Eginak 18:1-28
18 Honen ondoren, Atenas utzi eta Korintora iritsi zen.
2 Han, Akila izeneko judu bat aurkitu zuen, jaiotzez Pontokoa. Bere emazte Priszilarekin batera Italiatik iritsi berria zen, Klaudio enperadoreak judu guztiei Erromatik alde egiteko agindu baitzien. Beraz, beraiengana joan zen,
3 eta lanbide bera zutenez, beraien etxean geratu zen eta elkarrekin egin zuten lan; beraien lanbidea kanpadendak egitea zen.
4 Larunbatero sinagogan hitzaldi bat ematen* zuen, eta juduak eta greziarrak konbentzitzen zituen.
5 Baina Silas eta Timoteo Mazedoniatik iritsi ondoren, Paulo buru-belarri dedikatu zen hitza predikatzera, juduei Jesus benetan Kristo dela frogatuz.
6 Baina bere kontra jarri eta iraindu egin zuten. Orduan Paulok bere arropako hautsa astindu eta esan zien: «Zuek zarete zuen heriotzaren erantzuleak*, ni ez naiz erruduna. Hemendik aurrera nazioetako jendearengana joango naiz».
7 Orduan, sinagogatik alde egin eta Jainkoa adoratzen zuen gizon baten etxean sartu zen. Honek Tizio Justo izena zuen eta bere etxea sinagogaren ondoan zegoen.
8 Krispok —sinagogako buruzagiak— eta bere etxeko guztiek Jaunarengan sinetsi zuten, eta mezua entzun zuten korintoar askok sinetsi eta bataiatu egin ziren.
9 Gainera, gau batean, Jaunak Paulori ikuskari batean esan zion: «Ez izan beldur. Segi hitz egiten eta ez isildu,
10 zurekin bainago. Inork ez dizu min emateko eraso egingo; nigan sinetsiko duen jende asko dut hiri honetan».
11 Beraz, urte eta erdi eman zuen han, Jainkoaren hitza hauei irakasten.
12 Galion Akaiako prokontsula* zenean, juduak Paulo erasotzeko elkartu ziren, eta epaitegira eraman zuten,
13 esanez: «Gizon hau jendea konbentzitzen saiatzen ari da, Jainkoa legearen kontrako modu batean adoratzeko».
14 Baina Paulo hitz egitear zegoela, Galionek esan zien juduei: «Juduok, oker edo delitu handia izango balitz, arrazoizkoa izango litzateke zuei pazientziaz entzutea.
15 Baina eztabaida hauek zuen hitz, izen eta legeari buruzkoak baldin badira, hor konpon zuek. Nik ez dut gauza hauetan epaile izan nahi».
16 Orduan, epaitegitik bota zituen.
17 Beraz, denek Sostenesi —sinagogako buruzagiari— heldu eta epaitegiaren aurrean jotzen hasi ziren. Baina Galionek ez zuen, inondik inora, kontu horietan sartu nahi izan.
18 Hala ere, Paulok egun batzuk pasa zituen han. Gero, anai-arrebei agur esan ondoren, Siriarantz itsasoratu zen Priszila eta Akilarekin batera. Boto bat egina zuenez, ilea motz-motz moztu zuen Zenkreasen.
19 Efesora iritsi zirenean, hantxe utzi zituen. Gero, sinagogara sartu eta juduekin arrazoitzen hasi zen.
20 Nahiz eta denbora gehiago geratzeko eskatzen zioten, ez zuen geratu nahi izan.
21 Baina agurtzean esan zien: «Jehobak nahi badu, itzuliko naiz». Eta Efeson itsasoratu
22 eta Zesareara jaitsi zen. Orduan, handik igo* eta kongregazioa agurtu zuen. Gero, Antiokiara jaitsi zen.
23 Han denboratxo bat pasa ondoren, bidaian atera zen berriro eta Galazia eta Frigian barrena ibili zen toki batetik bestera dizipulu guztiak animatzen.
24 Orduan, Apolos izeneko judu bat —izatez Alexandriakoa— iritsi zen Efesora. Hizlari bikaina zen, eta oso ongi ezagutzen zituen Idazkiak.
25 Jehobaren bidean irakatsi* zitzaion eta, espirituari esker, gizon sutsua zen. Jesusi buruz zehaztasunez hitz egin eta irakasten zuen, baina Joanen bataioa bakarrik ezagutzen zuen.
26 Ausardia osoz hitz egiten hasi zen sinagogan, eta Priszila eta Akilak entzun ziotenean, beraiekin hartu eta Jainkoaren bidea are zehatzago azaldu zioten.
27 Gainera, Akaiara joan nahi zuenez, anaiek dizipuluei idatzi zieten Apolos ondo hartzeko eskatuz. Hara iristean, izugarri lagundu zien Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker sinetsi zutenei.
28 Izan ere, jende guztiaren aurrean eta gogo handiz, juduei oker zeudela frogatzen zien argi eta garbi, Idazkien bidez Jesus benetan Kristo dela erakusten baitzien.
Oharra
^ Edo «beraiekin arrazoitzen».
^ Lit. «Egon dadila zuen buruen gain zuen odola».
^ Dirudienez Jerusalemera.
^ Edo «ahoz irakatsi».