Erromatarrei 13:1-14
13 Egon daitezela pertsona guztiak autoritate nagusien* menpe, zeren ez dago autoritaterik Jainkoak baimentzen ez badu. Existitzen diren autoritateak Jainkoak jarri ditu beraien postu erlatiboetan*.
2 Beraz, autoritatearen kontra jartzen denak Jainkoak ezarritako ordenaren aurka egiten du. Ordena honen aurka egiten dutenek euren buruaren aurkako kondena jasoko dute.
3 Gauza onak egiten dituztenak ez dira agintzen dutenen beldur, baina gauza txarrak egiten dituztenak bai. Beraz, bizi nahi al duzu autoritateari beldurrik izan gabe? Orduan, jarraitu ongia egiten eta bere gorespena jasoko duzu,
4 zure onerako baitago Jainkoaren zerbitzura*. Baina gauza txarrak egiten ari bazara, beldur izan, autoritateak ez baitu ezpata alferrik eramaten. Jainkoaren zerbitzura dago* gauza txarrak egiten dituztenen aurka mendeku hartu eta hauek zigortzeko*.
5 Beraz, arrazoi onak daude menpean egoteko, ez bakarrik zigorrarengatik*, baizik eta zeuen kontzientziarengatik ere bai.
6 Horregatik ordaintzen dituzue zergak zuek ere, izan ere, agintariak zerbitzu hau etengabe ematen duten Jainkoaren zerbitzari publikoak dira.
7 Eman bakoitzari berea: zerga eskatzen duenari, zerga; kontribuzioa eskatzen duenari, kontribuzioa; errespetua* eskatzen duenari, errespetu hori; ohorea eskatzen duenari, ohore hori.
8 Ez izan zorrik inorekin, elkar maitatzea izan ezik, besteak maite dituenak legea bete baitu.
9 Zeren aginduak —«Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez lapurtu, ez kodiziatu», eta dagoen beste edozein agindu— hitz hauetan laburbiltzen dira: «Maitatu lagun hurkoa* zeure burua bezala».
10 Maitasunak ez die besteei ezer txarrik egiten. Beraz, maitasuna legea betetzea da.
11 Eta egin ezazue hori badakizuelako zein garaitan bizi garen; badakizue lotatik esnatzeko ordua dela, zeren gure salbamena sinesten hasi ginenean baino hurbilago dago.
12 Gaua oso aurreratuta dago; hurbil dago eguna. Kendu ditzagun, beraz, iluntasunaren ekintzak eta jantzi ditzagun argiaren armak.
13 Portaera* aproposa izan dezagun, eguna balitz bezala; ez kontrolik gabeko festetan, ezta mozkorkerian ere, ez sexu harreman moralgabeetan, ezta jokabide lotsagabean* ere, liskarretan sartu gabe eta jeloskor jarri gabe.
14 Horren ordez, jantzi Jesu Kristo gure Jaunaz, eta ez ibili haragiaren desioak asetzeko planak egiten.
Oharra
^ Edo «gobernuen».
^ Hau da, bata bestearekin konparatuta garrantzi handiagokoa edo txikiagokoa, baina beti Jainkoaren azpikoa.
^ Lit. «zure onerako da Jainkoaren ministroa».
^ Lit. «ministroa da».
^ Edo «beraien aurka haserrea erakusteko».
^ Edo «haserre horrengatik».
^ Edo «beldurra».
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».
^ Lit. «Ibilera».