Erromatarrei 8:1-39

  • Bizia eta askatasuna espirituaren bidez (1-11)

  • Adopzio espirituak testigantza ematen du (12-17)

  • Sorkuntza Jainkoaren seme-alaben askatasuna itxaroten (18-25)

  • Espirituak guregatik erregutzen du (26, 27)

  • Jainkoak aldez aurretik aukeratuak (28-30)

  • Jainkoaren maitasunari esker garaile (31-39)

8  Orduan, Kristo Jesusekin bat eginda daudenak ez dira kondenatuak. 2  Zeren Kristo Jesusekin bat eginda bizia ematen duen espirituaren legeak, bekatu eta heriotzaren legetik libre egin zaitu. 3  Haragian ahula izateagatik Legeak egin ezin zuena, Jainkoak egin zuen: bere Semea gizaki bekatarien* antzeko itxurarekin bidali zuen bekatua kentzeko; horrela, bekatua haragian kondenatu zuen 4  Legearen betebehar zuzena gugan betetzeko, hau da, haragiak gidatuta ibili beharrean, espirituak gidatuta ibiltzen garenongan betetzeko. 5  Zeren haragiaren arabera bizi direnek haragiaren gauzetan jartzen dute arreta, baina espirituaren arabera bizi direnek espirituaren gauzetan jartzen dute arreta. 6  Arreta haragian jartzearen ondorioa heriotza da, baina arreta espirituan jartzearen ondorioa bizia eta bakea da; 7  arreta haragian jartzearen ondorioa Jainkoaren etsai izatea da, haragia ez baitago Jainkoaren legearen menpe, eta ezin da egon. 8  Horregatik, haragiaren arabera bizi direnek ezin dute Jainkoa poztu. 9  Hala ere, Jainkoaren espiritua benetan zuengan badago, ez zarete haragiaren arabera bizi, espirituaren arabera baizik. Baina norbaitek Kristoren espiritua ez badu, pertsona hori ez da Kristorena. 10  Hala ere, Kristo zuekin bat eginda badago, gorputza hilda dago bekatua dela eta, baina espirituak bizia ematen du justizia dela eta. 11  Beraz, Jesus hildakoen artetik berpiztu* zuenaren espiritua zuengan badago, Kristo Jesus hildakoen artetik berpiztu* zuenak, zuengan dagoen bere espirituaren bidez, zuen gorputz hilkorrei bizia emango die. 12  Orduan, anai-arrebok, zorretan gaude, baina ez haragiarekin haragiaren arabera bizitzeko. 13  Zeren haragiaren arabera bizi bazarete, hil egingo zarete ziur; baina espirituaren laguntzarekin gorputzaren ekintza txarrak hilarazten badituzue, biziko zarete. 14  Zeren Jainkoaren espirituak gidatzen dituen guztiak, horiek bai direla Jainkoaren seme-alaba. 15  Zeren zuek ez zenuten jaso esklabu egingo zaituzten espiritua, berriro beldurra izatera eramango zaituztena. Horren ordez, seme-alaba bezala adoptatzen zaituzten espiritua jaso zenuten. Espiritu honek honako hau oihukatzera bultzatzen gaitu: «Abba*, Aita!». 16  Espirituak berak, Jainkoaren seme-alaba garela konbentzitzen gaitu*. 17  Orduan, Jainkoaren seme-alaba bagara, herentzia jasoko dutenak gara ere —bai, Jainkoarengandik jasoko dugu herentzia, baina Kristorekin batera—. Lehenengo, ordea, berarekin batera sufritu behar dugu, gero berarekin batera ere aintza jasotzeko. 18  Horregatik, nire ustez, gaur egungo sufrimenduak ez dira ezer gure bidez ezagutzera emango den aintzarekin konparatuta. 19  Zeren sorkuntza irrika handiz itxaroten ari da Jainkoaren seme-alaben aintza ezagutzera emango den garaia. 20  Zeren sorkuntza alferrikako existentziaren menpe zegoen —ez bere nahiarengatik, baizik eta honen menpe jarri zuenaren nahiarengatik— honako esperantza hau oinarri bezala hartuta: 21  sorkuntza bera, usteltzearen esklabutzatik askatua izango da, eta Jainkoaren seme-alaben askatasun bikaina izango du. 22  Badakigu sorkuntza osoak elkarrekin aieneka eta sufritzen jarraitzen duela orain arte. 23  Ez hori bakarrik, gu ere, lehen fruituak ditugunok —hau da, espiritua—, bai, gu ere gure barruan aieneka ari gara seme-alabak bezala adoptatuak izateko ilusio handiz itxaroten dugun bitartean. Orduan, erreskatearen bitartez, gure gorputzetik askatuak izango gara. 24  Zeren esperantza honetan izan ginen salbatuak. Hala ere, ikusten den esperantza ez da esperantza; izan ere, nola espero dezake norbaitek zerbait, dagoeneko ikusten badu? 25  Baina ikusten ez duguna espero badugu, iraupenez eta ilusio handiz itxaroten jarraitzen dugu. 26  Modu berean, espiritua guri laguntzera etortzen da ahul gaudenean. Batzuetan, arazoa da ez dakigula otoitzean zer eskatu behar dugun. Baina espirituak berak guregatik erregutzen du adierazi gabeko aieneekin*. 27  Hala ere, bihotzak aztertzen dituenak badaki espirituaren asmoa zein den. Izan ere, honek santuen alde erregu egiten du Jainkoaren nahiaren arabera. 28  Badakigu Jainkoak bere ekintza guztiak elkarlanean jarri dituela Jainkoa maite dutenen onerako, bere helburuaren arabera deituak direnen onerako, alegia. 29  Zeren lehenengo beraiengan jarri zuen arreta* eta aldez aurretik aukeratu* zituen bere Semea bezalakoxeak izateko*, horrela, Semea anaia askoren artean lehensemea izan zedin. 30  Gainera, aldez aurretik aukeratu zituenak dira deitu zituenak ere; eta deitu zituenak dira justu deklaratu zituenak ere. Azkenik, justu deklaratuak izan zirenak dira aintza jaso zutenak ere. 31  Orduan, zer esan dezakegu gauza hauei buruz? Jainkoa gure alde badago, nor egongo da gure aurka? 32  Bere Semeari ere bizia barkatu ez ziola ikusita, baizik eta gu guztion alde eman zuela ikusita, ez al digu eskuzabaltasunez bere Semearekin batera beste guztia ere emango? 33  Nork salatuko ditu Jainkoaren aukeratuak? Jainkoa da justu deklaratzen dituena. 34  Nork kondenatuko ditu? Kristo Jesus da hil zena, bai, eta hori baino gehiago, berpiztua* izan zena, Jainkoaren eskuin aldean dagoena eta gure alde erregutzen duena ere. 35  Nork bananduko gaitu Kristoren maitasunetik? Zailtasunek? Larrialdiek? Pertsekuzioak? Goseak? Arroparik ez izateak? Arriskuek? Ezpatak? 36  Idatzia dagoen bezalaxe: «Zuregatik hiltzen gaituzte denbora guztian. Hiltegira eramaten dituzten ardiak bezalakoak gara». 37  Baina maite gintuenari esker, gauza guzti hauetan guztiz garaile ateratzen gara. 38  Zeren ziur nago ez heriotzak, ez biziak, ez aingeruek, ez gobernuek, ez oraingo ezerk, ez geroko ezerk, ez botereek, 39  ez altuerak, ez sakonerak, ezta beste edozein sorkuntzak ere, ezin izango gaituela Kristo Jesus gure Jaunarengan dagoen Jainkoaren maitasunetik banandu.

Oharra

Lit. «haragi bekatariaren».
Lit. «altxatu».
Lit. «altxatu».
«O Aita!» esan nahi duen hitz hebrear edo aramearra; «aitatxo» hitzak duen hurbiltasuna adierazten du.
Lit. «garen testigantza ematen du gure espirituarekin batera».
Edo «hitzekin».
Edo «beraiek errekonozitu zituen».
Edo «predeterminatu».
Edo «bere Semearen irudira moldatuak izateko».
Lit. «altxatua».