Eginak 10:1-48
10 Bazen Zesarean Kornelio izeneko armadako ofizial* bat, Italika deitzen zen soldadu taldekoa*.
2 Debozioz beteriko gizona zen, eta bera eta bere etxeko guztiek Jainkoari errespetu handia* zioten. Asko laguntzen zien behartsuei* eta Jainkoari etengabe erregutzen zion.
3 Arratsaldeko hirurak aldera*, ikuskari batean, argi eta garbi ikusi zuen Jainkoaren aingeru bat berarengana hurbiltzen eta esaten: «Kornelio!».
4 Kornelio izuturik, begira-begira gelditu zitzaion eta galdetu zion: «Zer da, Jauna?». Erantzun zion: «Zure otoitzak eta behartsuei eman diezun laguntza Jainkoarengana igo dira eta berak gogoan ditu.
5 Beraz, bidali gizon batzuk Jopera Simon izeneko gizon bat, Pedro ere deitua, ekartzeko.
6 Simon larruginaren etxean geratzen ari da, itsasertzean».
7 Hitz egin zion aingerua joan bezain pronto, Korneliok bere laguntzaileen artetik bi zerbitzari eta debozioz beteriko soldadu bat deitu zituen.
8 Guzti-guztia kontatu zien eta Jopera bidali zituen.
9 Hurrengo egunean, bidean zihoazela, eta hiritik hurbil zeudela, Pedro etxeko terrazara igo zen otoitz egitera eguerdiko hamabiak aldera*,
10 baina asko gosetu zen eta zerbait jan nahi izan zuen. Janaria prestatzen zuten bitartean, ikuskari hau izan zuen:
11 Zerua zabalik ikusi zuen, eta lihozko maindire* handi baten antzeko zerbait lau muturretatik zintzilik lurreraino jaisten;
12 gainean, lurretik dabiltzan lau hankako animaliak, narrastiak eta zeruan dabiltzan hegaztiak zituen, mota guztietakoak.
13 Orduan, ahots batek esan zion: «Altxa, Pedro, hil eta jan!».
14 Baina Pedrok esan zuen: «Ezta pentsatu ere, Jauna. Ez dut sekula zikin edo kutsatua den ezer jan».
15 Ahotsak bigarren aldiz hitz egin zion, esanez: «Ez segi Jainkoak garbitu dituen gauzei zikin deitzen».
16 Hirugarren aldiz gauza bera gertatu zen, eta segituan maindirea zerura itzuli zen.
17 Ikuskariaren esanahiari buruz pentsatzean, Pedro zer egin ez zekiela geratu zen. Bitartean, Korneliok bidalitako gizonak Simonen etxea non zegoen galdezka aritu ziren eta, dagoeneko, atean zeuden.
18 Deitu eta Simon, Pedro izenez ere ezaguna, han geratzen ari ote zen galdetu zuten.
19 Pedro oraindik ikuskarian pentsatzen ari zela, espirituak esan zion: «Begira! Hiru gizon zutaz galdezka ari dira.
20 Beraz, altxa, behera jaitsi eta joan beraiekin. Ez egin dudarik, nik bidali ditut eta».
21 Orduan Pedro gizonengana jaitsi eta esan zien: «Hemen nago, ni naiz bilatzen ari zaretena. Zerk ekarri zaituzte hona?».
22 Erantzun zioten: «Kornelio izena duen armadako ofizial baten partetik gatoz, gizon zuzena eta Jainkoari errespetu handia* diona; juduen nazio guztiak oso ondo hitz egiten du berari buruz. Aingeru santu batek Jainkoaren instrukzioak eman dizkio. Zu etxera gonbidatzeko eta esan behar diozuna entzuteko esan dio».
23 Beraz, Pedrok sartzera eta berarekin geratzera gonbidatu zituen.
Hurrengo egunean, jaiki eta beraiekin joan zen. Jopeko anaia batzuk ere berarekin joan ziren.
24 Egun bat beranduago, Zesareara iritsi zen. Kornelio, noski, beraien zain zegoen, familia eta lagun minak berarekin elkartuta zituela.
25 Pedro iristean, Kornelio hurbildu eta bere oinetara eroriz, makurtu egin zen*.
26 Baina Pedrok altxatu egin zuen, esanez: «Jarri zutik. Ni ere gizaki hutsa naiz».
27 Berarekin hitz egiten zuen bitartean, etxera sartu eta jende asko ikusi zuen bilduta.
28 Esan zien: «Ongi dakizue judu batentzat beste nazio bateko gizon batekin tratua edukitzea edo berarengana hurbiltzea legearen kontrakoa dela. Baina Jainkoak erakutsi dit ez diodala inori zikin edo kutsatu deitu behar.
29 Horregatik, nire bila joan direnean, oztoporik jarri gabe etorri naiz. Beraz, esan, zertarako deitu nauzue?».
30 Korneliok esan zuen: «Duela lau egun, ordu honetantxe, arratsaldeko hiruretan*, otoitzean ari nintzen. Bat-batean arropa distiratsuz jantzitako gizon bat agertu zen nire aurrean,
31 eta esan zidan: “Kornelio, Jainkoak zure otoitzak entzun ditu, eta gogoan du behartsuei eman diezun laguntza.
32 Beraz, bidali norbait Jopera Simonen, Pedro ere deituaren, bila. Gizon hau Simon larruginaren etxean geratzen ari da, itsasertzean”.
33 Segituan bidali nuen norbait zure bila, eta asko eskertzen dizugu etorri izana. Beraz, hemen gaude denak Jainkoaren aurrean, Jehobak esateko agindu dizuna entzuteko prest».
34 Hau entzutean, Pedro hitz egiten hasi zen, esanez: «Oraintxe ulertzen dut benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten*.
35 Izan ere, errespetu handia* diotenak eta ondo jokatzen dutenak onartzen ditu, zein naziotakoak diren axola gabe.
36 Israeldarrei bakearen berri onak bidali zizkien Jesu Kristoren bidez. Bera da guztien Jauna.
37 Badakizue zertaz hitz egiten zen Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu zuen bataioaren ondoren:
38 Nazareteko Jesusi buruz hitz egiten zen. Jainkoak espiritu santuz gantzutu zuen eta boterea eman zion. Horrela, lurraldean zehar gauza onak egiten eta Deabruaren erruz sufritzen zuten guztiak sendatzen joan zen.
39 Eta juduen herrialdean eta Jerusalemen egin zituen gauza guztien lekuko gara gu. Baina hil egin zuten zutoin* batean zintzilikatuz.
40 Jainkoak hirugarren egunean berpiztu* zuen eta jendearen aurrean* agertzen utzi zion,
41 baina ez herri guztiaren aurrean, baizik eta Jainkoak aldez aurretik aukeratu zituen lekukoen aurrean, hau da, gure aurrean, hildakoen artetik berpiztu zenean berarekin jan eta edan genuenon aurrean.
42 Gainera, herriari predikatzeko eta testigantza osoa* emateko agindu zigun, bera dela Jainkoak biziak eta hilak epaitzeko izendatu duena esanez.
43 Profeta guztiek berari buruz hitz egin zuten eta, hauen arabera, berarengan fedea jartzen duten guztiek, bere izenaren bidez, bekatuen barkamena jasoko dute».
44 Pedro oraindik gauza hauei buruz hitz egiten ari zela, espiritu santua jaitsi zen mezua entzuten ari ziren guztiengan.
45 Nazioetako jendea ere espiritu santuaren oparia jasotzen ari zela ikusita, Pedrorekin etorritako fededun* zirkunzidatuak txunditurik geratu ziren.
46 Izan ere, beste hizkuntza batzuetan hitz egiten eta Jainkoa goresten entzuten zituzten. Orduan, Pedrok esan zuen:
47 «Pertsona hauek espiritu santua jaso dute guk bezalaxe. Beraz, nork esan dezake ezin direla uretan bataiatu?».
48 Orduan, Jesu Kristoren izenean bataiatu zitzatela agindu zuen. Gero, egun batzuk geratzeko eskatu zioten.
Oharra
^ Edo «zenturioi». Hau da, erromatar armadan 100 soldaduren kargu zegoen ofiziala.
^ 600 soldaduk osatzen zuten armadako taldea.
^ Edo «Erruki opari asko ematen zituen herriarentzat».
^ Lit. «Bederatzigarren orduan».
^ Lit. «seigarren orduan».
^ Edo «izara; mihise».
^ Edo «omendu egin zuen».
^ Lit. «bederatzigarren orduan».
^ Edo «Jainkoa ez dela partziala».
^ Edo «zuhaitz».
^ Lit. «altxatu».
^ Edo «begi-bistan».
^ Edo «erabateko testigantza».
^ Edo «leial; sinestedun».