Erromatarrei 6:1-23
6 Zer esango dugu orduan? Bekatu egiten jarraitu behar al genuke merezigabeko eskuzabaltasuna handitzeko?
2 Ezta pentsatu ere! Bekatuari dagokionez hil garela ikusita, nola jarraitu dezakegu bekatuan bizitzen?
3 Edo ez al dakizue Kristo Jesusengan bataiatuak izan ginen guztiok bere heriotzean bataiatuak izan ginela?
4 Beraz, lurperatuak izan ginen bere heriotzean bataiatu ginenean, Aitaren aintzaren bidez Kristo berpiztua* izan zen bezalaxe, guk ere bizitza berri bat bizi dezagun.
5 Berea bezalako heriotzean berarekin bat eginda bagaude, berea bezalako berpizkundean ere berarekin bat eginda egongo gara.
6 Zeren badakigu gure izaera zaharra berarekin batera zutoinean iltzatua izan zela gure gorputz bekatariak boterea galtzeko eta, horrela, guk bekatuaren morroi izateari uzteko.
7 Zeren hil denari bere bekatua barkatu* zaio.
8 Are gehiago, Kristorekin hil bagara, berarekin biziko garela ere sinesten dugu.
9 Zeren badakigu Kristo, orain hildakoen artetik berpiztua* izan den honetan, ez dela sekula hilko; heriotza, dagoeneko, ez da bere nagusi.
10 Zeren hil zenean, behin betiko hil zen bekatuari dagokionez*, baina bizitzen ari den bizia Jainkoarentzat bizitzen ari da.
11 Era berean, gogoratu bekatuari dagokionez hilda zaudetela, baina Kristo Jesusengatik Jainkoarentzat bizi zaretela.
12 Beraz, ez utzi bekatuari zeuen gorputz hilkorretan errege bezala agintzen eta beraien desioak obeditzera behartzen.
13 Eta zuen gorputzak* ere ez eskaini bekatuari injustiziaren arma bezala. Horren ordez, eskaini zeuen buruak Jainkoari heriotzatik bizira pasatu direnak bezala, eta eskaini zuen gorputzak* Jainkoari justiziaren arma bezala.
14 Zeren bekatuak ez du zuen nagusi izan behar legearen menpe ez zaudetelako, merezigabeko eskuzabaltasunaren menpe zaudetelako baizik.
15 Orduan, zer? Bekatu egin behar al dugu, legearen menpe egon ordez, merezigabeko eskuzabaltasunaren menpe gaudelako? Inola ere ez!
16 Ez al dakizue zeuen buruak norbaiti morroi obediente bezala eskaintzen badizkiozue, obeditzen diozuenaren morroi zaretela? Hau da, heriotzara daraman bekatuaren morroi zarete, edo justiziara daraman obedientziaren morroi.
17 Baina Jainkoari esker, nahiz eta zuek bekatuaren morroi izan zineten, eman zitzaizuen irakaspenaren ereduari bihotzez obediente egin zineten.
18 Bai, bekatutik libre geratu zinetenez, justiziaren morroi egin zineten.
19 Gizakientzat ezagunak diren hitzak erabiltzen ditut berez ahulak zaretelako*. Izan ere, gaizki dagoena egiteko zuen gorputz atalak zikinkeria eta gaiztakeriaren morroi bezala eskaini dituzuen modu berean, eskaini orain zuen gorputz atalak justiziaren morroi bezala, santua dena egiteko.
20 Zeren bekatuaren morroi zinetenean, justizia ez zen zuen nagusi.
21 Orduan, zer fruitu ematen zenuten garai hartan? Orain lotsa ematen dizueten gauzak. Izan ere, gauza horien emaitza heriotza da.
22 Baina orain, bekatutik libre geratu eta Jainkoaren morroi izatera iritsi zareten honetan, ematen duzuen fruitua santutasuna da, eta honen emaitza betirako bizia.
23 Zeren bekatuak ordaintzen duen soldata heriotza da, baina Jainkoak ematen digun oparia betirako bizia da, Kristo Jesus gure Jaunaren bidez.
Oharra
^ Lit. «altxatua».
^ Edo «bekatutik askatu».
^ Lit. «altxatua».
^ Hau da, bekatua kentzeko.
^ Lit. «gorputz atalak».
^ Lit. «gorputz atalak».
^ Lit. «zuen haragiaren ahultasunagatik».