Joan 9:1-41

  • Jesusek itsu jaiotako gizon bat sendatu (1-12)

  • Fariseuek gizonari galdetu (13-34)

  • Fariseuen itsutasuna (35-41)

9  Oinez zihoala, Jesusek jaiotzetik itsua zen gizon bat ikusi zuen. 2  Eta bere dizipuluek galdetu zioten: «Rabbi, nork egin zuen bekatu gizon hau itsu jaiotzeko? Berak ala bere gurasoek?». 3  Jesusek erantzun zien: «Ez gizon honek, ezta bere gurasoek ere, ez zuten bekatu egin. Bere kasuan, Jainkoak egin dezakeena argi eta garbi erakusteko gertatu zen hau. 4  Eguna argi dagoen bitartean, bidali nauenaren lanak bete behar ditugu. Badator gaua eta, orduan, inork ezingo du lanik egin. 5  Munduan nagoen bitartean, munduaren argia naiz». 6  Hau esan ondoren, lurrera txistua bota*, txistuarekin buztina egin eta gizonaren begietan jarri zuen. 7  Eta esan zion: «Zoaz Siloameko uraskara» (itzulita «Bidalia» esan nahi du). Joan zen, ba, gizona, garbitu egin zen eta, itzuli zenean, ikusi egiten zuen. 8  Bizilagunak eta lehen eskean ikusi ohi zutenak esaten hasi ziren: «Eserita eskean egoten zen gizona da hau, ezta?». 9  Batzuek esaten zuten: «Bai, bera da». Beste batzuek, berriz: «Ez, baina bere antza du». Eta gizonak esaten zuen: «Bai, ni naiz». 10  Beraz, galdetu zioten: «Nolatan, ba, ikusten duzu orain?». 11  Gizonak erantzun zuen: «Jesus izeneko gizonak buztina egin, nire begietan jarri eta esan zidan: “Zoaz Siloamera eta garbitu”. Beraz, joan nintzen eta, garbitu ondoren, ikusten hasi nintzen». 12  Hori entzutean, galdetu zioten: «Non dago gizon hori?». Erantzun zuen: «Ez dakit». 13  Orduan, itsu izandako gizona fariseuen aurrera eraman zuten. 14  Jesusek buztina egin ondoren itsuari begiak ireki zizkion eguna Larunbata zen. 15  Beraz, fariseuek ere gizonari galdetu zioten ea nola hasi zen ikusten. Berak erantzun zien: «Begietan buztina jarri zidan, garbitu egin nintzen, eta, orain ikusi dezaket». 16  Orduan, fariseu batzuk esaten hasi ziren: «Gizon hori ez da Jainkoaren gizona, ez baitu Larunbata errespetatzen». Beste batzuek esaten zuten: «Baina nola egin ditzake bekatari batek horrelako mirariak*?». Ez ziren ados jartzen. 17  Eta, berriro, itsua izandakoari esan zioten: «Begiak zuri ireki dizkizunez, zer diozu zuk berari buruz?». Gizonak erantzun zien: «Profeta dela». 18  Hala ere, juduek ez zuten sinetsi gizona lehen itsua zenik eta orain ikusten zuenik, bere gurasoei deitu zieten arte. 19  Eta galdetu zieten: «Hau al da zuen semea, itsu jaio zela esaten duzuena? Nolatan, ba, ikusi dezake orain?». 20  Gurasoek erantzun zuten: «Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela. 21  Baina orain nolatan ikusten duen ez dakigu; edo nork ireki dizkion begiak ez dakigu. Galdetu berari. Erantzuteko adina dauka. Berak hitz egin behar du». 22  Bere gurasoek horrela erantzun zuten juduen beldur zirelako. Izan ere, juduek dagoeneko adostua zuten Jesus hura Kristo bezala onartzen zuen edonor sinagogatik kanporatua izango zela. 23  Horregatik esan zuten gurasoek: «Erantzuteko adina dauka. Galdetu berari». 24  Orduan, itsu izandako gizonari bigarren aldiz deitu eta esan zioten: «Eman aintza Jainkoari egia esanez. Badakigu gizon hori bekataria dela». 25  Berak erantzun zuen: «Bekataria den ala ez, ez dakit. Dakidana da ni itsua nintzela eta, orain, ikusi dezakedala». 26  Orduan, galdetu zioten: «Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?». 27  Erantzun zien: «Dagoeneko esan dizuet eta ez didazue kasurik egin. Zergatik nahi duzue berriro entzun? Ez duzue zuek ere bere dizipuluak izan nahiko, ezta?». 28  Hau entzutean, mespretxuz esan zioten: «Zu bai zarela gizon horren dizipulua, baina gu Moisesen dizipuluak gara. 29  Badakigu Jainkoak Moisesi hitz egin ziola, baina hau ez dakigu nondik atera den». 30  Gizonak erantzun zien: «Hau bai dela harrigarria. Zuek ez dakizue nondik atera den, baina begiak ireki dizkit. 31  Badakigu Jainkoak ez diela bekatariei entzuten, baina norbaitek Jainkoari errespetu handia* badio eta bere nahia egiten badu, honi bai entzuten diola. 32  Mundua mundu denetik, ez da inoiz entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki dizkionik. 33  Gizon hori Jainkoarena ez balitz, ezingo luke ezer egin». 34  Eta erantzun zioten: «Guztiz bekatari jaio zinen eta zu guri irakatsi nahian?». Eta kanpora bota zuten. 35  Jesusek kanpora bota zutela entzun zuen eta, aurkitu zuenean, galdetu zion: «Ba al duzu Gizonaren Semearengan federik?». 36  Gizonak erantzun zion: «Eta nor da hori, Jauna? Esadazu berarengan fedea jarri ahal izateko». 37  Jesusek erantzun zion: «Ikusi duzu. Izan ere, zurekin hitz egiten ari da». 38  Esan zion: «Berarengan fedea dut, Jauna». Eta bere aurrean makurtu zen*. 39  Orduan, Jesusek esan zuen: «Epaiketa honetarako etorri naiz mundu honetara: ikusten ez dutenek ikusi dezaten, eta ikusten dutenak itsu bihurtu daitezen». 40  Jesusekin han zeuden fariseu batzuek hau entzutean, esan zioten: «Ez gara gu ere itsu egongo, ezta?». 41  Jesusek erantzun zien: «Itsu egongo bazinate, ez zenukete bekaturik izango. Baina ikusten duzuela esaten duzuenez, zuen bekatua ez da zuengandik aldenduko».

Oharra

Edo «listua bota; tu egin».
Lit. «seinaleak».
Lit. «Jainkoari beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
Edo «omenaldia egin zion».