Eginak 7:1-60
7 Apaiz nagusiak, orduan, esan zion: «Egia al da hori?».
2 Estebanek erantzun zuen: «Anaiak eta aitak, entzun. Aintzaren Jainkoa gure arbaso Abrahami agertu zitzaion Mesopotamian, Haranen bizitzen jarri baino lehenago,
3 eta esan zion: “Utzi zure lurraldea eta senideak eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera”.
4 Beraz, kaldearren lurraldea utzi eta Haranen jarri zen bizitzen. Eta aita hil zitzaionean, zuek orain bizi zareten tokira aldatzeko esan zion Jainkoak.
5 Hala ere, ez zion bertan herentziarik eman, oin bat jartzeko adina lur ere ez; baina berari eta bere ondorengoei emango ziela promestu zion, nahiz eta oraindik semerik ez izan.
6 Are gehiago, Jainkoak esan zion: “Zure ondorengoak beraiena izango ez den lurralde batean atzerritarrak izango dira, eta hango jendeak esklabo bihurtuko ditu, eta 400 urtez zapalduko dituzte*”.
7 Hau ere esan zion: “Esklabo bihurtuko dituen nazioa nik epaituko dut”. Gero gehitu zuen: “Eta gauza hauen ondoren aterako dira, eta toki honetan zerbitzu sakratua emango didate”.
8 «Zirkunzisioaren ituna ere eman zion, eta Isaaken aita izatera iritsi zen eta zortzigarren egunean zirkunzidatu zuen. Isaak Jakoben aita izatera iritsi zen*, eta Jakob 12 patriarken* aita.
9 Patriarkak Joserekin jeloskor jarri ziren, eta Egiptora saldu zuten. Baina Jainkoa berarekin zegoen,
10 eta bere sufrimendu guztietatik salbatu zuen. Egiptoko errege Faraoiaren aurrean jakinduria eman zion, eta honen gogoko egin zuen. Gero, Faraoiak Egipto eta bere etxe osoa gobernatzeko izendatu zuen.
11 Baina gosete bat iritsi zen Egipto eta Kanaan osora. Oso egoera larria izan zen, eta gure arbasoek ezin zuten jateko ezer aurkitu.
12 Orduan, Jakobek Egipton janaria* bazegoela entzun zuen, eta gure arbasoak lehen aldiz bidali zituen hara.
13 Bigarren aldian, Josek nor zen esan zien bere anaiei, eta Faraoiak Joseren familiaren berri izan zuen.
14 Orduan, Josek mezua bidali eta bere aita Jakob eta familia guztia handik ekartzeko agindu zuen, 75 pertsona guztira.
15 Beraz, Jakob Egiptora jaitsi eta han hil zen, baita gure arbasoak ere.
16 Gero, haien hezurrak Sikemera eraman zituzten, eta Hamorren semeei diru* kopuru baten truke Abrahamek erositako hilobian jarri zituzten.
17 «Jainkoak Abrahami egindako promesa betetzeko garaia hurbiltzen ari zela, herria handitu eta ugaritu egin zen Egipton.
18 Orduan, Jose ezagutzen ez zuen errege bat hasi zen agintzen Egipton.
19 Honek maltzurkeriaz jokatu zuen gure herriarekin, eta gurasoei tratu txarra eman zien beraien haurtxoak abandonatzera behartuz, hauek hil zitezen.
20 Garai hartan jaio zen Moises, eta oso-oso* ederra zen. Hiru hilabetez bere aitaren etxean hazi zuten.
21 Baina abandonatu zutenean, Faraoiaren alabak hartu eta bere semea balitz bezala hezi zuen.
22 Beraz, Moisesi Egiptoko jakinduria guztia irakatsi zioten. Izan ere, hitzez eta ekintzez boteretsua zen.
23 «40 urte bete zituenean, bere anaiei, israeldarrei, bisita bat egitea* erabaki zuen*.
24 Egiptoar bat israeldar bati tratu txarra ematen ari zela ikusi zuenean, israeldarraren alde jarri eta, mendekua hartuz, egiptoarra hil zuen.
25 Moisesek uste zuen bere anaiek ulertuko zutela Jainkoak beraren bidez askatzen zituela; baina ez zuten ulertu.
26 Hurrengo egunean, borrokan ari ziren bi israeldarrengana joan zen eta, beraien artean bakeak egin nahian, esan zien: “Gizonak, anaiak zarete. Zergatik ari zarete borrokan?”.
27 Baina bere laguna gaizki tratatzen ari zenak Moisesi bultza egin* eta esan zion: “Nork izendatu zaitu gure agintari eta epaile?
28 Atzo egiptoarra hil zenuen bezala, ni ere hiltzeko asmotan, ala?”.
29 Hau entzutean, Moisesek Madianera egin zuen ihes. Han atzerritar bezala bizi izan zen eta bi seme izan zituen.
30 «40 urte ondoren, aingeru bat agertu zitzaion Sinai mendiko basamortuan sutan zegoen sasi baten sugarrean.
31 Moises txundituta geratu zen hori ikustean, eta hobeto ikusteko hurbildu zenean, Jehobaren ahotsa entzun zuen, esanez:
32 “Ni naiz zure arbasoen Jainkoa, Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa”. Orduan, Moises dardarka hasi zen eta ez zen gehiago begiratzera ausartu.
33 Jehobak esan zion: “Kendu sandaliak, zapaltzen ari zaren lurra santua baita.
34 Ikusi dut nire herria nola zapaltzen ari diren Egipton, eta entzun ditut haien negar oihuak, eta beraiek askatzera jaitsi naiz. Zatoz, Egiptora bidaliko zaitut”.
35 Moises hau baztertu zuten esanez: “Nork izendatu zaitu agintari eta epaile?”. Baina hauxe izan zen, sasian agertu zen aingeruaren bidez, Jainkoak agintari eta askatzaile izateko bidali zuena.
36 Gizon honek Egipton, Itsaso Gorrian eta 40 urtez basamortuan gauza harrigarriak eta mirariak* eginez atera zituen.
37 «Moises hau da israeldarrei esan ziena: “Jainkoak, zuen anaien artetik, ni bezalako profeta bat izendatuko du zuentzat”.
38 Hau da basamortuan kongregazioarekin egon zena, Sinai mendian hitz egin zion aingeruarekin eta gure arbasoekin egon zena. Berak jaso zituen guri emateko adierazpen santu eta biziak.
39 Baina gure arbasoek ez zioten obeditu nahi izan. Horren ordez, baztertu egin zuten eta Egiptora itzuli ziren beraien bihotzetan,
40 Aaroni esanez: “Egin guretzat gure aurretik joango diren jainkoak, zeren ez dakigu Egiptotik atera gintuen Moises horri zer gertatu zaion”.
41 Beraz, egun haietan, txahal itxurako idolo bat egin zuten, sakrifizio bat eskaini zioten eta egindakoa ospatzen hasi ziren.
42 Horregatik, Jainkoa beraiengandik urrundu egin zen eta eguzkia, ilargia eta zeruko izarrei zerbitzu sakratua ematen utzi zien. Profeten liburuan idatzita dagoen bezalaxe: “O Israelgo etxea, basamortuan 40 urtez opariak eta sakrifizioak eskaini zenituztenean, ez zenizkidaten niri eskaini, ezta?
43 Horren ordez, adoratzeko egin zenituzten irudiak, Moloken denda eta Refan jainkoaren izarra, zuekin eraman zenituzten. Beraz, Babiloniatik harago deportatuko zaituztet”.
44 «Basamortuan gure arbasoek testigantzaren denda zeukaten. Denda hau ikusitako ereduaren arabera egiteko agindu zion Jainkoak Moisesi.
45 Gero, gure arbasoek aurrekoengandik jaso zuten, eta Jainkoak nazioak haien aurretik bota ondoren, Josuerekin batera lurralde hartan sartu zuten. Hantxe geratu zen Dabiden egunetaraino.
46 Dabidek Jainkoaren onespenaz gozatu zuen eta Jakoben Jainkoarentzat etxe bat egiteko ohorea izatea eskatu zuen.
47 Baina Salomonek eraiki zion etxea.
48 Hala ere, Goi-goikoa ez da eskuz egindako etxeetan bizi. Profetak esan zuen bezala:
49 “Zerua da nire tronua, eta lurra nire oin aulkia. Nolako etxea eraikiko didazue?, dio Jehobak. Edo non da nire atseden lekua?
50 Ez al ditu nire eskuak egin gauza guzti hauek?”.
51 «Gizon burugogorrak, bihotza eta belarriak itxita* dauzkazue. Zuek beti espiritu santuari kontra egiten; zuen arbasoek egin zutena egiten duzue.
52 Zein profeta ez zuten pertsegitu zuen arbasoek? Haiek Zuzena etorriko zela aurresan zutenak hil zituzten; zuek, berriz, Zuzena bera traizionatu eta hil egin duzue.
53 Zuek aingeruek emandako moduan jaso duzue Legea, baina ez duzue bete».
54 Hitz hauek entzutean, beraien onetik atera eta hortz karraskaka hasi ziren Estebanen aurka.
55 Baina berak, espiritu santuz beteta, zerura begiratu eta Jainkoaren aintza ikusi zuen, eta Jesus zutik Jainkoaren eskuinaldean,
56 eta esan zuen: «Begira! Zerua zabalik ikusten dut, eta Gizonaren Semea zutik Jainkoaren eskuinaldean».
57 Orduan, indar guztiz garrasika, eskuekin belarriak estali zituzten eta gainera bota zitzaizkion denak batera.
58 Hiritik bota ondoren, Esteban harrikatzen hasi ziren. Salatu zuten lekukoek beraien mantuak Saulo izeneko gizon gazte baten oinetan jarri zituzten.
59 Harrikatzen zuten bitartean, Estebanek erregutu zuen: «Jesus Jauna, hartu nire espiritua».
60 Orduan, belaunikatuz, ahots ozenez oihukatu zuen: «Jehoba, ez iezaiezu bekatu hau leporatu». Eta hau esan ondoren, lo hartu zuen heriotzean.
Oharra
^ Edo «tratu txarrak jasango dituzte».
^ Edo agian «Isaakek gauza bera egin zuen Jakobekin».
^ Edo «familiaburuen».
^ Edo «zereala».
^ Lit. «zilar».
^ Edo «Jainkoaren begietan».
^ Edo «bere anaiak, israeldarrak, ikuskatzea».
^ Edo «etorri zitzaion bihotzera».
^ Edo «pusatu».
^ Lit. «seinaleak».
^ Lit. «bihotza eta belarriak zirkunzidatu gabe».