Eginak 2:1-47
2 Pentekoste Jaiaren egunean, denak toki berean zeuden bilduta.
2 Eserita zeudela, bat-batean soinu handi bat entzun zen zerutik, haize-bolada zakar bat bezalakoa, eta etxe osoan entzun zen.
3 Orduan, su antzeko mihiak ikusi zituzten, eta hauek sakabanatu egin ziren eta bakoitzaren gainean kokatzen hasi.
4 Den-denak espiritu santuz bete ziren eta hizkuntza desberdinetan hitz egiten hasi ziren, bakoitza espirituak ematen zion hitz egiteko gaitasunaren arabera.
5 Egun haietan, debozio handiko juduak zeuden Jerusalemen, mundu osoko nazio guztietakoak.
6 Beraz, soinu hura entzun zenean, jende asko bildu zen han. Harrituta gelditu ziren, izan ere, bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten entzuten zien dizipuluei.
7 Bai, zeharo txundituta zeuden, eta esaten zuten: «Hau izugarria da! Hitz egiten ari diren guztiak Galileakoak dira, ezta?
8 Orduan, nola da posible gutako bakoitzak gure ama hizkuntza entzutea?
9 Gure artean partiarrak, mediarrak eta elamdarrak daude; mesopotamiarrak, judearrak eta kapadoziarrak, pontoarrak eta Asiako probintziakoak,
10 frigiarrak eta panfiliarrak, egiptoarrak eta Zirenetik gertu dagoen Libiako eskualdekoak; Erromatik etorritako bisitariak, bai juduak baita judu berriak* ere;
11 kretarrak eta arabiarrak. Guztiok entzuten ditugu Jainkoaren gauza zoragarriei buruz gure hizkuntzetan hitz egiten».
12 Bai, denak harrituta zeuden, zer pentsa ez zekitela, batak besteari esanez: «Zer da hau?».
13 Beste batzuek, berriz, beraiei barre egiten zieten*, esanez: «Ardo gozoz* bete-bete eginda daude».
14 Baina Pedro Hamaika apostoluekin batera zutik jarri zen, eta ahots ozenez jendeari esan zion: «Judeako gizonak eta Jerusalemeko biztanle guztiak, entzun adi-adi nire hitzak eta jakin ezazue hau:
15 Pertsona hauek ez daude mozkortuta zuek uste bezala, goizeko bederatziak* besterik ez dira eta.
16 Ez, Joel profetaren bidez esan zena ari da hemen gertatzen:
17 “‘Eta azken egunetan’ dio Jainkoak, ‘nire espirituaren parte bat isuriko dut pertsona mota guztiengan; zuen seme-alabek profetizatu egingo dute, zuen gazteek ikuskariak izango dituzte eta adinekoek ametsak.
18 Egun horietan, nire espirituaren parte bat isuriko dut nire morroi eta neskameengan ere, eta profetizatu egingo dute.
19 Goian, zeruan, gauza harrigarriak egingo ditut, eta behean, lurrean, mirariak*: odola, sua eta ke-lainoak egongo dira.
20 Jehobaren egun handi eta paregabea etorri baino lehen, eguzkia ilundu egingo da, eta ilargia odola bezain gorri bihurtuko da.
21 Eta Jehobaren* izenari dei egiten* dion edonor salbatua izango da’”.
22 «Israelgo gizonok, entzun hitz hauek: Dakizuen bezala, Jesus Nazaretarra Jainkoak bidali zuen. Beraren bidez, Jainkoak ekintza boteretsu eta harrigarriak burutu eta mirariak* egin zituen.
23 Gizon hau, pertsona maltzurren bidez, zutoinean iltzatu eta hil egin zenuten. Hori Jainkoaren borondateagatik eta Jainkoak berak aldez aurretik jakinda gertatu zen.
24 Baina Jainkoak berpiztu eta heriotzatik* askatu zuen, ezinezkoa baitzen heriotzarentzat hura menpean edukitzea.
25 Izan ere, Dabidek honakoa dio berari buruz: “Beti dut Jehoba nire pentsamenduetan*, nire eskuinean baitago inoiz ezerk astindu ez nazan.
26 Horregatik daukat alai bihotza eta poz-pozik mingaina. Esperantzarekin biziko naiz,
27 zeren ez nauzu* Hilobian* abandonatuko, eta ez duzu zure zerbitzari leialaren gorpua usteltzen utziko ere.
28 Bizirako bideak erakutsi dizkidazu. Zure aurrean* egotean alaitasun handiz beteko nauzu”.
29 «Anaiok, mesedez, utzidazue argi eta garbi hitz egiten gure patriarka Dabidi buruz. Hil zenean, hilobiratu egin zuten, eta bere hilobia gaur egun ere gurekin dugu.
30 Jainkoak bere ondorengoetako bat bere tronuan eseriko zuela zin egin zion. Dabidek hau jakinda eta profeta izanda,
31 aurrez ikusi zuen Kristoren berpizkundea eta honi buruz hitz egin zuen, Hilobian* ez zela abandonatua izango eta bere gorpua ez zela ustelduko esan zuenean.
32 Jesus hau Jainkoak berpiztu zuen, eta gu guztiok gara honen lekuko.
33 Beraz, Jainkoaren eskuinera goratua izan denez, eta Aitarengandik promestutako espiritu santua jaso duenez, ikusten eta entzuten duzuena isuri du.
34 Izan ere, Dabid ez zen zerura igo, baina hala ere honakoa dio: “Jehobak nire Jaunari esan zion: ‘Eseri nire eskuinaldean
35 zure etsaiak oinen azpian* jartzen dizkizudan arte’”.
36 Beraz, Israel herriko inork ez dezala zalantzarik izan Jainkoak Jesus hau Jaun eta Kristo egin zuela, zuek zutoinean exekutatu duzuen Jesus hau».
37 Hau entzun zutenean, min-ziztada handia sentitu zuten bihotzean, eta Pedro eta beste apostoluei esan zieten: «Anaiok, zer egin behar dugu?».
38 Pedrok esan zien: «Zuen bekatuak barkatuak izateko, damutu eta Jesu Kristoren izenean bataiatu. Orduan espiritu santuaren oparia* jasoko duzue.
39 Izan ere, promesa hori zuentzat, zuen seme-alabentzat eta urrun dauden guztientzat da, Jehoba gure Jainkoak deituko dituen guztientzat».
40 Eta beste hitz asko erabiliz, testigantza osoa* eman zien, eta aholkatu zien: «Salba zaitezte belaunaldi gaizto honetatik».
41 Pedroren hitzak pozik onartu zituztenak bataiatu egin ziren eta egun hartan 3.000 pertsona inguru gehitu ziren dizipuluen taldera.
42 Eta apostoluengandik ikasten, elkarrekin egoten* eta jaten, eta otoitz egiten jarraitu zuten.
43 Gainera, jende guztia beldurra sentitzen hasi zen, eta apostoluak gauza harrigarri eta mirari* asko egiten hasi ziren.
44 Sinesten hasi ziren guztiak elkarrekin zeuden eta zeukaten guztia konpartitzen zuten.
45 Beraien lur eta ondasunak saltzen zituzten, eta ateratako dirua bakoitzaren beharren arabera banatzen zuten.
46 Intentzio berarekin biltzen ziren egunero-egunero tenpluan. Etxe desberdinetan jaten zuten, eta janaria poz-pozik eta bihotz-bihotzez konpartitzen zuten,
47 Jainkoa goretsiz eta jende guztiaren estimua irabaziz. Eta Jehobak, egunero-egunero, salbatzen ari zirenak dizipuluen taldera gehitzen jarraitu zuen.
Oharra
^ Edo «trufatzen ziren».
^ Edo «Ardo berriz».
^ Lit. «hirugarren ordua».
^ Lit. «seinaleak».
^ Edo «laguntza eskatzen».
^ Lit. «seinaleak».
^ Lit. «heriotzaren minetik». Edo agian «heriotzaren lokarrietatik».
^ Edo «nire begi aurrean».
^ Edo «ez duzu nire arima».
^ Edo «Zure aurpegi aurrean».
^ Edo «oin aulki bezala».
^ Edo «doako oparia».
^ Edo «erabateko testigantza».
^ Edo «gauzak konpartitzen; gauzak partekatzen».
^ Lit. «seinale».