Eginak 17:1-34
17 Gero, Anfipolis eta Apoloniatik pasa ondoren, Tesalonikara iritsi ziren. Han, juduen sinagoga bat zegoen.
2 Paulo, ohitura zuenez, sinagogan sartu zen, eta hiru larunbatez beraiekin arrazoitu zuen Idazkiak erabiliz.
3 Kristok sufritu eta hildakoen artetik berpiztu behar zuela azaltzen zien eta, hori frogatzeko, pasarteak erabiltzen zituen. Esaten zien: «Predikatzen dizuedan Jesus hau, horixe da Kristo».
4 Ondorioz, judu batzuek sinetsi egin zuten, eta Paulo eta Silasekin elkartu ziren. Gauza bera egin zuten Jainkoa adoratzen zuen greziar talde handi batek eta emakume inportante askok.
5 Baina juduak jeloskor jarri ziren, eta merkatu plazan alferkerian ibiltzen ziren gizon gaizto batzuk bildu zituzten. Orduan, hirian istiluak sortzeko asmotan, jende mordoa pilatu zuten. Jasonen etxea eraso zuten, eta Paulo eta Silasen bila ibili ziren jendetzaren aurrera ateratzeko.
6 Aurkitu ez zituztenez, Jason eta beste anaia batzuk eraman zituzten arrastaka hiriko agintarien aurrera, eta oihukatu zuten: «Toki guztietan bazterrak nahasten* dituzten hauek honaino ere iritsi dira,
7 eta Jasonek bere etxean hartu ditu. Gizon guzti hauek Zesarren aginduen aurka ari dira, beste errege bat badela esanez, Jesus».
8 Hau entzutean, jendea eta hiriko agintariak izutu egin ziren;
9 eta Jason eta besteak fidantza ordaintzera behartu ondoren, joaten utzi zituzten.
10 Segituan, gau hartan bertan, anaiek Bereara bidali zituzten Paulo eta Silas. Iristean, juduen sinagogara joan ziren.
11 Bereako juduek Tesalonikakoek baino interes handiagoa zuten ikasteko, irrika handiz onartu baitzuten hitza. Eta Idazkiak kontu handiz aztertzen zituzten egunero, entzundakoa egia ote zen jakiteko.
12 Beraz, haietako batzuek sinetsi egin zuten. Gauza bera gertatu zen emakume greziar errespetagarri askorekin eta gizon batzuekin.
13 Baina Tesalonikako juduek Paulo Berean ere Jainkoaren hitza predikatzen ari zela jakin zutenean, jende artean iskanbila eta nahaspila sortzera etorri ziren.
14 Horregatik, anaiek berehala Paulo itsasorantz bidali zuten, baina Silas eta Timoteo han geratu ziren.
15 Hala ere, Paulori bidaian laguntzera joan zirenek Atenaseraino eraman zuten. Gero, itzultzean, Silas eta Timoteorentzat agindu hau eraman zuten: lehenbailehen Paulorekin elkartu zitezela.
16 Paulo Atenasen beraien zain zegoela, hiria idoloz beteta zegoela ikustean, amorruz bete zen.
17 Beraz, sinagogan juduekin eta Jainkoa adoratzen zuten beste batzuekin arrazoitzen hasi zen, eta gauza bera egiten zuen egunero merkatu plazan zeudenekin.
18 Baina filosofo epikurear eta estoiko batzuk berarekin eztabaidatzen hasi ziren. Batzuek esaten zuten: «Zer esan nahi ote du berritsu honek?». Beste batzuek, berriz: «Atzerriko jainkoei buruz predikatzen duela ematen du». Hori esaten zuten Paulok Jesusi eta berpizkundeari buruzko berri onak predikatzen zituelako.
19 Orduan, hartu eta Areopagora eraman zuten. Galdetu zioten: «Jakin al dezakegu zer den zabaltzen ari zaren irakaspen berri hau?
20 Guretzat bitxiak diren gauzei buruz hitz egiten ari zara, eta zer esan nahi duten jakin nahiko genuke».
21 Izan ere, atenastarrek eta han zeuden kanpotarrek* gauza berriak kontatu eta entzun besterik ez zuten egiten beraien denbora librean.
22 Paulo, orduan, Areopagoaren erdian zutik jarri eta esan zuen:
«Atenaseko gizonok, gauza guztietan besteak baino erlijiozaleagoak zaretela* ikusten dut.
23 Adibidez, paseatzen ari nintzela, adoratzen dituzuen gauzei arretaz begiratzen aritu naiz, eta honako hau idatzita zuen aldare bat ikusi dut: “Jainko Ezezagunari”. Ba, ezagutu gabe adoratzen duzuen horri buruz ari naiz ni hitz egiten.
24 Mundua eta bertan dauden gauza guztiak egin zituen Jainkoa, zeru-lurren Jauna da, eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi.
25 Ez du eskatzen giza eskuen zerbitzurik, ez baitu ezeren beharrik; izan ere, bera da gizaki guztiei bizia, arnasa eta gauza guztiak ematen dizkiena.
26 Gizon bakar batengandik giza nazio guztiak sortu zituen lur osoa betetzeko. Gainera, finkatutako garaiak ezarri zituen eta gizakiak nondik nora biziko ziren erabaki zuen.
27 Hori guztia Jainkoa bilatu dezaten egin zuen itsuka bada ere, eta benetan aurkitu dezaten. Izan ere, ez dago gutako bakoitzarengandik urruti.
28 Zeren berari esker bizi, mugitu eta existitzen gara. Zuen poeta batzuek esan duten bezala: “Gu ere bere seme-alabak gara”.
29 «Beraz, Jainkoaren seme-alabak garenez, ez dugu pentsatu behar Izaki Jainkotiarra urrea, zilarra edo harria bezalakoa denik, gizakien arte eta diseinuaren emaitza izango balitz bezala.
30 Egia da, Jainkoak ez ditu kontuan hartu ezjakintasun garai haiek, baina orain, jende guztiari, toki guztietan, damutu behar duela esaten ari zaio.
31 Izan ere, egun bat jarri du berak aukeratutako gizon baten bidez lurra justiziaz epaitzeko, eta gizaki guztiei garantia bat eman die gizon hori hildakoen artetik berpiztuz».
32 Hildakoen berpizkundeari buruz entzun zutenean, batzuk Paulori barre egiten hasi ziren, baina beste batzuek esan zioten: «Beste batean ere entzungo dizugu horri buruz».
33 Paulok, orduan, alde egin zuen.
34 Baina gizon batzuk berarekin elkartu ziren, eta sinetsi egin zuten. Hauen artean Dionisio —Areopagoko auzitegiko epailea— eta Damaris izeneko emakume bat zeuden, baita beste batzuk ere.
Oharra
^ Edo «arazoak sortzen».
^ Edo «bisitariek».
^ Edo «jainkoei besteek baino beldur handiagoa diezuela».