Erromatarrei 2:1-29

  • Jainkoak juduak eta greziarrak epaitu (1-16)

    • Kontzientziak nola egiten duen lan (14, 15)

  • Juduak eta Legea (17-24)

  • Bihotzeko zirkunzisioa (25-29)

2  Beraz, besteak epaitzen badituzu, nor zaren axola gabe, ez duzu aitzakiarik. Izan ere, beste norbait epaitzean, zeure burua kondenatzen duzu; zeren zuk, epaitzen duzun horrek, gauza berdinak egiten dituzu.  Badakigu Jainkoak egiarekin bat eginez epaitzen duela, eta gauza horiek egiten dituztenak kondenatzen dituela.  Baina zuk ere egiten dituzun gauzak egiten dituzten pertsonak epaitzen badituzu, zer uste duzu? Jainkoaren epaitik ihes egingo duzula, ala?  Edo Jainkoaren eskuzabaltasunaren, tolerantziaren eta pazientziaren aberastasunak mespretxatzen ari al zara? Jainkoa, bere eskuzabaltasunean, zu damutzera eramaten saiatzen ari da. Ez al zara horretaz konturatzen?  Baina burugogorra zarenez eta zure bihotza damutzen ez denez, zeure buruaren aurka haserrea pilatzen ari zara, eta Jainkoak haserre hori ezagutzera emango du bere epai justuaren egunean.  Eta bakoitzari bere ekintzen arabera merezi duena ordainduko dio.  Ondo dagoena egiten jarraitzen* dutenei, betirako bizia emango die; horrelako pertsonak aintza, ohorea eta bizi ustelezina bilatzen ari dira.  Bestalde, liskarrak sortzen dituztenentzat eta egia desobeditu eta injustizia obeditzen dutenentzat, haserrea eta amorrua egongo da.  Gauza txarrak egiten dituzten guztientzat, zailtasunak* eta sufrimenduak egongo dira, lehenengo juduentzat, baita greziarrentzat ere; 10  baina ondo dagoena egiten duten guztientzat, aintza, ohorea eta bakea egongo da, juduentzat lehenengo, baita greziarrentzat ere. 11  Izan ere, Jainkoak ez du bereizketarik egiten*. 12  Legea eduki gabe bekatu egin duten guztiak, legerik gabe hilko dira; baina legepean bekatu egin duten guztiak, legearen arabera izango dira epaituak. 13  Zeren legea entzuten dutenak ez dira Jainkoaren aurrean justuak; legea betetzen dutenak izango dira justu* deklaratuak. 14  Legerik ez duten nazioetako pertsonek legearen gauzak naturalki betetzen dituztenean, nahiz eta legerik ez izan, beraien barruan lege bat dagoela erakusten dute. 15  Beraiek dira legearen esentzia bihotzetan idatzita dutela frogatzen dutenak. Beraien kontzientziak ere honi buruzko testigantza ematen du eta euren pentsamenduen bidez salatuak, edo defendatuak ere, izaten ari dira. 16  Esaten dizuedana Jainkoak, Jesu Kristoren bidez, gizadiaren gauza sekretuak epaitzen dituen egunean gertatuko da, predikatzen ditudan berri onen arabera. 17  Baina zuk judua zarela esaten baduzu, eta legean konfiantza baduzu, eta Jainkoaz harrotzen bazara, 18  eta bere nahia ezagutzen baduzu eta, legea irakatsi* dizutenez, bikainak diren gauzak onartzen badituzu, 19  eta itsuentzako gida eta iluntasunean daudenentzako argia zarela ziur bazaude, 20  eta zentzugabeen zuzentzailea eta haur txikien irakaslea zarela konbentzituta bazaude, eta legean aurkitzen diren egiaren eta ezagutzaren egitura ulertzen baduzu… 21  orduan, zuk, besteei irakasten diezun horrek, ez al diozu zeure buruari irakasten? Zuk, «Ez lapurtu» predikatzen duzun horrek, lapurtzen al duzu? 22  Zuk, «Ez egin adulteriorik» esaten duzun horrek, adulterio egiten al duzu? Zuk, idoloak gorrotatzen dituzun horrek, tenpluetan lapurtzen al duzu? 23  Zuk, legea edukitzeaz harrotzen zaren horrek, Legea hautsiz Jainkoa desohoratzen al duzu? 24  Idatzita dagoen bezalaxe: «Zuen erruz Jainkoaren izenaren aurka blasfematzen da nazioen artean». 25  Zirkunzisioa*, berez, legea obeditzen baduzu bakarrik da lagungarria. Baina legea hausten baduzu, inoiz zirkunzidatu ez bazina bezala izango da. 26  Beraz, zirkunzidatu ez den pertsonak Legearen betebehar justuak obeditzen baditu, ez al litzateke zirkunzidatua izan balitz bezala ikusiko? 27  Eta fisikoki zirkunzidatua ez dagoen pertsonak, Legea obeditzean, zu epaituko zaitu legea hausten duzulako, nahiz eta idatzizko kode bat duzun eta zirkunzidatua zauden. 28  Zeren judua ez da kanpotik judua dena, eta zirkunzisioa ez da kanpoko gauza bat, hau da, gorputzekoa. 29  Baina judua dena barrutik da judua, eta bere zirkunzisioa bihotzekoa da, espiritu bidez egiten dena eta ez idatzizko kode baten bidez. Pertsona horrek ez ditu gorespenak jendearengandik jasotzen, Jainkoarengandik baizik.

Oharra

Lit. «irauten».
Lit. «larrialdiak».
Edo «Jainkoa ez da partziala».
Edo «zuzen».
Edo «ahoz irakatsi».
Edo «erdainkuntza». Ikusi Glosarioa.