Erromatarrei 10:1-21

  • Jainkoaren justizia nola lortu (1-15)

    • Adierazpen publikoa (10)

    • Jehobari dei egiteak salbamena dakar (13)

    • Predikatzen dutenen oinak ederrak dira (15)

  • Berri onak baztertuak (16-21)

10  Anaiok*, bihotzez benetan desio dudana eta Jainkoari erregutzen diodana beraiek salbatuak izatea da.  Izan ere, beraiek Jainkoari debozioa diotela ziurtatu dezaket, baina ezagutza zehatzean oinarrituta ez dagoen debozioa.  Jainkoaren justizia ezagutzen ez zutenez, beraiena ezartzen saiatu ziren eta, ondorioz, ez ziren Jainkoaren justiziaren menpe jarri.  Izan ere, Kristo Legearen amaiera da, fedea erakusten duten guztiek justizia lortu dezaten.  Legearen bidez lortzen den justiziari buruz hitz egitean, Moisesek idazten du: «Gauza hauek egiten dituena, gauza hauei esker biziko da».  Baina fedearen ondorioz lortzen den justiziak dio: «Ez esan zeure bihotzean: “Nor igoko da zerura?”, hau da, Kristo jaitsiaraztera.  Edo “nor jaitsiko da leize zulora?”, hau da, Kristo hildakoen artetik igoaraztera».  Zer dio, orduan? «Hitza zuregandik hurbil dago, zeure ahoan, zeure bihotzean», hau da, fedearen «hitza», predikatzen duguna.  Zeren zeure ahoarekin Jesus Jauna dela publikoki esaten baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen artetik bera berpiztu* zuen fedea erakusten baduzu, salbatua izango zara. 10  Zeren bihotzarekin justiziara daraman fedea erakusten da, baina ahoarekin salbamenera daraman deklarazio publikoa egiten da. 11  Idazkien pasarte batek dio: «Berarengan fedea jartzen duen inor ez da dezepzionaturik sentituko». 12  Zeren juduen eta grekoen artean ez dago desberdintasunik. Denek Jaun bera dute, dei egiten diotenekin eskuzabala* dena. 13  Zeren «Jehobaren* izenari dei egiten* dion edonor salbatua izango da». 14  Baina nola deituko diote, ez badute berarengan federik jarri? Eta nola jarriko dute fedea berarengan, ez badute berari buruz entzun? Eta nola entzungo dute, ez badago inor predikatzeko? 15  Eta nola predikatuko dute, inork ez baditu bidali? Idatzirik dagoen bezalaxe: «Bai ederrak berri onak* zabaltzen dituztenen oinak!». 16  Hala ere, ez zieten guztiek berri onei kasurik egin, Isaiasek esan baitu: «Jehoba, nork jarri du fedea gure mezuan*?». 17  Beraz, fedeak entzuten den mezuari jarraitzen dio, eta entzuten den mezua, berriz, Kristori buruzko hitzaren bidez dator. 18  Baina nik galdetzen dut: ez al zuten entzun? Argi dago baietz, zeren «haien soinua lur osoan zehar zabaldu zen, eta haien mezua lurraren* azken txokoraino». 19  Baina nik galdetzen dut: ez al zekien Israelek? Hasteko, Moisesek dio: «Nazio bat ez direnak erabiliz, zuen jeloskortasuna piztuko dut. Nazio zentzugabe bat erabiliz, zuen haserre bortitza piztuko dut». 20  Baina Isaias ausardiaz betetzen da, eta esaten du: «Bilatzen ez nindutenek, aurkitu ninduten; nitaz galdetzen ez zutenak, ni ezagutzera iritsi ziren». 21  Baina Israeli buruz dio: «Egun osoan eskuak luzatuak izan nituen herri desobediente eta burugogor batengana».

Oharra

Batzuetan, Biblian «anaia» hitza erabiltzen da, bai gizonezko, bai emakumezkoak aipatzeko.
Lit. «altxatu».
Edo «aberatsa».
Edo «laguntza eskatzen».
Lit. «gauza onen berri onak».
Lit. «gugandik entzundako gauzan».
Edo «biztanleak dituen lurraren».