Eginak 9:1-43
9 Saulok, aldiz, Jaunaren dizipuluak mehatxatzen eta hauek hil nahian jarraitzen zuen. Beraz, apaiz nagusiarengana joan
2 eta Damaskoko sinagogetan aurkezteko gutunak eskatu zizkion. Gutun hauek Bidearen parte zen edozein gizon edo emakume lotzeko eta Jerusalemera eramateko autoritatea emango zioten.
3 Bidaiatzen ari zela eta Damaskotik hurbil zegoela, bat-batean zerutik etorritako argi distiratsu batek inguratu zuen,
4 lurrera erori zen eta ahots bat entzun zuen esaten: «Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?».
5 Saulok galdetu zuen: «Nor zara, Jauna?». Erantzun zion: «Jesus naiz, pertsegitzen ari zarena.
6 Orain, altxa eta zoaz hirira. Han esango dizute zer egin behar duzun».
7 Berarekin bidaiatzen ari zirenak geldi-geldi, hitzik gabe, geratu ziren, ahots baten soinua entzuten baitzuten, baina ez zuten inor ikusten.
8 Orduan, Saulo lurretik altxatu eta, begiak irekita zituen arren, ezin zuen ezer ikusi. Beraz, eskutik hartu eta Damaskoraino eraman zuten.
9 Hiru egun eman zituen ezer ikusi gabe, eta ez zuen ezer jan eta ezer edan.
10 Bazen Damaskon Ananias izeneko dizipulu bat, eta Jaunak ikuskari batean esan zion: «Ananias!». Berak erantzun: «Hemen nauzu, Jauna».
11 Jaunak esan zion: «Prestatu, zoaz Zuzena deitzen dioten kalera eta bilatu Judasen etxean Saulo izeneko Tarsoko gizon bat. Begira! Otoitzean ari da,
12 eta ikuskari batean Ananias izeneko gizon bat ikusi du etxean sartzen eta bere gainean eskuak ezartzen, ikusmena berreskuratu dezan».
13 Baina Ananiasek erantzun zuen: «Jauna, jende askori entzun diot gizon honi buruz hitz egiten, Jerusalemeko zure dizipuluei* zenbateko kaltea egin dien.
14 Eta hemen apaizburuek autoritatea eman diote zure izenari dei egiten dioten guztiak atxilotzeko*».
15 Baina Jaunak esan zion: «Zoaz! Zeren gizon hau aukeratu dut* nazioei nire izena eramateko, baita erregeei eta israeldarrei ere.
16 Argi eta garbi erakutsiko diot nire izenagatik sufritu beharko duen guztia».
17 Hara abiatu zen Ananias. Etxean sartu zenean, eskuak gainean ezarri eta esan zion: «Saulo, anaia, bidean zentozela agertu zitzaizun Jesus Jaunak, zugana bidali nau ikusmena berreskuratu dezazun eta espiritu santuz bete zaitezen».
18 Berehala, ezkata* antzeko batzuk erori zitzaizkion begietatik eta berriro ikusten hasi zen. Altxatu zen eta bataiatu egin zuten.
19 Orduan, zerbait jan eta indarrak berreskuratu zituen.
Gero, egun batzuk pasa zituen Damaskon zeuden dizipuluekin,
20 eta berehala hasi zen sinagogetan Jesusi buruz predikatzen, Jainkoaren Semea dela esanez.
21 Entzuten zioten guztiak harrituta zeuden, eta esaten zuten: «Ez al zituen gizon honek krudelkeriaz tratatzen Jesusen izenari dei egiten diotenak? Ez al zen hauek atxilotzeko eta apaizburuengana eramateko* etorri?».
22 Saulo, berriz, gero eta boteretsuagoa zen. Gainera, modu logikoan frogatzen zuen Jesus hau Kristo dela; ondorioz, Damaskon bizi ziren juduak nahastuta uzten zituen.
23 Handik denbora batera, juduek Saulo hiltzeko konspiratu zuten.
24 Baina Saulok konspirazioaren berri izan zuen. Gainera, bera hiltzeko asmoz, hiriko ateak gau eta egun zaintzen zituzten.
25 Horregatik, bere dizipuluek harresiko zulo batetik jaitsi zuten gauez saski batean.
26 Jerusalemera iristean, dizipuluekin elkartzen saiatu zen, baina dizipulua zenik sinesten ez zutenez, bere beldur ziren.
27 Beraz, Bernabe bera laguntzera etorri zen eta apostoluengana eraman zuen, eta zehatz-mehatz kontatu zien Saulok bidean Jauna ikusi zuela, hitz egin ziola eta Damaskon Jesusen izenean ausardiaz hitz egin zuela.
28 Beraz, Saulo beraiekin geratu zen; Jerusalemen barrena oztoporik gabe ibiltzen zen eta Jaunaren izenean ausardiaz predikatzen zuen.
29 Grekoz hitz egiten zuten juduekin hizketan eta eztabaidan aritzen zen, baina hauek bera hiltzen saiatu ziren behin baino gehiagotan.
30 Anaiek honen berri izan zutenean, Zesareara eraman, eta handik Tarsora bidali zuten.
31 Orduan, Judea, Galilea eta Samaria osoko kongregazioentzat bake garaia hasi zen, eta sendotzen joan ziren. Gainera, Jehobari errespetu handia* ziotenez eta espiritu santuaren kontsolamendua zutenez, handituz eta handituz joan ziren.
32 Pedro lurralde osoan zehar bidaiatzen ari zenez, Lidan bizi ziren dizipuluengana* ere jaitsi zen bisitan.
33 Han, Eneas izeneko gizon bat aurkitu zuen. Elbarriturik zegoenez, azken zortzi urteak ohean eman zituen.
34 Pedrok esan zion: «Eneas, Jesu Kristok sendatzen zaitu. Altxa eta egin ohea». Eta berehala altxatu zen.
35 Lidan eta Xaron lautadan bizi ziren guztiek ikusi zutenean, Jaunarengana bihurtu ziren.
36 Bazegoen Jopen Tabita izeneko dizipulu bat, itzulita Dorkas*. Emakume honek gauza on asko egiten zituen besteen alde eta behartsuei laguntzeko ohitura zuen.
37 Baina egun haietan, gaixotu eta hil egin zen. Beraz, gorpua garbitu eta goiko gela batean jarri zuten.
38 Lida Jopetik hurbil zegoenez, dizipuluek Pedro hiri hartan zegoela jakitean, bi gizon bidali zituzten erregutzera: «Mesedez, etorri lehenbailehen».
39 Pedro berehala prestatu eta beraiekin joan zen. Iritsi zenean, goiko gelara eraman zuten eta emakume alargun guztiak negarrez hurbildu ziren berarengana, eta beraiekin zegoenean Dorkasek egindako arropa eta mantuak erakutsi zizkioten.
40 Pedrok, orduan, ateratzeko eskatu zien denei, eta belaunikatuz otoitz egin zuen. Gero, gorpura hurbilduz esan zuen: «Tabita, altxatu!». Tabitak begiak ireki zituen eta Pedro ikusi zuenean, eseri egin zen.
41 Pedrok eskutik hartu eta altxatzen lagundu zion. Orduan, dizipulu* eta alargunei deitu eta bizirik zegoela erakutsi zien.
42 Jope osoan zabaldu zen honen berri eta jende asko Jaunarengan sinesten hasi zen.
43 Pedro, berriz, denboralditxo bat geratu zen Jopen, Simon izeneko larrugin baten etxean.
Oharra
^ Lit. «santuei».
^ Lit. «lotzeko».
^ Edo «ontzi aukeratua da».
^ Edo «eskama».
^ Lit. «lotuta eramateko».
^ Lit. «santuengana».
^ Dorkas izen grekoak eta Tabita izen aramearrak «gazela» esan nahi dute.
^ Lit. «santu».