Eginak 8:1-40
8 Eta Saulok ontzat eman zuen Estebanen hilketa.
Garai hartan, pertsekuzio handia hasi zen Jerusalemen zegoen kongregazioaren aurka. Guztiak, apostoluak izan ezik, Judea eta Samarian barrena sakabanatuak izan ziren.
2 Baina debozioz betetako gizon batzuek Estebanen gorpua eraman zuten hilobiratzeko, eta harengatik negar eta negar aritu ziren.
3 Saulo, berriz, kongregazioa krudelkeriaz erasotzen hasi zen. Etxe batean eta bestean indarrez sartu, gizon-emakumeak arrastaka atera eta kartzelara eramaten zituen.
4 Sakabanatu zirenek, bestalde, Jainkoaren hitzari buruzko berri onak zabaltzen zituzten joaten ziren tokietan.
5 Felipe orduan, Samariako hirira* jaitsi eta Kristori buruz predikatzen hasi zen.
6 Esaten zuenari adi-adi zegoen jende guztia; entzun egiten zioten, eta egiten zituen mirariak* ikusten zituzten.
7 Askok espiritu gaiztoak* zituzten eta espiritu hauek, ozen oihu eginez, atera egiten ziren. Gainera, elbarri eta herren asko sendatu ziren.
8 Beraz, poz handiz bete zen hiri hura.
9 Bazen hiri hartan Simon izeneko gizon bat. Lehen magia praktikatzen zuen, eta Samariako nazioa liluratuta zegoen berarekin. Gizon honek norbait inportantea zela esaten zuen.
10 Denek, handi eta txiki, kasu egiten zioten, eta esaten zuten: «Gizon hau Jainkoaren Boterea da, Botere Handia deitua».
11 Beraz, kasu egiten zioten aspalditik bere magiarekin liluratzen baitzituen.
12 Baina Felipek Jainkoaren Erreinuari eta Jesu Kristoren izenari buruzko berri onak ematean, sinetsi egin zioten eta bai gizonak, bai emakumeak bataiatu egin ziren.
13 Simonek berak ere sinetsi egin zuen, eta bataiatu ondoren Feliperekin ibiltzen zen beti. Liluratuta geratzen zen mirariak eta ekintza boteretsu handiak ikustean.
14 Jerusalemen zeuden apostoluek, Samariako jendeak Jainkoaren hitza onartu zuela entzun zutenean, Pedro eta Joan bidali zituzten.
15 Beraz, hara jaitsi eta otoitz egin zuten samariarrek espiritu santua jaso zezaten.
16 Izan ere, haietako inork ez zuen oraindik espiritu santua jaso, Jesus Jaunaren izenean bataiaturik zeuden bakarrik.
17 Orduan, Pedro eta Joanek eskuak ezarri zizkieten gainean eta espiritu santua jasotzen hasi ziren.
18 Eskuak gainean ezarriz espiritua ematen zutela ikustean, Simonek dirua eskaini zien apostoluei,
19 esanez: «Emadazue niri ere botere hori, horrela, norbaiti eskuak gainean ezartzen badizkiot, espiritu santua jasoko du».
20 Baina Pedrok esan zion: «Lehertu dadila zure zilarra zurekin batera, zeren Jainkoaren oparia* diruz lortu dezakezula pentsatu duzu.
21 Kontu honetan ez duzu zerikusirik; Jainkoaren ikuspuntutik ez duzu bihotz zintzorik.
22 Beraz, damutu zure gaiztakeriaz, eta erregutu Jehobari, ahal bada, bihotzean duzun asmo txar hau barkatzeko,
23 pozoi mingotsa* eta injustiziaren morroi zarela ikusten dut eta».
24 Simonek erantzun zien: «Erregutu Jehobari nire alde, esan didazuen ezer bete ez dadin».
25 Jehobaren hitzari buruz hitz egin eta testigantza osoa* eman ondoren, Jerusalemera itzuli ziren, eta bidean Samariako herrixka askotan berri onak predikatzen joan ziren.
26 Baina Jehobaren aingeruak Feliperi esan zion: «Prestatu eta zoaz hegoaldera, Jerusalemetik Gazara jaisten den bidera». (Bide hau basamortuan dago.)
27 Beraz, prestatu eta abiatu zen. Orduan, etiopiar eunuko* batekin egin zuen topo. Kandazeren, etiopiarren erreginaren, zerbitzura zegoen gizon boteretsua zen, eta haren altxortegiaren kargu zegoen. Jerusalemera joana zen Jainkoa adoratzera,
28 eta bueltan zetorren. Bere gurdian eserita zegoen eta Isaias profetaren liburua ozen irakurtzen ari zen.
29 Beraz, espirituak esan zion Feliperi: «Zoaz eta hurbildu zaitez gurdi horren ondora».
30 Felipe korrika hasi zen gurdiaren ondoan eta Isaias profetaren liburua ozen irakurtzen ari zela entzun zuen, eta galdetu zion: «Ulertzen al duzu irakurtzen ari zarena?».
31 Erantzun zion: «Nola ulertuko dut, ba, esanahia inork argitzen ez badit?». Orduan, Feliperi gurdira igotzeko eta berarekin esertzeko eskatu zion.
32 Idazkietako pasarte hau irakurtzen ari zen: «Ardia bezala hiltegira eraman zuten, eta ile moztailearen aurrean isilik dagoen bildotsak bezala, ez du ahorik zabaltzen.
33 Umiliatzen ari zirenean, ez zuten justiziaz tratatu. Bere bizia lurretik kenduko denez, nork kontatuko ditu bere belaunaldiaren gorabeherak?».
34 Eunukoak orduan, galdetu zion Feliperi: «Esan, mesedez, nori buruz ari da profeta? Bere buruaz ala beste norbaitez?».
35 Eta Felipek, Idazkien pasarte horretatik hasita, Jesusen berri onei buruz hitz egin zion.
36 Orduan, bidean zeudela, ura zegoen toki batera iritsi ziren, eta eunukoak esan zuen: «Begira! Ura! Zer arrazoi daukat ez bataiatzeko?».
37 * ——
38 Beraz, gurdia gelditzeko agindu zuen, eta Felipe eta eunukoa uretan sartu ziren. Orduan, Felipek bataiatu egin zuen.
39 Uretatik atera zirenean, Jehobaren espirituak berehala gidatu zuen Felipe beste toki batera. Eunukoak ez zuen gehiago ikusi, baina poz-pozik jarraitu zuen bere bidea.
40 Felipek, berriz, Axdoden bukatu zuen, eta lurralde hartan zehar hiri guztietan berri onak zabaltzen jarraitu zuen Zesareara iritsi arte.
Oharra
^ Edo agian «hiri batera».
^ Lit. «seinaleak».
^ Lit. «zikinak; kutsatuak».
^ Edo «doako oparia».
^ Lit. «mingostasunaren behazuna».
^ Edo «erabateko testigantza».
^ Edo «gorteko funtzionario».
^ Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.