Eginak 23:1-35
23 Sanedrinari begira-begira jarriz, Paulok esan zuen: «Anaiok, Jainkoaren aurrean kontzientzia guztiz garbiarekin jokatu dut gaur arte».
2 Hau entzutean, Ananias apaiz nagusiak Paulori ahoan jotzeko agindu zien bere ondoan zeudenei.
3 Orduan, Paulok esan zion: «Jainkoak zu joko zaitu, horma zuritu* hori. Legearen arabera ni epaitzeko esertzen zara eta, aldi berean, Legea hausten duzu ni jotzeko aginduz?».
4 Bere ondoan zeudenek esan zioten: «Nola ausartzen zara Jainkoaren apaiz nagusia iraintzen?».
5 Paulok orduan: «Anaiok, ez nekien apaiz nagusia zenik. Idatzita baitago: “Ez iraindu zure herriko agintaririk”».
6 Paulok bazekienez Sanedrineko batzuk saduzearrak zirela, eta beste batzuk fariseuak, oihukatu zuen: «Anaiok, ni fariseua naiz, fariseuen semea. Hildakoen berpizkundean esperantza dudalako izaten ari naiz epaitua».
7 Hori esan zuenean, eztabaida sortu zen fariseu eta saduzearren artean, eta biltzarra zatitu egin zen.
8 Izan ere, saduzearrek berpizkunderik, aingerurik eta espiriturik ez dagoela esaten dute; fariseuek, berriz, denak onartzen* dituzte.
9 Sekulako iskanbila sortu zen, eta fariseuen alderdiko lege maisu batzuk altxatu eta gogor esaten hasi ziren: «Ez dugu okerrik aurkitzen gizon honengan. Eta espiritu edo aingeru batek hitz egin badio, zer?».
10 Liskarra gero eta handiagoa zenez, komandante militarra Paulo txikituko zuten beldur zen. Horregatik, soldaduei jaisteko, Paulo handik ateratzeko eta soldaduen kuartelera eramateko agindu zien.
11 Hurrengo gauean, Jauna ondoan agertu zitzaion Paulori eta esan zion: «Izan ausarta! Jerusalemen niri buruzko testigantza osoa* eman duzun bezala, Erroman ere halaxe egin behar duzu».
12 Eguna argitu zuenean, juduek konspiratu egin zuten eta Paulo hil arte ez zutela ez jango eta ez edango zin egin zuten.
13 Konspirazio horretan parte hartzeko asmotan, 40 gizon baino gehiagok egin zuten zin.
14 Gizon hauek apaizburu eta adindunengana joan eta esan zuten: «Zin eginez hitzeman dugu ez dugula ezer jango Paulo hiltzen ez dugun bitartean.
15 Beraz, galdera gehiago egiteko aitzakiarekin, Sanedrinarekin batera eskatu komandante militarrari Paulo zuengana jaisteko. Baina, iritsi baino lehen, prest egongo gara hura akabatzeko».
16 Baina Pauloren ilobak —bere arrebaren semeak— azpijokoaren berri izan zuen, eta soldaduen kuartelean sartu eta Paulori kontatu zion.
17 Orduan, Paulok armadako ofizial bati deitu eta esan zion: «Eraman gazte hau komandante militarrarengana; zerbait esan behar dio».
18 Beraz, armadako ofizialak gaztea hartu eta komandante militarrarengana eraman zuen, esanez: «Paulo presoak deitu nau, eta gaztea zuregana ekartzeko eskatu dit; zuri esateko zerbait omen du».
19 Komandante militarrak gaztea eskutik hartuta aparte eraman eta galdetu zion: «Zer duzu niri esateko?».
20 Esan zion: «Juduak ados jarri dira bihar Paulo Sanedrinera jaitsi dezazun eskatzeko, galdera gehiago egiteko aitzakiarekin.
21 Baina zuk ez sinetsi. 40 gizon baino gehiago daude bera harrapatzeko prest, eta zin egin dute ez dutela ezer jango, ez edango, Paulo hiltzen duten arte. Eta dagoeneko prest daude zure baimenaren zain».
22 Beraz, komandante militarrak gazteari joaten utzi aurretik agindu zion: «Ez esan inori honi buruz nirekin hitz egin duzunik».
23 Orduan, armadako bi ofiziali deitu eta esan zien: «Gaueko bederatzietarako* eduki itzazue prest oinezko 200 soldadu, baita 70 zaldizko eta 200 lantzari ere, Zesareara joateko.
24 Prestatu zaldiak ere Paulo eramateko eta Felix gobernariaren eskuetan bizirik eta onik uzteko».
25 Eta gutun bat idatzi zuen honako hau esanez:
26 «Klaudio Lisiasek Bere Gorentasun Felix Gobernariari: Jaso nire agurrak!
27 Juduak gizon hau harrapatu eta hiltzera zihoazen, baina erromatarra zela jakin nuenean, segituan, nire soldaduekin joan eta salbatu egin nuen.
28 Eta zertaz salatzen zuten jakin nahian, beraien Sanedrinaren aurrera jaitsi nuen.
29 Beraien Legearen inguruko kontuengatik salatzen zutela ikusi nuen, baina ez zuten heriotza edo kartzela merezi duen ezertaz salatzen.
30 Baina gizon honen aurka konspirazio bat dagoela jakinarazi didatenez, segituan bidali dut zuregana, eta salatzaileei salaketak zure aurrean aurkezteko agindu diet».
31 Beraz, soldadu hauek, aginduak jarraituz, Paulo hartu eta Antipatrisera eraman zuten gauez.
32 Hurrengo egunean, zaldizkoek Paulorekin jarraitu zuten bidea eta gainontzeko soldaduak kuartelera itzuli ziren.
33 Zaldizkoak Zesarean sartu, gobernariari gutuna eman eta Paulo bere aurrean aurkeztu zuten.
34 Orduan, gobernariak gutuna irakurri ondoren, Paulo zein probintziakoa zen galdetu eta Ziliziakoa zela jakin zuen.
35 «Adi-adi entzungo dut auzia zure salatzaileak iristean», esan zuen. Eta Herodesen jauregian* zaintzapean jartzeko agindu zuen.
Oharra
^ Edo «hipokrita».
^ Edo «publikoki aitortzen».
^ Edo «erabateko testigantza».
^ Lit. «hirugarren ordurako».
^ Edo «jauregi pretoriarrean».