Eginak 20:1-38
20 Istilua baretu zenean, Paulok dizipuluei deitu zien. Hauek animatu ondoren, agur esan eta Mazedoniara abiatu zen.
2 Lurralde horietan barrena ibili ondoren, eta hango dizipuluei hitz animagarri asko esan eta gero, Greziara iritsi zen.
3 Hiru hilabete eman zituen han, baina Siriarantz itsasoratzear zegoela, juduek bere aurka konspiratu zuten. Horregatik, Mazedoniatik barrena itzultzea erabaki zuen.
4 Hauek joan ziren berarekin: Sopatro —Bereako Pirroren semea—, Tesalonikako Aristarko eta Segundo, Derbeko Gaio, Timoteo eta Asiako probintziako Tikiko eta Trofimo.
5 Gizon hauek gure aurretik joan ziren eta Troasen zain genituen.
6 Baina gu, berriz, Legamia Gabeko Ogien Jaiaren ondoren itsasoratu ginen Filipotik eta, handik bost egunetara, Troasen elkartu ginen. Han zazpi egun eman genituen.
7 Asteko lehen egunean jateko elkartu ginen. Hurrengo egunean joan behar zenez, Paulo han zeudenei hitz egiten hasi zitzaien, eta hitzaldia gauerdira arte luzatu zuen.
8 Beraz, lanpara asko zeuden elkartuta geunden goiko gelan.
9 Eutiko izeneko gazte bat leihoan eserita zegoen eta, Paulo hitz egiten ari zen bitartean, lo seko geratu zen. Orduan, hirugarren pisutik behera erori eta hilda altxatu zuten.
10 Paulo eskaileretan behera jaitsi, bere gainean etzan eta besarkatu egin zuen, eta esan zuen: «Lasai, bizirik dago».
11 Gero, Paulo gora igo, ogia zatitu eta jaten hasi zen. Denbora luzez jarraitu zuen hizketan, egunsentira arte. Ondoren, martxan jarri zen.
12 Mutila, berriz, bizirik eraman zuten etxera eta denak pozez gainezka zeuden*.
13 Gu, orduan, itsasontzira igo eta Asosera joan ginen, baina Paulo oinez joan zen. Berak eskatu zigun bezala, han jaso behar genuen.
14 Asosera iritsi zenean, gurekin elkartu zen. Orduan, itsasontzira igo eta Mitilenera abiatu ginen.
15 Biharamunean, handik itsasoratu eta Kios parera iritsi ginen. Hurrengo egunean, Samosen geldialditxo bat egin eta, egun bat beranduago, Miletora iritsi ginen.
16 Paulok Efeson ez gelditzea erabaki zuen, horrela Asiako probintzian denborarik ez galtzeko. Izan ere, Jerusalemera iristeko presaka zebilen, ahal bazen, Pentekoste Jaian han egoteko.
17 Hala ere, Miletotik Efesora mezu bat bidali zuen kongregazioko adindunei deitzeko.
18 Etorri zirenean, esan zien: «Ondo dakizue nolako bizimodua eraman dudan Asiako probintzia zapaldu nuen egunetik.
19 Jaunarentzat apaltasun osoz egin dut lan morroi bezala, eta juduen konspirazioen ondorioz, malko artean gorriak ikusi ditut*.
20 Hala ere, ez dizuet zuen onerako den ezer ezkutatu; publikoki eta etxez etxe irakatsi dizuet.
21 Gainera, testigantza osoa* eman diet, bai juduei, bai greziarrei, damutu, Jainkoarengana itzuli eta Jesus Jaunarengan fedea izan behar dutela esanez.
22 Eta orain, espirituak bultzatuta Jerusalemera noa, han zer gertatuko zaidan ez jakin arren.
23 Hau bakarrik dakit: hiriz hiri espiritu santuak behin eta berriz esaten didala kartzela eta zailtasunak daudela nire zain.
24 Baina niretzat nire bizia ez da inportantea*; inporta duena nire ibilaldia eta Jesus Jaunarengandik jaso dudan zerbitzua bukatzea da: Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunaren berri onei buruzko testigantza osoa* ematea.
25 «Begira! Jainkoaren Erreinua predikatu dizuet, baina badakit zuetako inork ez nauela berriro ikusiko.
26 Horregatik, gaur honen lekuko izateko deitzen zaituztet: ez naiz inoren heriotzaren* erantzule,
27 zeren ez dizuet ezer ezkutatu; Jainkoaren nahia* oso-osorik azaldu dizuet.
28 Argi ibili zeuen buruarekin eta artalde osoa zaindu, zeren espiritu santuak honen arduradun izendatu zaituzte, Jainkoaren kongregazioaren artzain izateko; kongregazio hau Jainkoak bere Semearen odolaz erosi zuen.
29 Badakit ni joandakoan otso basatiak* sartuko direla zuen artera, eta ez dutela artaldea goxo-goxo tratatuko.
30 Eta zuen artetik egia okertuko duten gizonak aterako dira, dizipuluak beraien atzetik eramateko.
31 «Beraz, esna mantendu eta gogoratu hiru urtez, gau eta egun, zuetako bakoitzari, malko artean, etengabe aholku ematen aritu naizela.
32 Eta orain, babestu zaitzatela Jainkoak eta bere merezigabeko eskuzabaltasunaren mezuak. Mezu honek sendotu eta santifikatuak izan direnen artean herentzia eman ahal dizue.
33 Ez dut inoren zilarrik, urrerik edota arroparik nahi izan.
34 Ongi dakizue esku hauekin nire beharrak eta ingurukoenak asetzeko lan egin dudala.
35 Gauza guztietan gogor lan eginez ahulei lagundu behar diezuela erakutsi dizuet. Gogoan izan behar dituzue Jesus Jaunaren hitz hauek: “Zoriontsuago izango zara ematean, jasotzean baino”».
36 Eta hau dena esan ondoren, guztiekin belaunikatu eta otoitz egin zuen.
37 Bai, denek negarrari eman zioten eta Paulori besarkadak* eta muxuak ematen hasi ziren.
38 Oso triste zeuden, bereziki berriro ikusiko ez zutela esan zielako. Gero, itsasontziraino lagundu zioten.
Oharra
^ Edo «izugarrizko kontsolamendua jaso zuten».
^ Edo «asko sufritu dut».
^ Edo «erabateko testigantza».
^ Edo «nire biziak ez du baliorik».
^ Edo «erabateko testigantza».
^ Lit. «odolaren»
^ Edo «aholkua; asmoa».
^ Edo «zapaltzaileak».
^ Lit. «Pauloren lepora bota ziren».