Eginak 5:1-42
5 Ananias izeneko gizon batek, bere emazte Safirarekin batera, lursail bat saldu zuen.
2 Baina, bere emazteak jakinda, diruaren zati bat berarentzat gorde zuen isilpean. Orduan, gainontzeko dirua apostoluengana eraman eta beraien esku utzi zuen.
3 Pedrok esan zion: «Ananias, nolatan eman dizu Satanasek espiritu santuari gezurra esateko eta soroaren dirutik isilpean zati bat gordetzeko ausardia?
4 Soroa saldu baino lehen, ez al zen zurea? Eta saldu ondoren, diruarekin nahi zenuena egin ahal zenuen, ezta? Orduan, nolatan pentsatu duzu horrelako maltzurkeria bat egitea? Gezurra ez diezu gizakiei esan, Jainkoari baizik».
5 Hitz hauek entzutean, Ananias lurrera erori eta hil egin zen. Eta horren berri izan zuten guztiak zeharo beldurtuta geratu ziren.
6 Orduan, gizon gazteenak altxatu ziren eta gorpua oihaletan bilduz, atera eta lurperatu egin zuten.
7 Handik hiru ordu ingurura, emaztea etorri zen, zer gertatu zen jakin gabe.
8 Pedrok galdetu zion: «Esan, honenbestean saldu al zenuten soroa?». Safirak erantzun: «Bai, horrenbestean».
9 Pedrok, berriz: «Zergatik jarri zarete ados Jehobaren espiritua proban jartzeko? Hara!, atean daude zure senarrari lur eman diotenak, eta zu ere eramango zaituzte».
10 Berehala, Pedroren oinetara erori eta hil egin zen. Gizon gazteak sartu zirenean, hilda aurkitu zuten eta gorpua eraman eta bere senarraren ondoan lurperatu zuten.
11 Ondorioz, kongregazio osoa eta gauza hauen berri izan zuten guztiak zeharo beldurtuta geratu ziren.
12 Gainera, apostoluen eskutik mirari* eta gauza harrigarri asko egiten ziren herrian, eta Salomonen Arkupean elkartzen ziren.
13 Egia da beste inork ez zuela beraiekin elkartzeko ausardiarik, baina herriak oso ondo hitz egiten zuen beraiei buruz.
14 Are gehiago, Jaunarengan sinesten zutenak gero eta gehiago ziren, bai gizonak, baita emakumeak ere.
15 Jendeak kale nagusietara ateratzen zituen gaixoak, eta ohe txiki nahiz esku-oheetan jartzen zituzten, Pedro handik pasatzean, bere itzalak behintzat hauetakoren bat ukitzeko.
16 Jerusalem inguruko hirietatik ere, jende asko etortzen zen gaixoak eta espiritu gaiztoak* zituztenak ekarriz, eta den-denak sendatzen ziren.
17 Baina apaiz nagusia eta berarekin zeuden guztiak, saduzearren sektakoak alegia, inbidiaz beterik altxatu ziren.
18 Beraz, apostoluak atxilotu eta kartzela publikoan sartu zituzten.
19 Baina gauean, Jehobaren aingeruak kartzelako ateak ireki eta handik atera zituen, eta esan zien:
20 «Zoazte tenplura eta han jarraitu herriari bizi honi buruzko mezu osoa ematen».
21 Hori entzun ondoren, goizean goiz tenplura sartu eta irakasten hasi ziren.
Bitartean, apaiz nagusia eta berarekin zeudenak iritsi zirenean, Sanedrina eta Israel herriko adindun guztiak elkartu zituzten. Orduan, apostoluak kartzelatik ekartzeko agindu zuten.
22 Baina guardiak kartzelara iristean, ez zituzten han aurkitu. Beraz, itzuli eta berria eman zuten,
23 esanez: «Kartzela guztiz itxita aurkitu dugu eta guardiak atean zeuden, baina irekitzean ez zegoen inor barruan».
24 Tenpluko kapitainak eta apaizburuek hau entzun zutenean, harrituta geratu ziren, zer gertatuko ote zen ez zekitela.
25 Baina halako batean, norbait etorri eta esan zien: «Begira! Kartzelan sartu zenituzten gizonak tenpluan daude herriari irakasten».
26 Orduan, kapitaina bere guardiekin batera hara joan eta apostoluak handik atera zituzten; biolentziarik gabe egin zuten, herriak harrikatuko zituen beldur baitziren.
27 Beraz, Sanedrinaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak galdeketa egin zien.
28 Esan zien: «Zorrotz agindu genizuen gizon horren izenean ez irakasteko, baina Jerusalem osoa bete duzue zuen irakaspenekin, eta gizon horren odola gure gain erortzea besterik ez duzue nahi».
29 Pedro eta beste apostoluek erantzun zuten: «Agintari bezala Jainkoa obeditu behar dugu lehenik, ez gizakia.
30 Gure arbasoen Jainkoak Jesus berpiztu* zuen, zuek zutoin* batetik zintzilikatuz hil zenuten hori.
31 Jainkoak bere eskuinera goratu zuen Buruzagi Nagusi eta Salbatzaile bezala, horrela Israel damutu ahal izateko eta bekatuen barkamena lortzeko.
32 Gu gara gauza hauen lekuko, gu eta espiritu santua, Jainkoak berari obeditzen diotenei ematen diena».
33 Hau entzutean, sutan jarri ziren eta hil egin nahi izan zituzten.
34 Baina Gamaliel izeneko fariseu bat Sanedrinean zutik jarri zen. Herri osoak estimatzen zuen lege maisu hau, eta apostoluak pixka batean kanpora ateratzeko agindu zuen.
35 Orduan, esan zuen: «Israelgo gizonok, kontuz. Gizon hauei ezer egin baino lehen, ondo-ondo pentsatu.
36 Adibidez, orain dela denboratxo bat Teudas agertu zen bera norbait inportantea zela esanez, eta 400 bat gizon elkartu zitzaizkion. Baina hil egin zuten, eta bere jarraitzaile guztiak sakabanatu ziren eta dena hutsean geratu zen.
37 Honen ondoren, errolda egin zen egunetan, Judas galilearra agertu zen eta jarraitzaile batzuk izan zituen. Gizon hau ere hil egin zen, eta bere jarraitzaile guztiak sakabanatu egin ziren.
38 Beraz, egoera nolakoa den ikusita, honakoa esaten dizuet: Ez sartu gizon hauekin, utzi bakean. Asmo edo lan hau gizakiena bada, berez desegingo da,
39 baina Jainkoarena bada, ezingo duzue desegin. Kontuz ibili, bestela Jainkoaren aurka arituko zinatekete borrokan».
40 Beraz, kasu egin zioten. Orduan, apostoluei deitu, zigortu* eta Jesusen izenean hitz egiteari uzteko agindu zieten. Ondoren, askatu egin zituzten.
41 Apostoluak poz-pozik atera ziren Sanedrinetik, Jesusen izenagatik sufritzeko ohorea izan baitzuten.
42 Eta egunero-egunero, tenpluan eta etxez etxe Kristori buruzko, hau da, Jesusi buruzko berri onak irakasten eta predikatzen jarraitu zuten etengabe.
Oharra
^ Lit. «seinale».
^ Lit. «zikinak; kutsatuak».
^ Lit. «altxatu».
^ Edo «zuhaitz».
^ Edo «zigorrez jo; azotatu».