Eginak 13:1-52

  • Bernabe eta Saulo misiolari bidaliak (1-3)

  • Zipren predikatu (4-12)

  • Pauloren hitzaldia Pisidiako Antiokian (13-41)

  • Nazioetara joateko agindu profetikoa (42-52)

13  Antiokiako kongregazioan profetak eta irakasleak zeuden: Bernabe, Simeon —Beltza* deitzen zutena—, Zireneko Luzio, Manaen —Herodes agintariaren ikaskidea izandakoa—, eta Saulo. 2  Jehoba zerbitzatu* eta barau egiten zuten bitartean, espiritu santuak esan zuen: «Bernabe eta Saulo deitu ditut lan jakin batetarako. Bereiz itzazue niretzat». 3  Barau eta otoitz egin ondoren, eskuak gainean ezarri zizkieten eta bidali egin zituzten. 4  Beraz, gizon hauek, espiritu santuak bidalita, Seleuziara jaitsi ziren eta handik Ziprera abiatu ziren itsasontziz. 5  Beraz, Salaminara iritsi zirenean, juduen sinagogetan Jainkoaren hitza predikatzen hasi ziren. Joan ere beraiekin zuten laguntzaile bezala. 6  Uharte osoa zeharkatuz, Pafoseraino iritsi zirenean, Barjesus izeneko gizon judu batekin egin zuten topo. Gizon hau aztia eta profeta faltsua zen, 7  eta Sergio Paulo prokontsularekin* egoten zen. Agintari hau gizon argia zen eta, Jainkoaren hitza entzuteko irrikaz zegoenez, Bernabe eta Saulori deitu zien. 8  Baina Elimas aztia (hori esan nahi baitu bere izenak) kontra egiten hasi zitzaien, prokontsula fedetik aldendu nahian. 9  Orduan, Saulok, Paulo ere deituak, espiritu santuz beterik, aztiari begira-begira geratu, 10  eta esan zion: «Iruzurti halakoa, gaiztakeriaz betea, deabrukumea, zuzena den guztiaren etsaia! Noiz utziko diozu Jehobaren bide zuzenak okertzeari? 11  Begira! Jehobaren eskua zure gainean dago eta itsu geratuko zara. Denbora batez ez duzu eguzkiaren argia ikusiko». Momentu hartantxe, laino itxia eta iluntasuna erori ziren bere gainera, eta eskutik eramango zuen norbaiten bila ibili zen inguruan. 12  Gertatutakoa ikustean, prokontsula sinesten hasi zen, Jehobaren irakaspenekin zeharo harrituta baitzegoen. 13  Paulo eta bere bidelagunak Pafosen itsasoratu eta Panfiliako Pergara iritsi ziren. Baina Joanek utzi egin zituen eta Jerusalemera itzuli zen. 14  Hala ere, bidaia jarraitu zuten, eta Pergatik atera eta Pisidiako Antiokiara iritsi ziren. Han, Larunbatez sinagogan sartu eta eseri egin ziren. 15  Legearen eta Profeten irakurketa publikoaren ondoren, sinagogako buruek norbait bidali zuten Paulo eta Bernaberi honakoa eskatzera: «Anaiok, herria animatzeko zerbait esan nahi baduzue, aurrera». 16  Orduan, Paulo altxatu eta eskuarekin keinuak eginez, esan zuen: «Israelgo gizonok eta Jainkoari errespetu handia* diozuen beste guztiok, entzun. 17  Herri honen, Israelen, Jainkoak gure arbasoak aukeratu zituen. Egiptoko lurraldean atzerritarrak zirela, herria boteretsu bihurtu zuen, eta bere beso indartsuz* atera zituen handik. 18  Gero, 40 bat urtez basamortuan jasan zituen. 19  Kanaan lurraldeko zazpi nazio suntsitu ondoren, haien lurrak eman zizkien herentzian. 20  Hau dena 450 bat urtetan zehar gertatu zen. «Ondoren, epaileak eman zizkien Samuel profetaren garaia iritsi arte. 21  Baina gero, errege bat eskatu zuten eta Jainkoak 40 urtez eman zien Saul, Kixen semea, Benjaminen tribukoa. 22  Saul kendu eta gero, Dabid jarri zuen errege, eta berari buruz testigantza eman zuen esanez: “Dabid, Jeseren semea, nire bihotzaren atsegineko aurkitu dut. Nik nahi dudan guztia egingo du”. 23  Promestu zuen bezalaxe, gizon honen ondorengoengandik Jainkoak salbatzaile bat ekarri dio Israeli: Jesus. 24  Hau etorri baino lehen, damua erakusteko bataiatu beharra zegoela predikatu zuen Joanek Israel herri osoaren aurrean. 25  Baina bere zerbitzua bukatzear zegoela, Joanek esan zuen: “Nor naizela uste duzue? Ni ez naiz itxaroten ari zaretena, baina jakin ezazue nire ondoren datorrela; eta ez naiz inor bere sandaliak askatzeko ere”. 26  «Anaiok, Abrahamen ondorengo zaretenak, eta Jainkoari errespetu handia* diozuen gainontzekoak: guri bidali zaigu salbamen mezu hau. 27  Egia da Jerusalemeko biztanleek eta beraien agintariek ez zutela salbatzaile hau onartu. Baina, hala ere, epaitu zutenean, larunbatero ozen irakurtzen diren Profeten hitzak bete zituzten, 28  eta bera hiltzeko arrazoirik ez aurkitu arren, Pilatori exekutatzeko eskatu zioten. 29  Berari buruz idatzitako guztia bete zutenean, zutoinetik* jaitsi eta hilobi batean jarri zuten. 30  Baina Jainkoak hildakoen artetik berpiztu* zuen, 31  eta berarekin Galileatik Jerusalemera igotakoen aurrean agertu zen egun askotan zehar. Hauek bere lekuko dira orain herriaren aurrean. 32  «Beraz, Jainkoak gure arbasoei egindako promesari buruzko berri onak predikatzen dizkizuegu. 33  Jainkoak, Jesus berpiztean, guztiz bete du promesa hori guretzat, bere seme-alabontzat. Hala dago idatzita bigarren salmoan: “Zu nire semea zara; gaur iritsi naiz zure aita izatera”. 34  Jainkoak hildakoen artetik berpiztu egin zuen, eta ez zion inoiz usteldu daitekeen gorputzik berriro emango. Hori ziurtatzeko honakoa esan zuen: “Zuentzat gordeko dut Dabidi promestutako maitasun leiala, promesa guztiz fidagarria”. 35  Beste salmo batek ere honakoa dio: “Ez duzu zure zerbitzari leialaren gorpua usteltzen utziko”. 36  Dabidek Jainkoa zerbitzatu zuen* bere belaunaldian zehar eta, hiltzean, bere arbasoekin hilobiratu zuten, eta bere gorpua usteldu egin zen. 37  Jainkoak berpiztu* zuenaren gorpua, berriz, ez zen usteldu. 38  «Anaiok, jakin ezazue orduan, bekatuen barkamena gizon honen heriotzari esker dela posible. Horixe da zuei esaten ari garena. 39  Moisesen Legeak ezin zintuzten errugabe egin, baina gizon honen heriotzari esker, Jainkoak errugabe deituko die sinesten duten guztiei. 40  Beraz, kontuz ibili Profeten liburuetan esandako hau zuei ez gertatzeko: 41  “Burlaka ari zaretenak, begiratu, harritu eta hil. Norbaitek zehatz-mehatz azaldu arren, ezin izango baituzue inoiz sinetsi zuen garaian egiten ari naizena”». 42  Handik ateratzen ari zirela, jendeak hurrengo Larunbatean ere gauza hauei buruz hitz egiteko erregutu zien. 43  Sinagogako bilera bukatu zenean, Jainkoa adoratzen zuten judu eta judu berri* asko Paulo eta Bernaberen atzetik joan ziren. Bi hauek beraiekin hitz egin zuten, eta Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna jasotzen jarraitzera animatu zituzten. 44  Hurrengo Larunbatean ia hiri osoa bildu zen Jehobaren hitza entzuteko. 45  Juduek jendetzak ikusi zituztenean, oso jeloskor jarri eta, blasfemiak esanez, Paulok esaten zuenaren kontrakoa esaten hasi ziren. 46  Orduan, Paulo eta Bernabek ausardiaz esan zieten: «Beharrezkoa zen Jainkoaren hitza lehenengo zuei predikatzea, baina baztertu duzuenez eta ez duzuenez uste betirako bizitzea merezi duzuenik, nazioetako jendearengana goaz. 47  Jehobak hori egiteko agindu baitigu hitz hauekin: “Nazioen argi izendatu zaitut salbamena lurraren azken txokoraino eramateko”». 48  Nazioetakoek hau entzun zutenean, asko pozten eta Jehobaren* hitza goraipatzen hasi ziren, eta betirako bizitzeko jarrera egokia zutenak sinesten hasi ziren. 49  Gainera, Jehobaren hitza lurralde osoan zehar zabaltzen joan zen. 50  Baina juduek Jainkoari errespetu handia* zioten emakume ospetsuei burua berotu zieten, baita hiriko gizon inportanteei ere. Paulo eta Bernaberen aurkako pertsekuzioa eragin zuten eta beraien lurraldetik bota zituzten. 51  Horregatik, Paulo eta Bernabe, beraien oinetako hautsa haien aurka astinduta, Ikoniora joan ziren. 52  Eta dizipuluek pozez eta espiritu santuz beterik jarraitu zuten.

Oharra

Lit. «Niger».
Edo «publikoki zerbitzatu».
Probintzia bateko erromatar gobernaria. Ikusi Glosarioa.
Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
Lit. «altxatuaz».
Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
Edo «zuhaitzetik».
Lit. «altxatu».
Edo «Jainkoaren borondatea egin zuen».
Lit. «altxatu».
Lit. «proselito». Ikusi Glosarioa, proselito.
Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.