Erromatarrei 15:1-33

  • Ongi hartu batak bestea Kristok egin zuen bezalaxe (1-13)

  • Paulo, nazioentzako zerbitzari (14-21)

  • Pauloren bidaiatzeko planak (22-33)

15  Baina guk, indartsuak garenok, indartsuak ez direnen ahuleziak jasan behar ditugu, eta ez genuke guri atsegin zaiguna egin behar. 2  Gutako bakoitzak egin dezala besteei atsegin zaiena hauen onerako, hauek sendotzeko. 3  Zeren Kristok ere ez zuen berari atsegin zitzaiona egin, baizik eta idatzita dagoen bezalaxe gertatu zen: «Iraintzen zaituztenen irainak nire gain erori dira». 4  Izan ere, lehenago idatzi ziren gauza guztiak guri irakasteko idatzi ziren, gure iraupenaren bidez eta Idazkiek ematen diguten kontsolamenduaren bidez, esperantza izan dezagun. 5  Iraupena eta kontsolamendua ematen dituen Jainkoak eman diezazuela guztioi Kristo Jesusek izan zuen pentsaera berbera, 6  horrela, denok batera eta aho batez, Jesu Kristo gure Jaunaren Jainko eta Aitari aintza eman ahal izateko. 7  Beraz, ongi hartu* batak bestea Kristok zuek ongi hartu zintuzten bezalaxe, Jainkoaren aintzarako. 8  Zeren esaten dizuet Kristo zirkunzidatuen* zerbitzari izatera iritsi zela, Jainkoak beti egia esaten duela erakusteko eta beraien arbasoei Jainkoak egindako promesak fidagarriak direla frogatzeko, 9  eta nazioek Jainkoari bere errukiarengatik aintza emateko. Idatzita dagoen bezalaxe: «Horregatik goretsiko zaitut publikoki nazioen artean, eta zure izenari gorespen kantak kantatuko dizkiot». 10  Eta honakoa ere esaten du: «Naziook, poztu zaitezte bere herriarekin batera». 11  Eta beste pasarte batean esaten du: «Goretsi Jehoba, nazio guztiak. Herri guztiek goretsi dezatela». 12  Isaiasek ere dio: «Jeseren sustraia agertuko da, nazioak gobernatzera datorrena; nazioek berarengan jarriko dute esperantza». 13  Esperantza ematen duen Jainkoak pozez eta bakez bete zaitzatela berarengan konfiantza izateagatik, espiritu santuaren boterearen bidez, esperantzaz gainezka egin* dezazuen. 14  Ziur nago, ene anai-arrebok, zuek ere ontasunez eta ezagutza osoz beteta zaudetela, eta batak bestea aholkatzeko* gai zaretela. 15  Hala ere, ideia batzuei buruz argi eta garbi idatzi dizuet zuei hauek berriz gogoratzeko. Jainkoak erakutsi zidan merezigabeko eskuzabaltasunarengatik egiten dut hau, 16  nazioentzako Kristo Jesusen zerbitzari publikoa izateko. Jainkoaren berri onen lan santuan parte hartzen dut nazio hauek eskaintza atsegina, espiritu santuz santifikatua, izan daitezen. 17  Beraz, arrazoiak ditut Kristo Jesusengan pozez gainezka egoteko, Jainkoari ematen diodan zerbitzuarengatik*. 18  Zeren ez naiz beste edozein gauzaz hitz egitera ausartzen, baina bai Kristok nire bidez egin duenaz, nazioak obedienteak izan daitezen. Hau nire hitzen eta ekintzen bidez egin du, 19  mirari* eta gauza harrigarrien boterearekin batera, Jainkoaren espiritu santuaren boterearekin batera. Horrela, Kristori buruzko berri onak bete-betean predikatu ditut Jerusalemetik hasita inguru guztietan barrena Iliriaraino. 20  Modu honetan, Kristoren izena dagoeneko ezagutzera eman zen tokietan ez predikatzea jarri nuen helburu, beste batek jarritako oinarrian ez eraikitzeko. 21  Idatzita dagoen bezalaxe: «Berari buruzko berriak jaso ez zituztenek ikusi egingo dute, eta entzun ez dutenek ulertu egingo dute». 22  Horrexegatik egin zitzaidan askotan zaila zuengana joatea. 23  Baina lurralde horietan, dagoeneko ez daukat ukitu gabeko eremurik, eta urte askotan* zuengana joateko irrikan egon naiz. 24  Beraz, Espainiara bidean hortik igarotzean, zuek ikusteko esperantza daukat, eta denboratxo batez zuen konpainiaz gozatu ondoren, bidearen zati bat egiten lagunduko nauzuela espero dut. 25  Baina orain Jerusalemera bidaiatzeko zorian nago santuei zerbitzatzera. 26  Zeren Mazedoniakoek eta Akaiakoek poz-pozik konpartitu dituzte beraien gauzak Jerusalemeko santuen artean dauden pobreei dohaintza bat eginez. 27  Egia da poz-pozik egin dutela, baina berez beraiekin zorretan zeuden; zeren nazioek santuen gauza espiritualei probetxu atera badiete, beraien gauza materialekin santuak zerbitzatzera behartuta daude. 28  Beraz, betebehar hau bukatu ondoren eta dohaintza* jaso dutela ziurtatu ondoren, Espainiara abiatuko naiz, eta bidean bisitatuko zaituztet. 29  Gainera, badakit zuengana bisitatzera joatean, Kristoren bedeinkapen osoa izango dudala. 30  Anai-arrebok, Jesu Kristo gure Jaunaren bidez eta espirituaren maitasunaren bidez erregutzen dizuet, nik egiten dudan bezala, nire alde Jainkoari otoitz egiten ahalegintzeko, 31  Judeako sinesgabeen eskuetatik libratua izan nadin, eta Jerusalemeko santuen alde egin dudan zerbitzua beraiek ongi hartu dezaten. 32  Orduan, horrela, Jainkoaren nahia baldin bada, poz-pozik bisitatuko zaituztet eta elkar animatuko dugu. 33  Bakea ematen duen Jainkoa egon dadila zuek guztiokin. Amen.

Oharra

Edo «onartu».
Edo «erdainduen». Ikusi Glosarioa.
Edo «esperantza handia izan».
Edo «batak besteari irakasteko».
Edo «Jainkoarekin zerikusia duten gauzengatik».
Lit. «seinale».
Edo agian «batzuetan».
Lit. «fruitua».