Joan 13:1-38

  • Jesusek dizipuluen oinak garbitu (1-20)

  • Jesusek traidorea Judas dela argitu (21-30)

  • Agindu berria (31-35)

    • «Elkar maite baduzue» (35)

  • Jesusek Pedrok ukatuko zuela aurresan (36-38)

13  Pazko Jaia baino lehen, Jesusek bazekien mundu hau uzteko eta Aitarengana itzultzeko ordua iritsi zitzaiola. Horregatik, munduan zeuden bereak maite izan zituelarik, azkeneraino maitatu zituen. 2  Afaltzen ari ziren eta Deabruak, dagoeneko, Judas Iskarioteri —Simonen semeari— Jesus traizionatzeko ideia sartua zion bihotzean. 3  Jesusek, beraz, Aitak gauza guztiak bere eskuetan jarri zituela jakinda eta Jainkoarengandik etorri zela eta Jainkoarengana itzuliko zela jakinda, 4  mahaitik altxatu, bere mantua alde batera utzi, toalla bat hartu eta gerrian lotu zuen. 5  Honen ondoren, palankana* batean ura jarri zuen eta dizipuluen oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian lotuta zeukan toallarekin lehortzen zituen. 6  Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion: «Jauna, zuk niri oinak garbitu?». 7  Jesusek esan zion: «Orain ez duzu ulertzen egiten ari naizena, baina aurrerago ulertuko duzu». 8  Pedrok esan zion: «Zuk ez didazu sekula oinik garbituko». Jesusek, berriz: «Garbitzen ez badizkizut, ez zara nireetako bat». 9  Simon Pedrok esan zion: «Jauna, orduan ez garbitu oinak bakarrik, eskuak eta burua ere bai». 10  Jesusek esan zion: «Bainatu dena guztiz garbi dago, eta oinak bakarrik garbitu behar ditu. Eta zuek garbi zaudete, baina ez denak». 11  Jesusek bazekien nork traizionatuko zuen eta, horregatik, esan zuen: «Ez zaudete denok garbi». 12  Oinak garbitu ondoren, mantua jantzi eta mahaian eseri* zen berriro, eta galdetu zien: «Ulertzen al duzue zer egin dizuedan? 13  Zuek “Maisu” eta “Jauna” deitzen didazue, eta arrazoi duzue, hala bainaiz. 14  Beraz, ni, Jauna eta Maisu izanda zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue*. 15  Eredua jarri dizuet, nik zuei egin bezala, zuek ere egiteko. 16  Bene-benetan esaten dizuet: morroia ez da bere nagusia baino handiagoa, ezta bidalia ere bidali duena baino handiagoa. 17  Orain, gauza hauek jakinda, zoriontsuak izango zarete egiten badituzue. 18  Ez naiz zuek guztiotaz hitz egiten ari; ezagutzen ditut aukeratu ditudanak. Baina hau Idazkien honako pasartea betetzeko gertatu da: “Nire ogitik jaten zuena nire aurka altxatu da*”. 19  Orain esaten dizuet, gertatu baino lehen, gertatzen denean, sinetsi dezazuen ni naizela esaten dudana. 20  Bene-benetan esaten dizuet: nik bidalitako norbaiti ongietorria ematen dionak, niri ere ongietorria ematen dit; eta ongietorria ematen didanak, bidali nauenari ere ongietorria ematen dio». 21  Gauza hauek esan ondoren, Jesus zeharo larrituta* sentitu zen, eta argi eta garbi esan zien: «Bene-benetan esaten dizuet: zuetako batek traizionatu egingo nau». 22  Dizipuluak elkarri begira hasi ziren. Nahastuta zeuden, ez baitzekiten nori buruz ari zen. 23  Dizipuluetako bat —Jesusek maite zuena— Jesusen ondo-ondoan zegoen mahaian*. 24  Orduan, Simon Pedrok buruarekin keinu bat egin eta galdetu zion: «Nori buruz ari da?». 25  Beraz, dizipulua Jesusen bularrean etzan eta galdetu zion: «Jauna, nor da?». 26  Jesusek erantzun zion: «Bustiko dudan ogi puska emango diodana, huraxe da». Beraz, ogia busti ondoren, Judasi eman zion, Simon Iskarioteren semeari. 27  Judasek ogi puska hartu ondoren, Satanas berarengan sartu zen. Orduan, Jesusek esan zion: «Egiten hasi zarena, egizu lehenbailehen». 28  Baina mahaian* zeudenetako inork ez zekien zergatik esan zuen hori. 29  Izan ere, batzuek pentsatu zuten, Judasek diru kutxaren ardura zuenez, jairako behar zutena erosteko edo pobreei zerbait emateko esaten ari zitzaiola Jesus. 30  Orduan, Judasek, ogi puska hartu bezain laster, alde egin zuen. Gaua zen. 31  Judas joan ondoren, Jesusek esan zuen: «Orain jaso du aintza Gizonaren Semeak, eta Jainkoak aintza jaso du beraren bidez. 32  Jainkoak berak emango dio aintza eta berehala emango dio aintza. 33  Semetxook, pixka bat gehiago egongo naiz zuekin. Bilatuko nauzue, baina juduei esan nien gauza bera esaten dizuet zuei ere orain: “Ni noan tokira ezin duzue etorri”. 34  Agindu berri bat ematen dizuet: maitatu batak bestea; nik maitatu zaituztedan bezalaxe, maitatu zuek ere batak bestea. 35  Horrela jakingo dute guztiek nire dizipuluak zaretela: elkar maite baduzue». 36  Simon Pedrok galdetu zion: «Jauna, nora zoaz?». Jesusek erantzun: «Ni noan tokira ezin didazu orain jarraitu, baina geroago jarraituko didazu». 37  Pedrok esan zion: «Jauna, zergatik ezin dizut orain jarraitu? Zure alde emango dut nire bizia». 38  Jesusek erantzun zion: «Zure bizia nire alde emango duzula? Bene-benetan esaten dizut: oilarrak ez du inondik inora kantatuko, zuk ezagutzen nauzula hiru aldiz ukatu arte».

Oharra

Edo «garbiontzi».
Edo «mahai aldera etzan».
Edo «garbitzera behartuta zaudete».
Lit. «bere orpoa nire aurka altxatu du».
Lit. «espirituan aztoratuta».
Lit. «Jesusen bularrean zegoen etzanda».
Edo «mahaian etzanda».