Eginak 11:1-30
11 Apostoluek eta Judean zeuden anaiek nazioetako jendeak ere Jainkoaren hitza onartu zuela entzun zuten.
2 Beraz, Pedro Jerusalemera igo zenean, zirkunzisioaren aldekoak bera kritikatzen* hasi ziren.
3 Esaten zioten: «Zirkunzidatu gabeko gizonen etxean sartu zara eta beraiekin jan duzu».
4 Orduan, Pedro gertatutakoa zehatz-mehatz kontatzen hasi zitzaien:
5 «Jopeko hirian otoitz egiten ari nintzela, ikuskari bat izan nuen. Lihozko maindire* handi baten antzeko zerbait ikusi nuen zerutik jaisten, lau muturretatik zintzilik, eta niregana iritsi zen.
6 Begira-begira geratu nintzenean, honen gainean lurreko lau hankako animaliak, basapiztiak, narrastiak eta zeruko hegaztiak ikusi nituen.
7 Hau esaten zidan ahots bat ere entzun nuen: “Altxa, Pedro, hil eta jan!».
8 Baina esan nion: “Inola ere ez, Jauna. Ez dut behin ere zikin edo kutsatua den ezer ahoan sartu”.
9 Bigarren aldiz, zeruko ahotsak esan zuen: “Utzi Jainkoak garbitu dituen gauzei zikin deitzeari”.
10 Hau hirugarren aldiz gertatu ondoren, guztia zerura itzuli zen.
11 Momentu horretan, Zesareatik nire bila bidalitako hiru gizon iritsi ziren gu geunden etxera.
12 Orduan, espirituak dudarik ez egiteko eta beraiekin joateko esan zidan. Sei anaia hauek ere nirekin etorri ziren eta Kornelioren etxean sartu ginen.
13 «Bere etxean aingeru bat ikusi zuela kontatu zigun, eta esan ziola: “Bidali gizon batzuk Jopera Simon, Pedro ere deitua, ekartzeko,
14 eta berak esango dizu nola salbatu zaitezketen zu eta zure etxekoak”.
15 Baina hitz egiten hasi nintzenean, espiritu santua jaitsi zen beraiengana, hasieran gurekin gertatu zen bezalaxe.
16 Momentu hartantxe gogoratu nuen Jaunak nola esaten zuen: “Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek espiritu santuz bataiatuak izango zarete”.
17 Jainkoak guri, Jesu Kristo Jaunarengan sinetsi dugunoi, emandako opari bera eman zien. Beraz, nor nintzen ni Jainkoari aurka egiteko*?».
18 Hau entzutean, trabak jartzeari utzi zioten*, eta Jainkoa goretsi zuten esanez: «Orduan, nazioetako jendeak bizia jaso dezan, Jainkoak damutzeko aukera eman dio».
19 Estebanen hilketaren ondoren sortu zen pertsekuzioarengatik sakabanatuak izan zirenak, Fenizia, Zipre eta Antiokiaraino iritsi ziren, baina juduei bakarrik predikatzen zieten mezua.
20 Hala ere, Zipre eta Zireneko gizon batzuk Antiokiara joan ziren eta grekoz hitz egiten zuen jendeari predikatzen hasi ziren, Jesu Kristo Jaunaren berri onak emanez.
21 Are gehiago, Jehobaren eskua beraiekin zegoen, eta askok sinetsi zuten, eta Jaunarengana bihurtu ziren.
22 Jerusalemeko kongregazioak gauza hauen berri izan zuenean, Bernabe bidali zuten Antiokiara.
23 Iristean eta Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna ikusi zuenean, poz-pozik jarri zen eta Jaunari bihotz-bihotzez leialak izaten jarraitzera animatu zituen denak,
24 gizon ona baitzen, espiritu santuz eta fedez betea. Eta jendetza handi bat hasi zen Jaunarengan sinesten.
25 Orduan, Tarsora joan eta toki guztietan Sauloren bila ibili zen.
26 Aurkitu zuenean, Antiokiara eraman zuen. Urtebetez elkartu ziren kongregazioarekin eta jende askori irakatsi zioten. Jainkoaren gidari esker, Antiokian eman zitzaien lehen aldiz Kristau izena dizipuluei.
27 Egun haietan, profeta batzuk jaitsi ziren Jerusalemetik Antiokiara.
28 Haietako bat, Agabo izenekoa, altxatu egin zen eta, espirituaren bidez, lur* osoan gosete handi bat egongo zela aurresan zuen. Eta halaxe gertatu zen Klaudioren garaian.
29 Beraz, dizipuluek Judean bizi ziren anai-arrebei laguntza* bidaltzea erabaki zuten, bakoitzak ahal zuen neurrian.
30 Eta horixe egin zuten; Bernabe eta Sauloren bidez, adindunei laguntza bidali zieten.
Oharra
^ Edo «berarekin eztabaidan».
^ Edo «izara; mihise».
^ Edo «Jainkoaren bidean oztopoak jartzeko».
^ Lit. «isildu egin ziren».
^ Edo «biztanleak dituen lur».
^ Edo «laguntza ministerio bat».