gabe zuentzat banaiz! Izan ere, Jaunaren apostolu naizela frogatzen duen zigilua zarete zuek. 3  Hau da kritikatzen nautenen aurrean egiten dudan defentsa: 4  Jateko eta edateko eskubidea* dugu, ezta? 5  Guk ere, gainontzeko apostoluek, Jaunaren anaiek eta Zefasek* bezala, emazte sinestun batekin batera* joateko eskubidea daukagu, ezta? 6  Edo Bernabe eta biok al gara geure buruak mantentzeko lan egin behar dugun bakarrak? 7  Ba al dago bere gastuak ordaintzen dituen soldaduren bat? Nork landatzen du mahatsondo bat eta ez du bere fruitutik jaten? Edo nork zaintzen du artalde bat eta ez du artaldearen esnetik pixka bat edaten? 8  Giza ikuspuntutik esaten ari al naiz gauza horiek? Ez al ditu akaso Legeak ere gauza horiek esaten? 9  Zeren Moisesen Legean idatzita dago: «Ez jarri muturrekorik zezenari garia jotzen ari den bitartean». Zezenez bakarrik arduratzen al da Jainkoa? 10  Edo guregatik esan al zen hori? Hori da! Guregatik idatzi zen. Izan ere, goldatzen duen gizonak eta garia jotzen duen gizonak zati bat jasotzeko esperantzarekin egin behar dute. 11  Zuen artean gauza espiritualak erein baditugu, gaizki al dago zuengandik laguntza materiala jasotzea? 12  Beste batzuek hori eskatzeko eskubidea badute, ez al dugu guk askoz ere eskubide handiagoa? Baina guk ez dugu eskubide* hori erabili, baizik eta gauza guztiak jasan ditugu Kristori buruzko berri onei oztoporik ez jartzeko. 13  Ez al dakizue eginkizun sakratuetan aritzen diren gizonek tenpluko gauzak jaten dituztela? Edota erregularki aldarean zerbitzatzen dutenek aldarean eskaintzen denetik zati bat jasotzen dutela? 14  Era berean ere, berri onak zabaltzen dituztenak berri onetatik bizitzeko agindu zuen Jaunak. 15  Baina ni ez naiz horietako laguntza bakar batez ere aprobetxatu. Izan ere, ez dizkizuet gauza horiek idazten zuengandik zerbait nahi dudalako, zeren nahiago nuke hil hori egitea baino. Inork ez dit harrotzeko arrazoi hori kenduko! 16  Berri onak zabaltzen baditut, ez daukat harrotzeko arrazoirik, nire obligazioa baita. Ai ene, berri onak predikatuko ez banitu! 17  Hori gogo onez egiten badut, sari bat izango dut; baina nire nahiaren kontra egiten badut ere, dena dela, eman didaten ardura* da. 18  Orduan, zein da nire saria? Berri onak predikatzen ditudanean dohainik egin ahal izatea, berri onak predikatzeak ematen didan autoritateaz* ez abusatzeko. 19  Gizon librea naizen arren, guztien esklabo egin naiz ahalik eta jende gehien irabazi ahal izateko. 20  Juduekin, judu bezalakoa egin naiz juduak irabazteko. Legepean daudenekin, legepean daudenak bezalakoa egin naiz legepean daudenak irabazi ahal izateko —ni legepean ez egon arren—. 21  Legerik gabe daudenekin, legerik gabe daudenak bezalakoa egin naiz legerik gabe daudenak irabazteko —nahiz eta ni Jainkoaren aurrean legerik gabe ez egon, baizik eta Kristoren aurrean legepean egon—. 22  Ahulekin, ahul egin naiz ahulak irabazteko. Denetarik izatera iritsi naiz mota guztietako jendearentzat, ahal dudan guztia eginez batzuk salbatu ahal izateko. 23  Baina gauza guztiak berri onengatik egiten ditut, besteekin konpartitzeko. 24  Ez al dakizue lasterketa batean, nahiz eta korrikalari guztiek egin korrika, batek bakarrik jasotzen duela saria? Beraz, irabazteko moduan egin korrika. 25  Lehiaketa batean parte hartzen duten guztiek* autokontrola erakusten dute gauza guztietan. Noski, beraiek zimeltzen den koroa bat jasotzeko egiten dute, baina guk zimeltzen ez den bat jasotzeko egiten dugu. 26  Beraz, korrika egiten dut, baina ez helbururik gabe. Ukabilkadak ematen ditut, baina ez aireari. 27  Horren ordez, nire gorputza kolpatzen* dut eta esklabo egiten dut, horrela, besteei predikatu ondoren, nolabait baztertua* izan ez nadin.

Oharra

Lit. «autoritatea».
Pedro ere deitua.
Edo «arreba bat emazte bezala edukita».
Lit. «autoritate».
Edo «etxezaintza».
Edo «eskubideaz».
Edo «atleta guztiek».
Edo «zigortzen; gogor diziplinatzen».
Edo «deskalifikatua».