Erromatarrei 9:1-33

  • Pauloren tristura Israelgo herriarengatik (1-5)

  • Abrahamen benetako ondorengotza (6-13)

  • Inork ezin du Jainkoaren aukeraketa zalantzan jarri (14-26)

    • Haserre ontziak eta erruki ontziak (22, 23)

  • «Gutxi batzuk bakarrik salbatuko dira» (27-29)

  • Israelek estropezu egin zuen (30-33)

9  Kristoren jarraitzaile bezala egia diot; ez naiz gezurretan ari. Nire kontzientziak, espiritu santuak gidatuta, testigantza hau ematen du:  bihotzean tristura handia eta etengabeko mina dauzkat.  Zeren nahiago nuke Kristorengandik gizon madarikatu bat bezala banandua izan, modu horretan nire anaiak, nire senideak*, lagunduko banitu,  hau da, israeldarrak. Seme-alaba bezala adoptatuak izateko aukeratuak izan ziren, eta beraienak dira aintza, itunak, Legea, zerbitzu sakratua eta promesak.  Beraienak dira patriarkak, eta beraiengandik dator Kristo. Betirako goretsia izan dadila Jainkoa, guztiaren gainetik dagoena. Amen.  Hala ere, honek ez du esan nahi Jainkoaren hitzak huts egin duenik. Izan ere, Israeldik datozen guztiak ez dira benetan «Israel».  Eta Abrahamen ondorengoak izateagatik guztiak ez dira seme-alabak, idatzita baitago: «Zure ondorengotza deitua izango dena Isaaken bidez izango da».  Hau da, seme-alaba naturalak* ez dira benetan Jainkoaren seme-alabak. Honen ordez, promesaren seme-alabak dira ondorengotza bezala hartuak.  Zeren promesa honakoa izan zen: «Datorren urtean etorriko naiz garai honetan, eta Sarak seme bat edukiko du». 10  Promesa hura ez zen momentu hartan bakarrik eman, gizon baten bidez —gure arbaso Isaaken bidez—, Rebeka bikiez haurdun geratu zenean ere eman zen. 11  Bikiak jaio aurretik, eta oraindik ezer onik eta ezer txarrik egin ez zutenean —Jainkoak norbait aukeratzeko zuen helburua, ekintzen esku egon ordez, deitzen duenaren esku egoten jarraitzeko—, 12  Rebekari esan zitzaion: «Zaharrena gazteenaren morroi izango da». 13  Idatzita dagoen bezalaxe: «Jakob maitatu nuen, baina Esau gorrotatu nuen». 14  Zer esango dugu orduan? Injustua al da Jainkoa? Ez, noski! 15  Izan ere, Moisesi esaten dio: «Nik aukeratzen dudanari erakutsiko diot maitasuna, eta nik nahi dudanari erakutsiko diot errukia». 16  Beraz, aukeratzea ez dago pertsona baten nahiaren edo esfortzuaren* esku, errukia erakusten duen Jainkoaren esku baizik. 17  Zeren Idazkien pasarte batek esaten dio faraoiari: «Arrazoi honengatik utzi dizut bizitzen: zure kasuan nire boterea erakusteko eta nire izena lur osoan ezagutzera emateko». 18  Beraz, Jainkoak errukia dio berak nahi duenari, baina burugogortzen uzten dio berak nahi duenari. 19  Hala ere, esango didazu: «Zergatik aurkitzen ditu oraindik akatsak pertsonengan? Nor joan daiteke bere nahiaren kontra?». 20  Baina nor zara zu, gizaki hutsa izanda, Jainkoari erantzuteko? Esaten al dio «zergatik egin ninduzun horrela?» buztinezko ontziak buztinlariari? 21  Edo zer? Ez al du buztinlariak eskubiderik buztin puska beretik bi ontzi egiteko, bata erabilera berezirako* eta bestea erabilera arrunterako*? 22  Zer esango dugu, ba, Jainkoak, bere haserrea erakutsi eta boterea ezagutzera eman nahian, suntsipenerako egin ziren haserre ontziak pazientzia handiz toleratu bazituen? 23  Eta hori bere aintzaren aberastasunak erruki ontzietan ezagutzera emateko egin bazuen, zer? Ontzi hauek aintzarako aldez aurretik prestatu zituen, 24  eta gu gara deitu zituenak, ez bakarrik juduen artetik, baizik eta nazioen artetik ere. 25  Oseasen liburuan berak esan zuen bezala: «Nire herria ez direnei “nire herri” deituko diet, eta maitatu ez dudan emakumeari, “maitatua” deituko diot. 26  Eta “zuek ez zarete nire herria” esan zitzaien tokian, “Jainko biziaren semeak” deituko zaie». 27  Are gehiago, Isaiasek Israeli buruz esaten du: «Israelgo semeen kopurua itsasoko hondarra bezain ugaria izan arren, gutxi batzuk bakarrik salbatuko dira. 28  Zeren Jehobak kontuak garbituko ditu lurrean, guztiz eta bat-batean*». 29  Isaiasek ere aurresan zuen bezalaxe: «Armadetako Jehobak ondorengotza utzi ez baligu, Sodoma bezalakoxeak izatera iritsiko ginateke, eta Gomorraren antzekoak». 30  Zer esango dugu, orduan? Nazioetako jendeak justizia bilatu ez arren, justizia lortu zuela, fedearen ondorioz lortzen den justizia; 31  baina Israelek justiziaren lege bat bilatzen zuen arren, ez zuen lege hori lortu. 32  Zergatik ez? Ez zutelako fedearen bidez bilatu, ekintzen bidez baizik. «Estropezu harrian» egin zuten estropezu; 33  idatzita dagoen bezala: «Begira! Sionen estropezu harria eta ofentsa harkaitza jartzen ari naiz, baina bere fedea honengan jartzen duena ez da dezepzionaturik sentituko».

Oharra

Lit. «haragiaren araberako senideak».
Lit. «haragiaren seme-alabak».
Lit. «ez dago desio duenaren, ezta korrika egiten duenaren».
Lit. «ohoragarrirako».
Lit. «desohoragarrirako».
Lit. «amaituz eta laburtuz».