Erromatarrei 7:1-25
7 Anai-arrebok, ez al dakizue (zeren legea ezagutzen dutenei hitz egiten ari naiz) pertsonak bizirik dauden bitartean bakarrik dela Legea euren nagusi?
2 Esaterako, ezkonduta dagoen emakumea legez bere senarrari lotuta dago senarra bizi den bitartean; baina senarra hiltzen bada, bere senarraren legetik aske geratzen da.
3 Beraz, bere senarra bizirik dagoen bitartean beste gizon batena izatera iristen bada, adultero deituko zaio. Baina bere senarra hiltzen bada, senarraren legetik libre geratzen da. Beraz, beste gizon batena izatera iristen bada, ez da adulteroa izango.
4 Modu berean, ene anai-arrebok, Kristoren gorputzaren bidez zuek ere Legeari dagokionez hil zineten, horrela, beste batena izatera iristeko —hildakoen artetik berpiztu* zenarena—, modu horretara, Jainkoari fruitua emateko.
5 Zeren haragiaren desioen arabera bizi ginenean, Legeak argi uzten zuen haragiaren desio txarrek gure gorputzak* bekatura eramaten zituztela, eta bekatu horrek heriotzara eramaten duela.
6 Baina, orain, menpean gintuenari dagokionez hil garenez, Legetik aske geratu gara, horrela, espirituaren bidez, zentzu berri batean morroiak izan gaitezen, eta ez zentzu zaharrean idatzitako kodearen bidez.
7 Orduan, zer esango dugu? Bekatu al da Legea? Ez, noski! Egia esan, ez nuke bekatua zer den jakingo Legearengatik izan ez balitz. Adibidez, ez nuke kodizia zer den jakingo Legeak «Ez kodiziatu» esan izan ez balu.
8 Baina, aginduak ematen duen aukera aprobetxatuz, bekatuak nigan mota guztietako kodizia sortu zuen, zeren legerik gabe bekatua hilda zegoen.
9 Izan ere, beste garai batean, ni bizirik nengoen legerik gabe. Baina agindua etorri zenean, bekatua bizira itzuli zen, baina ni hil egin nintzen.
10 Eta bizira eraman behar ninduen aginduak heriotzara eramaten ninduela konturatu nintzen.
11 Zeren, aginduak ematen zion aukera aprobetxatuz, bekatuak liluratu egin ninduen eta agindu horren bidez hil.
12 Beraz, Legea bere baitan santua da, eta agindua santua, justua eta ona da.
13 Orduan, ona den zerbaitek ekarri ote zuen nire heriotza? Ez, noski! Bekatua izan zen —bekatua dela frogatzeko— ona denaren bitartez heriotza eragin zidana. Horrela, aginduaren bidez bekatua are okerragoa izatera iritsi zen.
14 Badakigu Legea espirituala dela, baina ni haragizkoa naiz, bekatuari saldua.
15 Zeren ez dut nire jokabidea ulertzen: egin nahi dudana egin beharrean, gorroto dudana egiten dut.
16 Hala ere, egin nahi ez dudana egiten badut, Legea ona dela onartzen ari naiz.
17 Baina, orain, dagoeneko gauza hauek egiten dituena ez naiz ni, nigan bizi den bekatua baizik.
18 Zeren badakit nigan —hau da, nire haragian— ez dagoela ezer onik; ondo dagoena egiteko desioa dudan arren, ez naiz egiteko gai.
19 Zeren ez ditut egin nahi ditudan gauza onak egiten, baizik eta egin nahi ez ditudan gauza txarrak egiten ditut.
20 Orduan, egin nahi ez dudana egiten badut, dagoeneko ez naiz ni hori egiten duena, baizik eta nigan bizi den bekatuak egiten du.
21 Orduan, nire kasuan lege hau dagoela konturatzen naiz: ondo dagoena egin nahi dudanean, gaizki dagoena nire barnean dago.
22 Dudarik gabe, barru-barruan naizen gizonari asko gustatzen zaio Jainkoaren legea,
23 baina nire gorputzean* nire pentsamenduak gidatzen dituen legearen aurka beste lege bat borrokatzen ari dela ikusten dut, eta honek nire gorputzean* dagoen bekatuaren legearen preso egiten nau.
24 Ni bai gixajoa! Nork salbatuko nau heriotzara naraman gorputz honetatik?
25 Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren bidez! Beraz, nire pentsamenduekin Jainkoaren legearen morroi naiz, baina nire haragiarekin bekatuaren legearen morroi.
Oharra
^ Lit. «altxatu».
^ Lit. «gorputz atalak».
^ Lit. «gorputz ataletan».
^ Lit. «gorputz ataletan».