Eginak 24:1-27

  • Pauloren aurkako salaketa (1-9)

  • Pauloren defentsa Felixen aurrean (10-21)

  • Pauloren auzia bi urtez atzeratua (22-27)

24  Bost egun beranduago, Ananias apaiz nagusia adindun batzuekin eta Tertulo izeneko hizlari* batekin jaitsi zen Zesareara, eta gobernariari Pauloren aurkako kasua aurkeztu zioten. 2  Deitu ziotenean, Tertulok bere salaketa hasi zuen, Felixi esanez: «Zuri esker bake ederraz gozatzen dugu eta, zentzu onez agintzen duzunez, aurrerapenak daude nazio honetan. 3  Beti eta nonahi gure esker ona adierazten dugu gauza guzti hauengatik, Felix Gorentasun hori! 4  Baina denbora asko kendu nahi ez dizudanez, entzun gaitzazu, arren, unetxo batean, bereizten zaituen bihotz onarekin. 5  Gizon honek bazter guztiak nahasten dituela* ikusi dugu. Lur osoko juduen artean matxinadak bultzatzen ari da eta nazaretarren sektako buru da. 6  Gainera, tenplua profanatzen saiatu zen, eta horregatik atxilotu genuen. 7 * —— 8  Galdeketa egiten diozunean, esaten ari garena egia dela ikusiko duzu». 9  Juduek ere salaketa honekin bat egin zuten, dena egia zela esanez. 10  Orduan, gobernariak Paulori buruarekin keinu bat egin zion hitz egiteko baimena emanez, eta honek esan zuen: «Badakit urte askoz nazio honetan epaile izan zarela. Horregatik, gogo onez hitz egingo dut nire defentsan. 11  Zuk zeuk egiaztatu dezakezu Jerusalemera Jainkoa adoratzera igo nintzenetik 12 egun besterik ez direla pasa; 12  eta ez naute tenpluan inorekin eztabaidan ikusi, ezta sinagogetan edo hirian jendea aztoratzen aurkitu ere. 13  Gainera, ezin dizkizute frogatu oraintxe bertan nire aurka egiten ari diren salaketak. 14  Baina aitortzen dizut, beraiek sekta deitzen duten bide hau jarraituz, nire arbasoen Jainkoari zerbitzu sakratua ematen diodala, Legean eta Profetetan idatzitako guztia sinesten baitut. 15  Eta Jainkoarengan esperantza daukat, gizon hauek daukaten esperantza bera, berpizkunde bat egongo dela, bai justuena, baita injustuena* ere. 16  Horregatik, Jainkoaren eta gizonen aurrean kontzientzia garbia* izaten saiatzen naiz beti. 17  Urte askoren ondoren, nire naziokoei dohaintzak* ekartzera eta Jainkoari sakrifizioak eskaintzera etorri nintzen. 18  Zeremonialki garbi nengoen tenpluan gauza hauek egiten aurkitu nindutenean. Ez nengoen jende askorekin eta ez nintzen iskanbilarik sortzen ari. Baina han Asiako probintziako judu batzuk zeuden, 19  eta nire kontra zerbait izango balute, hemen egon beharko lukete, zure aurrean, ni salatzeko. 20  Bestela, hemen dauden gizonek esan dezatela zer oker aurkitu zidaten Sanedrinaren aurrean egon nintzenean. 21  Izatekotan, beraien erdian nengoenean hau oihukatzeaz salatu nazakete: “Hildakoen berpizkundean esperantza dudalako izaten ari naiz gaur zuen aurrean epaitua!”». 22  Hala ere, Felixek Bidearekin zerikusia zuen guztia ondo ezagutzen zuenez, auzia atzeratu zuen, esanez: «Lisias komandante militarra jaisten denean, orduan hartuko dut zuen auziari buruzko erabaki bat». 23  Orduan, armadako ofizial bati Paulo atxilotuta mantentzeko agindu zion, baina askatasun pixka bat emanez, eta Pauloren adiskideei bera laguntzera joatea debekatu gabe. 24  Egun batzuk beranduago, Felix judua zen bere emaztearekin, Drusilarekin, etorri zen. Paulori deitu eta Kristo Jesusengan sinesteak zer esan nahi duen azaltzen entzun zion. 25  Baina Paulok justiziaz, autokontrolaz eta etorriko den epaiketaz hitz egin zuenean, Felix beldurtu egin zen, eta esan zion: «Oraingoz joan zaitezke, baina aukera dudanean deituko dizut berriro». 26  Aldi berean, Felixek Paulok dirua emango ziola espero zuen. Hori zela eta, gero eta gehiagotan deitzen zion eta berarekin hitz egiten zuen. 27  Bi urte pasa ondoren, Portzio Festok Felix ordezkatu zuen, baina Felixek juduekin ondo geratu nahi zuenez, Paulo preso utzi zuen.

Oharra

Edo «abokatu».
Lit. «Gizon hau izurrite bat dela».
Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
Ikusi Glosarioa, zuzentasun.
Edo «akatsik gabekoa».
Edo «erruki opariak; donazioak».