Joan 21:1-25

  • Jesus dizipuluei agertu (1-14)

  • Jesusek Pedrori maite duela ziurtatu (15-19)

    • «Eman jaten nire arditxoei» (17)

  • Jesusek maite zuen dizipuluaren etorkizuna (20-23)

  • Amaiera (24, 25)

21  Honen ondoren, Jesus berriro agertu zitzaien dizipuluei Tiberiades itsasoaren ondoan. Horrela agertu zen. 2  Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas (Bikia deitzen zutena), Galileako Kanako Natanael, Zebedeoren semeak eta beste bi dizipulu. 3  Simon Pedrok esan zien: «Arrantzatzera noa». Besteek esan zioten: «Zurekin goaz». Beraz, joan eta txalupara igo ziren, baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu. 4  Eguna argitzen ari zenean, Jesus hondartzan zegoen, baina dizipuluak ez ziren konturatu Jesus zenik. 5  Orduan, Jesusek esan zien: «Ene semeok, ez duzue jateko ezer*, ezta?». Erantzun zioten: «Ez!». 6  Jesusek esan zien: «Bota sarea txaluparen eskuinaldera eta aurkituko duzue zerbait». Bota zuten, ba, eta hainbeste arrain harrapatu zituztenez, ez ziren sarea ateratzeko gai izan. 7  Orduan, Jesusek maite zuen dizipuluak esan zion Pedrori: «Jauna da!». Jauna zela entzun zuenean, Simon Pedrok, biluzik* zegoenez, arropa jantzi eta uretara egin zuen salto. 8  Baina beste dizipuluak txalupatxoan etorri ziren, arrainez beteriko sarea arrastaka eramanez, zeren ez zeuden lurretik oso urruti, 90 bat metrotara* bakarrik. 9  Lurrera iritsi zirenean, su bat ikusi zuten. Arraina zegoen sugarretan, eta ogia. 10  Jesusek esan zien: «Ekarri arrain batzuk, oraintxe harrapatu dituzuen horietatik». 11  Beraz, Simon Pedro txalupara igo eta arrain handiz bete-beterik zegoen sarea arrastaka atera zuen lurrera; 153 arrain zeuden. Nahiz eta hainbeste izan, ez zen sarea hautsi. 12  Jesusek esan zien: «Etorri gosaltzera». Dizipuluetako bakar bat ere ez zen ausartu «nor zara?» galdetzera, zeren ongi zekiten Jauna zela. 13  Jesus hurbildu, ogia hartu eta eman egin zien, eta gauza bera egin zuen arrainarekin ere. 14  Hau izan zen, hildakoen artetik berpiztu* ondoren, Jesus dizipuluei agertu zitzaien hirugarren aldia. 15  Gosaltzen bukatu zutenean, Jesusek Simon Pedrori esan zion: «Simon, Joanen semea, hauek baino gehiago maite nauzu?». Pedrok erantzun zion: «Bai, Jauna, badakizu maite* zaitudala». Jesusek, orduan: «Eman jaten nire bildotsei». 16  Bigarren aldiz ere galdetu zion: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Pedrok erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite* zaitudala». Jesusek, orduan: «Zaindu nire arditxoak artzain batek bezala». 17  Jesusek, hirugarren aldiz, galdetu zion: «Simon, Joanen semea, maite* al nauzu?». Pedro triste-triste jarri zen hirugarren aldiz «maite al nauzu?» galdetu ziolako. Beraz, esan zion: «Jauna, zuk den-dena dakizu; badakizu maite* zaitudala». Jesusek, orduan: «Eman jaten nire arditxoei. 18  Bene-benetan esaten dizut: gazteagoa zinenean, zu bakarrik janzten zinen eta nahi zenuen tokira joaten zinen. Baina zahartzen zarenean, eskuak luzatuko dituzu eta beste batek jantziko zaitu, eta joan nahi ez duzun tokira eramango zaitu». 19  Jesusek, modu honetan, Pedrok Jainkoari zer-nolako heriotzaz emango zion aintza adierazi zuen. Ondoren, Jesusek esan zion: «Segi niri jarraitzen». 20  Pedrok buelta eman eta Jesusek maite zuen dizipulua beraien atzetik zetorrela ikusi zuen. Dizipulu hau zen afarian Jesusen bularrean etzan eta «Jauna, nork traizionatuko zaitu?» galdetu ziona. 21  Horregatik, ikusi zuenean, Pedrok galdetu zion Jesusi: «Jauna, eta zer gertatuko zaio honi?». 22  Jesusek erantzun zion: «Ni etorri arte bera hemen geratzea nahi badut, zer axola dizu zuri? Zuk segi niri jarraitzen». 23  Orduan, anaien artean zurrumurru hau zabaldu zen: dizipulu hau ez zela hilko. Baina Jesusek ez zuen esan hilko ez zenik, baizik eta: «Ni etorri arte bera hemen geratzea nahi badut, zer axola dizu zuri?». 24  Dizipulu hau da gauza hauei buruzko testigantza ematen duena eta gauza hauek idatzi dituena, eta badakigu bere testigantza egiazkoa dela. 25  Badira, gainera, Jesusek egin zituen beste gauza asko ere, banan-banan idatziko balira, nik uste, mundu osoan ere ez litzatekeela tokirik egongo idatzitako erroiluak sartzeko.

Oharra

Edo «arrainik».
Edo «arropa gutxirekin».
Lit. «200 bat ukondotara».
Lit. «altxatu».
Edo «estimatzen».
Edo «estimatzen».
Edo «estimatzen».
Edo «estimatzen».