Erromatarrei 3:1-31

  • «Jainkoa egiazalea izango da» (1-8)

  • Bai juduak, bai greziarrak bekatuaren menpe daude (9-20)

  • Fedearen bidezko justizia (21-31)

    • Inor ez da Jainkoaren aintzara iristen (23)

3  Orduan, zer abantaila du judua izateak? Edo zer abantaila du zirkunzisioak*? 2  Zentzu guztietan, abantaila asko. Hasteko, Jainkoaren adierazpen sakratuak juduen esku utzi ziren. 3  Orduan, zer gertatzen da? Batzuei fedea falta izan bazitzaien, baliorik gabe utziko al du beraien fede faltak Jainkoaren leialtasuna? 4  Ez, noski! Baina Jainkoa egiazalea izango da, nahiz eta gizon guztiak gezurtiak izan, idatzita dagoen bezalaxe: «Zure hitzek justua zarela erakutsi dezaten, eta epaitua zarenean irabazi dezazun». 5  Hala ere, gure injustiziak Jainkoaren justizia nabarmentzen badu, zer esango dugu? Injustua ote da, ba, Jainkoa bere haserrea adieraztean? (Giza ikuspuntutik hitz egiten dut.) 6  Ezta pentsatu ere! Nola epaituko du bestela Jainkoak mundua? 7  Baina, nire gezurrarengatik are gehiago nabarmentzen bada Jainkoaren egia bere aintzarako, zergatik naiz orduan bekatari bezala epaitua? 8  Eta zergatik ez dugu esaten «egin ditzagun gauza txarrak, gauza onak etor daitezen»? Batzuek, faltsuki, hori esatea leporatzen digute. Pertsona horien aurkako kondena justua da. 9  Orduan, zer? Egoera hobean al gaude gu? Inola ere ez! Zeren lehenago aipatu dugun bezala, denak daude bekatuaren menpe, bai juduak, baita greziarrak ere. 10  Idatzita dagoen bezalaxe: «Ez dago gizon justurik, ezta bakar bat ere; 11  ez dago ulermenik* duen inor; ez dago Jainkoa bilatzen duen inor. 12  Denak bide zuzenetik aldendu dira, bakar batek ere ez du ezertarako balio; ez dago ona dena egiten duen inor, bakar bat ere ez». 13  «Beraien eztarria hilobi irekia da; beraien mingainarekin engainatzen dute». «Sugeen pozoia daukate ezpainen azpian». 14  «Eta ahoa madarikazioz eta saminez* beteta dute». 15  «Beraien oinak arin doaz odola isurtzera». 16  «Beraien bideetan hondamendia eta miseria dago, 17  eta ez dute bakearen bidea ezagutu». 18  «Beraien begi aurrean ez dago Jainkoari errespeturik*». 19  Baina badakigu Legeak esaten dituen gauza guztiak Legepean daudenentzat direla, aho guztiak isiltzeko eta, Jainkoaren aurrean, mundu guztia bere zigorraren erantzule izateko. 20  Beraz, inor* ez da Jainkoaren aurrean justu deklaratua izango legeak agintzen dituen ekintzak egiteagatik, zeren legeari esker dakigu zehatz-mehatz bekatua zer den. 21  Baina, orain, legea alde batera utzita, eta Legeak eta Profetek ziurtatzen duten bezala, Jainkoaren justizia ezagutzera eman da; 22  bai, Jainkoaren justizia Jesu Kristorengan fedea izatearen bidez, fedea duten guztientzat eman da ezagutzera. Ez baita bereizketarik egiten. 23  Zeren denek egin dute bekatu eta ez dira Jainkoaren aintzara iristen, 24  eta opari* bezala Jainkoak justu deklaratu ditu bere merezigabeko eskuzabaltasuna erakutsiz, Jesu Kristok ordaindutako erreskatearen bidez askatuz. 25  Jainkoak Kristo aurkeztu zuen errekontziliazio* eskaintza moduan, bere odolean fedea izatearen bidez. Hori bere justizia frogatzeko egin zuen, zeren Jainkoak pazientzia izan* zuen eta iraganeko bekatuak barkatu zituen. 26  Hori, bere justizia garai honetan frogatzeko egin zuen Jainkoak, Jesusengan fedea duen pertsona justua dela deklaratzean ere, justua izateko. 27  Orduan, ba al dago harrotzeko arrazoirik? Ez, batere ez. Zein legek ez digu hori egiten uzten? Ekintzen legeak? Ez, fedearen legeak. 28  Zeren ondorio honetara iristen gara: pertsona bat fedearengatik dela justu deklaratua, eta ez legearen ekintzak betetzeagatik. 29  Juduen Jainkoa bakarrik al da bera? Ez al da nazioetako jendearen Jainkoa ere? Bai, nazioetako jendearena ere bada. 30  Jainkoa bat bakarra denez, zirkunzidatutako pertsonak justu deklaratuko ditu fedearen ondorioz, eta zirkunzidatu gabeko pertsonak justu deklaratuko ditu beraien fedearen bidez. 31  Orduan, baliorik gabe uzten al dugu legea gure fedearen bidez? Ez horixe! Horren ordez, legea balioztatzen dugu.

Oharra

Edo «erdainkuntzak». Ikusi Glosarioa.
Edo «perspikaziarik».
Edo «mingostasunez, garraztasunez».
Lit. «beldurrik».
Lit. «haragirik».
Edo «doako opari».
Edo «espiazio». Ikusi Glosarioa, espiazio.
Edo «tolerantzia erakutsi».