Korintoarrei Bigarrena 12:1-21
12 Harrotu beharra daukat. Ez du ezertarako balio, baina Jaunaren naturaz gaindiko ikuskari eta errebelazioei buruz hitz egingo dizuet.
2 Kristorekin bat eginda dagoen gizon bat ezagutzen dut, orain dela 14 urte —ez dakit gorputzean edo gorputzetik kanpo; hori Jainkoak daki— hirugarren zerura eramana izan zena.
3 Bai, gizon hori ezagutzen dut —ez dakit gorputzean edo gorputzetik kanpo; hori Jainkoak daki—
4 eta paradisura eramana izan zen, eta azaldu ezin diren hitzak entzun zituen, gizon bakar batek ere esatea baimenduta ez dituen hitzak.
5 Gizon horretaz harrotuko naiz; baina neure buruaz, ordea, neure ahuleziez bakarrik harrotuko naiz.
6 Harrotu nahiko banu ere, ez nintzateke zentzugabea izango, zeren egia esaten ariko nintzateke. Baina ez dut harrotu nahi, horrela, inork ez dit niregan ikusten duena edo niregandik entzuten duena baino meritu gehiago emango
7 errebelazio harrigarri hauek jaso ditudalako bakarrik.
Harrokeriaz ez betetzeko, haragian arantza bat jaso nuen, Satanasen aingeru bat, zaplaztekoak eman eta eman* ari zaidana. Horrela, ez naiz harrokeriaz beteko.
8 Hiru aldiz erregutu nion Jaunari arantza hori kentzeko.
9 Baina berak esan zidan: «Nire merezigabeko eskuzabaltasuna nahikoa da zuretzat, zeren nire boterea ahulezian agertzen da bete-betean*». Beraz, gogo onez harrotuko naiz nire ahuleziez, horrela, Kristoren botereak nire gain jarraitu dezan denda bat bezala.
10 Beraz, asko pozten nau Kristorengatik ahuleziak izateak, irainak jasotzeak, beharra pasatzeak, eta pertsekuzioa eta zailtasunak sufritzeak. Zeren ahul naizenean, orduan naiz boteretsu.
11 Zentzugabe bihurtu naiz. Zuek behartu nauzue, zuek gomendatu behar ninduzuelako. Izan ere, ezer ez naizen arren, erakutsi dut ez naizela ezertan zuen «superapostolu» horiek baino gutxiago.
12 Izan ere, iraupen handiz apostolu baten seinaleak erakutsi nizkizuen, eta mirariak*, gauza harrigarriak eta ekintza boteretsuak egin nituen.
13 Orduan, zein zentzutan izan duzue zuek beste kongregazioek baino abantaila gutxiago? Ez nintzelako zuentzat zama bat izan? Ba, barkatu nire akatsa.
14 Begira! Zuek bisitatzera joateko prest nagoen hirugarren aldia da, baina ez naiz zama bat izango. Zeren ez ditut nahi zuek dituzuen gauzak; zuek nahi zaituztet. Izan ere, seme-alabek ez dute gurasoentzat aurreztu behar, baizik eta gurasoek seme-alabentzat.
15 Eta nik, dudan guztia oso gustura gastatuko dut, eta zuengatik guztiz gastatuko naiz. Nik zuek hainbeste maite bazaituztet, zuek ni gutxiago maitatzea merezi al dut?
16 Dena dela, ez nintzen zama bat izan. Hala ere, «azeria» izan nintzela eta «tranpen bidez» engainatu zintuztedala esaten duzue.
17 Zuei bidali nizkizuenetako baten bat erabiliz, zuetaz aprobetxatu nintzen akaso?
18 Titori erregutu nion zuek bisitatzeko, eta berarekin batera beste anaia bidali nuen. Tito ez zen zuetaz inolaz ere aprobetxatu, ezta? Espiritu bera erakutsi dugu, ezta? Urrats berdinei jarraitu diegu, ezta?
19 Denbora guzti honetan zuen aurrean gure defentsa aurkezten ari garela pentsatu al duzue? Jainkoaren aurrean ari gara hitz egiten, Kristorekin bat eginda. Hala ere, anai-arreba maiteak, egiten dugun guztia zuek sendotzeko* da.
20 Zeren beldur naiz, nolabait, iristen naizenean ez ote zaituztedan nik nahi bezala aurkituko, eta ni ez ote naizen zuen gustukoa izango. Beldur naiz ez ote diren zuen artean liskarrak, jeloskorkeria, haserreak, eztabaidak, kalumnia, txutxu-mutxuak, harrokeria eta istiluak egongo.
21 Berriro joaten naizenean, agian nire Jainkoak zuen aurrean umiliatuko nau, eta triste jarri beharko naiz lehenago bekatu egin zutenengatik eta zikinkeria, sexu moralgabekeria* eta jokabide lotsagabea* praktikatu ondoren damutu ez direnengatik.
Oharra
^ Edo «kolpatu eta kolpatu».
^ Edo «perfekzionatzen da».
^ Lit. «seinaleak».
^ Edo «eraikitzeko; edifikatzeko».