Eginak 27:1-44
27 Italiara nabigatu behar genuela erabaki zenez, Paulo eta beste preso batzuk armadako ofizial baten esku utzi zituzten; honen izena Julio zen, Augusto erregimentukoa.
2 Asia probintziako kostaldeko portuetara ateratzear zegoen Adramitioko itsasontzi batera igo eta abiatu ginen; gurekin Aristarko zegoen, Tesalonikako mazedoniar bat.
3 Hurrengo egunean, Sidonen lehorreratu ginen, eta Julio Paulorekin atsegina izan zen*, eta bere lagunengana joateko eta hauen laguntza* jasotzeko baimena eman zion.
4 Handik berriro itsasoratu ginen eta, haizeak kontran genituenez, Zipreko kostaren babesean nabigatu genuen.
5 Gero, Zilizia eta Panfilia paretik itsas zabalean nabigatu genuen, eta Liziako Miran geldialdia egin genuen.
6 Han, armadako ofizialak Italiara zihoan Alexandriako itsasontzi bat aurkitu zuen, eta hara igoarazi gintuen.
7 Egun batzuk poliki-poliki nabigatzen eman ondoren, nekez iritsi ginen Knidora. Haizeak aurrera egiten uzten ez zigunez, Kretako kostaren babesean nabigatu genuen Salmone paretik pasatuz.
8 Eta kostaldetik zailtasunez nabigatu ondoren, Portu Eder izeneko toki batera iritsi ginen, Lasea hiritik hurbil.
9 Denbora dexente pasa zen eta, ordurako, arriskutsua zen nabigatzea, Espiazio Eguneko baraua ere pasata baitzen. Horregatik, Paulok abisatu zien:
10 «Adiskideok, bidaia honek kalte eta galera handiak ekarriko dizkigula ikusten dut, ez kargarentzat eta itsasontziarentzat bakarrik; gure biziak ere jokoan daude».
11 Baina armadako ofizialak Paulok esandakoari kasu egin beharrean, pilotuari eta itsasontziaren jabeari egin zien kasu.
12 Portua negua pasatzeko aproposa ez zenez, gehienek itsasoratzea gomendatu zuten, ea Fenixera iristea lortzen zuten. Fenix ipar-ekialdera eta hego-ekialdera irekita dagoen Kretako portu bat da, eta han pasa nahi zuten negua.
13 Hego-haizea xuabe-xuabe jotzen hasi zenean, Fenixera iritsiko zirela pentsatu zuten. Beraz, aingurak altxatu eta Kretako itsasertzetik nabigatzen hasi ziren.
14 Handik pixka batera, euroakilo* izeneko haize zakar bat altxatu zen,
15 eta itsasontzia bortizki bultzatzen zuen. Haizearen kontra nabigatu ezin genuenez, itsasontzia noraezean joaten utzi genuen.
16 Gero, Kauda izeneko irla txiki baten babesean nabigatu genuen. Hala ere, ozta-ozta lortu genuen itsasontziaren popan zegoen txalupa* salbatzea.
17 Txalupa itsasontzira igo ondoren, itsasontzia indartu zuten behetik lotuz, eta Sirten* enkailatzeko beldur zirenez, belak* jaitsi eta itsasontzia noraezean joaten utzi zuten.
18 Hurrengo egunean, ekaitzak gogor jotzen gintuenez, itsasontziaren karga arintzen hasi ziren.
19 Eta hirugarren egunean, marinelek itsasontziko sokak itsasora bota zituzten*.
20 Egun asko eman genituen eguzkia eta izarrak ikusi gabe eta, ekaitza gogor astintzen ari zenez, bizirik ateratzeko esperantzak itzaltzen hasi ziren.
21 Itsasontzian zihoazenek denbora luzea zeramaten ezer jan gabe. Orduan, Paulo beraien erdian zutik jarri eta esan zien: «Adiskideok, nire aholkua jarraitu behar zenuten; ez genuen Kretatik atera behar. Horrela ez genituzkeen kalte eta galera hauek sufrituko.
22 Dena dela, ausartak izaten jarraitzeko eskatzen dizuet, zuetako inork ez baitu bizia galduko; itsasontzia bakarrik galduko da.
23 Izan ere, gauean, nire jabea den eta nik zerbitzatzen dudan* Jainkoaren aingerua agertu zait ondoan,
24 eta esan dit: “Ez izan beldur, Paulo, Zesarren aurrean aurkeztu behar zara. Gainera, Jainkoak zu eta zurekin doazen guztiak salbatuko zaituzte”.
25 Beraz, izan ausartak adiskideok. Ziur nago zehatz-mehatz Jainkoak esan bezala gertatuko dela.
26 Hala ere, uharte batetik hurbil hondoratu beharko gara».
27 Itsaso Adriatikoan* barrena noraezean 14 gau eman ondoren, gauerdi aldera, marinelek lurrera hurbiltzen ari zirela sumatu zuten.
28 Sakonera neurtzeko berun-soka bota zuten, eta 36 metro inguru* eman zituen. Bota zuten berriro aurreraxeago eta 27 metro inguru* eman zituen.
29 Harkaitzen kontra jotzeko beldur zirenez, popatik lau aingura bota zituzten, eta eguna argitzeko zain-zain zeuden.
30 Baina marinelak itsasontzitik ihes egiten saiatu ziren eta, aingurak brankatik botatzeko aitzakiarekin, txalupa itsasora jaisten hasi ziren.
31 Paulok orduan, armadako ofizialari eta soldaduei esan zien: «Gizon hauek itsasontzian geratzen ez badira, ez zarete bizirik aterako».
32 Orduan, soldaduek txaluparen sokak moztu eta erortzen utzi zuten.
33 Eguna argitzeko gutxi falta zenean, Paulok zerbait jatera animatu zituen guztiak, esanez: «Jadanik 14 egun daramazue urduri itxaroten, eta ez duzue ezertxo ere jan.
34 Beraz, jan zerbait. Zuen onerako esaten dizuet hau, zeren zuetako inork ez du buruko ile bakar bat ere galduko».
35 Hau esan ondoren, ogi bat hartu, guztien aurrean Jainkoari eskerrak eman, zatitu eta jaten hasi zen.
36 Orduan, beste guztiak ere animatu eta jaten hasi ziren.
37 Guztira 276 lagun* ginen itsasontzian.
38 Nahikoa jan eta gero, itsasontzia arintzeko, garia itsasora bota zuten.
39 Eguna argitu zuenean, nahiz eta lurra ikusi, ez zuten tokia ezagutu. Baina badia batean hondartza ikusi zutenez, ahal bazen itsasontzia bertan lehorreratzea erabaki zuten.
40 Beraz, ainguren sokak moztu eta uretan erortzen utzi zituzten. Aldi berean, lemako lokarriak lasaitu zituzten eta brankako bela haizetara zabalduz, hondartzarantz abiatu ziren.
41 Bi aldetatik itsasoa zuen hondar pila baten kontra jo zutenean, itsasontzia bertan enkailatu zen. Branka hondarretan sartua gelditu zen, ez atzera, ez aurrera. Popa, berriz, olatuen astinduekin desegiten hasi zen.
42 Orduan, soldaduek presoak hiltzea erabaki zuten, inork igerian ihes ez egiteko.
43 Baina armadako ofizialak Paulo salbatu nahi zuenez, ez zien hori egiten utzi, eta agindu zuen: «Igerian dakizuenek, salto egin itsasora eta lehorreratu zuek lehenengo,
44 eta gainontzekoak atzetik joan oholen edo itsasontziaren pusken gainean». Horrela, denak bizirik eta onik iritsi ziren lehorrera.
Oharra
^ Edo «gizabidez jokatu zuen».
^ Edo «zaintza».
^ Hau da, ipar-ekialdeko haize bat.
^ Salbamendu-txalupa bezala erabili zitekeen ontzi txikia.
^ Edo «aparailuak».
^ Edo «sokateria itsasora bota zuten».
^ Edo «zerbitzu sakratua ematen diodan».
^ Garai haietan, izen hau gaur egungo Itsaso Adriatikoa, Itsaso Jonikoa, eta Sizilia eta Kreta artean dagoen Mediterraneo itsasoaren eremua zen.
^ Edo «20 besaldi».
^ Edo «15 besaldi».
^ Edo «arima».