Eginak 1:1-26

  • Teofilori zuzendutako hitzak (1-5)

  • Lekukoak lurraren azken txokoraino (6-8)

  • Jesus zerura igo (9-11)

  • Dizipuluak elkarturik (12-14)

  • Judas ordezkatzeko Matias aukeratua (15-26)

1  Lehenengo liburuan, ene Teofilo, Jesus egiten eta irakasten hasi zen guztiari buruz idatzi nuen, 2  hain zuzen, zerura eramana izan zen egunera arte egin zituenak; berak aukeratutako apostoluei, espiritu santuaren bidez instrukzioak eman eta gero izan zen eramana. 3  Sufritu ondoren, bizirik zegoela erakutsi zien apostoluei froga argi asko emanez. 40 egunetan zehar ikusi zuten eta Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiten aritu zen. 4  Beraiekin bilduta zegoela, hau agindu zien: «Ez atera Jerusalemetik. Segi itxaroten Aitak promestutakoari, nik esan nizuenari. 5  Zeren Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek espiritu santuz bataiatuak izango zarete egun gutxi barru». 6  Orduan, elkartu zirenean, galdetu zioten: «Jauna, orain al da Israelen erreinua berriro ezarriko duzun garaia?». 7  Jesusek esan zien: «Aitak bakarrik dauka denbora edo garaiak zeintzuk izango diren erabakitzeko eskubidea*; zuek ez duzue jakin beharrik. 8  Hala ere, espiritu santua zuen gain etortzen denean, indarra jasoko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea eta Samaria osoan, eta lurraren azken txokoraino*». 9  Hau esan ondoren, haien begien aurrean gorantz eramana izan zen. Orduan, hodei batek Jesus haien begi bistatik ezkutatu zuen. 10  Eta joaten ari zela, zerura begira-begira zeuden bitartean, bat-batean, zuriz jantzitako bi gizon agertu ziren beraien ondoan. 11  Orduan, esan zieten: «Galileako gizonak, zergatik zaudete zerura begira? Zuekin zegoen Jesus hau, zerura eramana izan dena, zerura joaten ikusi duzuen modu berean etorriko da». 12  Gero, Oliamenditik Jerusalemera itzuli ziren. Mendi hau Jerusalemetik, gutxi gorabehera, kilometro* batera dago bakarrik. 13  Ostatu hartu zuten etxera iritsi zirenean, goiko gelara igo ziren. Pedro, Joan, Santiago eta Andres, Felipe eta Tomas, Bartolome eta Mateo, Santiago —Alfeoren semea—, Simon Gogotsua* eta Judas —Santiagoren semea— zeuden. 14  Hauek guztiak gogo batez otoitzean ari ziren etengabe. Hauekin batera beste emakume batzuk zeuden, baita Jesusen anaiak eta ama Maria ere. 15  Egun haietako batean, 120 anai-arreba inguru zeuden bilduta. Orduan, Pedro zutik jarri eta esan zuen: 16  «Gizonak, anaiok, espiritu santuak Dabiden bidez Judasi buruzko profezia bat eman zuen Idazkietan, eta beharrezkoa zen hitz horiek betetzea. Judas hau, Jesus atxilotu zutenen gidaria izan zen. 17  Izan ere, gure taldekoa zen, eta gurekin batera zerbitzatzeko aukeratua izan zen. 18  (Gizon honek traizioaren diruarekin soro bat erosi zuen eta, buruz behera eroriz, gorputza lehertu* eta hesteak atera zitzaizkion. 19  Berri hau Jerusalemeko biztanle guztiek jakin zuten eta, horregatik, beraien hizkuntzan soro horri Hakeldama deitzen diote, hau da, «Odol Soro».) 20  Hain zuzen ere, hau dago idatzita Salmoen liburuan: “Gera dadila bere etxea hutsik, eta ez dadila inor han bizi”, eta “Hartu dezala beste batek bere arduradun kargua”. 21  Beraz, beharrezkoa da Jesus Jauna gure artean lanean aritu zen denbora guztian gurekin ibilitako gizonetako bat aukeratzea, 22  Joanek Jesus bataiatu zuenetik gure artetik eramana izan zen egunera arte gurekin ibilitakoa. Gizon honek Jesusen berpizkundearen testigantza eman beharko du gurekin batera». 23  Beraz, bi proposatu zituzten: Jose —Barsabas deitua eta Justo izenez ere ezaguna— eta Matias. 24  Gero, otoitz egin zuten, esanez: «Jehoba*, guztion bihotzak ezagutzen dituzu. Erakutsi bi gizon hauetako zein aukeratu duzun 25  zerbitzu hau betetzeko eta apostolu izateko, zeren Judasek kargu hori utzi egin zuen bere bidea hartzeko». 26  Orduan, zotz egin zuten eta Matias izan zen aukeratua, eta 11 apostoluen taldean sartu zuten.

Oharra

Edo «autoritatea».
Edo «bazter urruneneraino».
Lit. «Larunbateko bidaia». Hau da, juduek Larunbatean bidaiatu zezaketen distantzia.
Lit. «Kananaikoa». Grekoz «Zelote». Bi kasuetan gogotsua zela esan nahi du.
Edo «erditik lehertu».