Eginak 26:1-32

  • Pauloren defentsa Agriparen aurrean (1-11)

  • Paulok bere konbertsioa nola gertatu zen kontatu (12-23)

  • Festo eta Agriparen erantzunak (24-32)

26  Orduan, Agripak esan zion Paulori: «Zure alde hitz egiteko baimena duzu». Beraz, Paulok eskua luzatu eta honela hasi zuen bere defentsa: 2  «Oso pozik nago, Agripa erregea, juduek leporatzen dizkidaten gauzetatik neure burua defendatzeko zure aurrean egoteaz, 3  bereziki juduen ohitura eta eztabaida guztiak ongi ezagutzen dituzulako. Horregatik, pazientzia osoz entzuteko erregutzen dizut. 4  «Judu guztiek ondo ezagutzen dute gaztetatik nire naziokoen* artean eta Jerusalemen izan dudan bizimodua. 5  Lehendik ezagutzen naute eta, aitortzeko prest badaude, gure erlijioaren sektarik zorrotzenaren arabera bizi nintzela esango dute, fariseu bezala, alegia. 6  Baina Jainkoak gure arbasoei egindako promesan esperantza dudalako epaitzen naute gaur. 7  Gure 12 tribuek promesa horixe betetzen ikustea espero dute, Jainkoari zerbitzu sakratua gau eta egun buru-belarri emanez. Esperantza honengatik, o Errege, salatzen naute juduek. 8  «Zergatik iruditzen zaizue sinestezina Jainkoak hildakoak berpiztea? 9  Ni neu ere konbentzituta nengoen Jesus Nazaretarraren izenaren aurka beharrezkoa zen guztia egin behar nuela. 10  Horixe zen Jerusalemen egin nuena eta, apaizburuen autoritatea jaso nuenez, kartzelan giltzapetu nituen dizipulu* asko. Gainera, exekutatu behar zituztenean, ados egoten nintzen*. 11  Askotan zigortzen nituen sinagoga guztietan, beraien fedeari uko egitera behartu nahian; eta amorruaren amorruz, beste hirietan ere pertsegitzera iritsi nintzen. 12  «Helburu horrekin nindoan Damaskora, apaizburuek emandako autoritatez eta mandatuz. 13  Bidean gindoazela, eguerdian, ni eta nirekin bidaiatzen zutenen inguruan eguzkia baino distiratsuagoa zen zeruko argi bat ikusi nuen, o Errege. 14  Denok lurrera erori ginenean, ahots bat entzun nuen hebreeraz esaten: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu? Akuiluaren* kontra ostiko egiteak min ematen dizu”. 15  Baina galdetu nion: “Nor zara, Jauna?”. Eta Jaunak erantzun zidan: “Jesus naiz, pertsegitzen ari zarena. 16  Baina altxatu eta jarri zutik. Zure aurrean agertu naiz zu aukeratzeko, nitaz ikusi dituzun eta ikusaraziko dizkizudan gauzen morroi eta lekuko izan zaitezen. 17  Zure herriaren eta nazioen eskuetatik libratuko zaitut. Hauengana bidaliko zaitut 18  beraien begiak irekitzeko, ilunpetik argitara eta Satanasen autoritatetik Jainkoarengana itzuli daitezen. Horrela, niregan fedea jarriz, bekatuen barkamena eta herentzia bat jasoko dute santifikatuen artean”. 19  «Beraz, Agripa erregea, ez nuen zeruko ikuskaria desobeditu. 20  Lehenengo, Damaskoko biztanleengana joan nintzen; gero, Jerusalemeko eta Judea osokoengana, baita nazioetakoengana ere. Mezu hau eraman nien: damutzeko eta Jainkoarengana itzultzeko, damua ekintzen bidez erakutsiz. 21  Horregatik harrapatu ninduten juduek tenpluan eta saiatu ziren ni hiltzen. 22  Baina Jainkoaren laguntzari esker, txikiei eta handiei testigantza ematen jarraitu dut gaur arte. Profetek eta Moisesek aurresandakoa esan diet besterik ez: 23  Kristok sufritu egingo zuela eta, hildakoen artetik lehenengo berpiztua izanda, herri honi eta nazioei predikatu eta argia emango ziela». 24  Paulo bere burua defendatzen ari zela, Festok ahots ozenez esan zuen: «Zoratuta zaude Paulo! Gehiegi ikasi duzu eta burua joaten ari zaizu!». 25  Baina Paulok esan zion: «Ez nago zoratuta, Festo Gorentasun hori. Esaten dudana egiazkoa eta zentzuzkoa da. 26  Erregeak ongi ezagutzen ditu kontu hauek, horregatik hitz egiten diot konfiantza osoz. Ziur nago ez zaiola hauetako gauza bakar bat ere eskapatzen, ezer ez baita isilpean egin. 27  Agripa erregea, Profetek esaten dutena sinesten al duzu? Badakit sinesten duzula». 28  Baina Agripak esan zion Paulori: «Pixka bat gehiago eta kristau bihurtzeko konbentzituko nauzu». 29  Paulok orduan: «Jainkoari eskatzen diot, goiz edo berandu, ez zu bakarrik, gaur entzuten didaten guztiak ere, ni bezalakoak bihurtzea, kate hauek gabe, noski». 30  Momentu horretan, erregea zutik jarri zen, baita gobernaria, Berenize eta eserita zeuden gizonak ere. 31  Handik ateratzean, batak besteari esaten zioten: «Gizon honek ez du heriotza edo kartzela merezi duen ezer egin». 32  Eta Agripak Festori esan zion: «Gizon hau aske egongo litzateke Zesarrengana apelatu izan ez balu».

Oharra

Edo «nire jendearen».
Lit. «santu».
Edo «aldeko botoa ematen nuen».
Akuilua animaliak mugiarazteko erabiltzen den makila luze eta buru-eztenduna da.