Lukas 1:1-80
1 Pertsona asko aritu dira guretzat guztiz sinesgarriak diren gertaeren informazioa antolatzen.
2 Hau bat dator hasiera-hasieratik zuzeneko lekuko eta mezuaren zerbitzari izan zirenek esan zigutenarekin.
3 Horregatik, hasieratik den-dena zehaztasunez ikertu dudanez, nik ere zuri ordena logikoan idaztea erabaki dut, Teofilo agurgarria.
4 Horrela, guztiz ziur egongo zara hitzez irakatsi dizkizuten gauzak egia direla.
5 Herodes* Judeako erregearen egunetan, bazen Zakarias izeneko apaiz bat, Abias dibisiokoa. Bere emaztea Aaronen ondorengoa* zen eta Elisabet zuen izena.
6 Biak Jainkoaren aurrean zuzenak ziren, eta Jehobaren* agindu eta lege guztiak ezin hobeto* betetzen zituzten.
7 Baina ez zuten seme-alabarik, Elisabet agorra* baitzen, eta biak adinekoak ziren.
8 Behin, bere dibisioaren txanda zenez, Zakarias Jainkoaren aurrean apaiz moduan zerbitzatzen ari zen.
9 Apaizgoaren ohituraren arabera, Jehobaren santutegian sartzea tokatu zitzaion intsentsua eskaintzeko.
10 Eta, intsentsua eskaintzen zen orduan, herri osoa kanpoan zegoen otoitz egiten.
11 Momentu horretan, Jehobaren aingerua agertu zitzaion hantxe Zakariasi, intsentsuaren aldarearen eskuinaldean zutik.
12 Aingerua ikustean, Zakarias zur eta lur geratu zen, zeharo beldurtuta.
13 Baina aingeruak esan zion: «Ez izan beldur, Zakarias, Jainkoak zure erregua entzun baitu. Zure emazte Elisabetek seme bat emango dizu eta Joan jarri behar diozu izena.
14 Zoriontsu eta pozez gainezka egongo zara, eta jende asko poz-pozik jarriko da bere jaiotza dela eta.
15 Izan ere, Jehobaren ikuspuntutik handia izango da. Baina ez du ardorik, ezta beste alkohol motarik ere edan behar. Jaio baino lehen* ere espiritu santuz beterik egongo da,
16 eta israeldar askori beraien Jainko Jehobarengana itzultzen lagunduko die.
17 Gainera, Eliasen espiritu eta boterearekin, Jainkoaren aurretik joango da, aiten bihotzak semeenak bezalakoak izatera itzuli daitezen, eta desobedienteak zuzenek duten jakinduriaz jokatzera itzuli daitezen. Horrela, Jehobarentzat prest izango du prestatuta egongo den herri bat».
18 Zakariasek esan zion aingeruari: «Nola dakit nik hori egia dela? Zaharra naiz eta nire emaztea ere adinekoa da».
19 Aingeruak erantzun zion: «Ni Gabriel naiz, Jainkoaren aurrean zutik dagoena. Berak zurekin hitz egitera eta berri on hauek ematera bidali nau.
20 Baina sinetsi ez duzunez, hara!, mutu geratuko zara, gauza hauek gertatuko diren eguna iritsi arte hitz egin ezinik. Eta gauza hauek finkatutako garaian beteko dira».
21 Bitartean, herria Zakariasen zain zegoen eta denak harrituta zeuden santutegian hainbeste luzatzen ari zela ikusita.
22 Atera zenean, ezin zien hitz egin eta santutegian ikuskari bat izan* zuela konturatu ziren. Mutu jarraitzen zuenez, keinuak egiten zizkien.
23 Gero, bere zerbitzu sakratu* egunak bukatu zituenean, etxera joan zen.
24 Handik egun batzuetara, Elisabet, bere emaztea, haurdun geratu zen eta bost hilabetez etxetik atera gabe egon zen. Esaten zuen:
25 «Begira zer egin duen Jehobak nire alde. Nigan jarri du arreta neure lotsatik libratzeko».
26 Elisabeten haurdunaldiaren seigarren hilabetean, Jainkoak Gabriel aingerua Galileako Nazaret hirira bidali zuen
27 birjina zen neska bat bisitatzera. Maria zuen izena, eta Jose izena zuen Dabiden etxeko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.
28 Sartzean, aingeruak esan zion: «Agurtzen zaitut, Jainkoaren begietan hain berezia zaren hori! Jehoba zurekin dago».
29 Baina hitz horiek entzutean, Maria oso nahastuta geratu zen, eta agur horrek zer esan nahi ote zuen ulertzen saiatu zen.
30 Horregatik, aingeruak esan zion: «Ez izan beldur, Maria, Jainkoa oso pozik dago zurekin.
31 Hara!, haurdun geratuko zara eta semea izango duzu eta Jesus jarri beharko diozu izena.
32 Handia izango da eta Goi-goikoaren Semea deituko diote. Jainko Jehobak bere aita Dabiden tronua emango dio,
33 eta Jakoben etxeko Erregea izango da betiko. Bere Erreinua ez da inoiz amaituko».
34 Baina Mariak esan zion aingeruari: «Nola izango da hori posible ez badut inoiz gizon batekin sexu-harremanik izan?».
35 Aingeruak erantzun zion: «Espiritu santua etorriko da zugana eta Goi-goikoaren botereak bere itzalaz estaliko zaitu. Horregatik, jaioko denari santu deituko zaio, Jainkoaren Seme.
36 Eta hara!, Elisabet, zure senidea, bere zahartzaroan haurdun geratu da eta seme bat izango du. Agorra* deitzen zutena sei hilabeteko dago;
37 zeren Jainkoarentzat berak esandako ezer ez da ezinezkoa*».
38 Orduan, Mariak esan zuen: «Hemen da Jehobaren neskamea! Gerta dadila nirekin zuk esan duzuna». Eta, horrela, aingeruak Maria utzi eta joan egin zen.
39 Handik gutxira, Maria eskualde menditsura abiatu zen korrika eta presaka, Judako hiri batera.
40 Zakariasen etxean sartu eta Elisabet agurtu zuen.
41 Mariaren agurra entzun orduko, Elisabeten sabeleko haurrak salto egin zuen. Elisabet, orduan, espiritu santuz bete
42 eta ozenki oihukatu zuen: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua!
43 Nor naiz ni nire Jaunaren amaren bisita jasotzeko?
44 Zeren, begira! Zure agurra entzun orduko, nire sabeleko haurtxoa pozez saltoka hasi da.
45 Zoriontsua esandakoa sinetsi zuen emakumea ere, Jehobaren partez esan zitzaiona guztiz beteko baita».
46 Eta Mariak esan zuen: «Nire arimak* Jehoba goraipatzen du,
47 eta Jainkoarengatik, nire Salbatzailearengatik, nire espirituak ezin dio pozez gainezka egoteari utzi,
48 bere neskame xumearen egoerari arretaz begiratu baitio. Begira! Hemendik aurrera belaunaldi guztiek zoriontsua naizela esango dute,
49 zeren Boteretsuak gauza handiak egin ditu nire alde, eta bere izena santua da.
50 Eta belaunaldiz belaunaldi, errukia erakusten die errespetu handia* diotenei.
51 Gauza boteretsuak egin ditu bere besoarekin; bihotzean asmo harroputzak dituztenak sakabanatu ditu.
52 Gizon boteretsuak tronuetatik kendu ditu, eta umilak goratu.
53 Gose zirenak gauza onekin guztiz asetu ditu, eta aberatsak esku-hutsik bidali.
54 Bere zerbitzari Israeli laguntzera etorri da, bere errukia gogoratuz
55 betirako Abrahamen eta bere ondorengoen alde, gure arbasoei promestu zien bezalaxe».
56 Mariak hiru hilabete eman zituen Elisabetekin eta, gero, etxera itzuli zen.
57 Orduan, Elisabeti erditzeko garaia iritsi zitzaion, eta seme bat izan zuen.
58 Bizilagunek eta bere familiartekoek Jehobak erruki handia erakutsi ziola jakin zuten eta asko poztu ziren berarekin.
59 Zortzigarren egunean, haurtxoa zirkunzidatzera joan ziren, eta bere aitaren izena jartzeko asmoa zuten: Zakarias.
60 Baina bere amak esan zuen: «Ez! Joan izango du izena».
61 Baina esan zioten: «Zure familian ez dago izen hori daukan inor».
62 Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen jarri nahi zion.
63 Beraz, Zakariasek taulatxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena». Denak harrituta geratu ziren.
64 Bat-batean, Zakariasi ahoa ireki eta mingaina askatu zitzaion, eta hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.
65 Orduan, auzoan bizi ziren guztiak zur eta lur* geratu ziren, eta Judeako eskualde menditsu osoan zehar gauza guzti hauei buruz hitz egin zen.
66 Honi buruz entzun zuten guztiek hau beraien bihotzetan gorde zuten, esanez: «Zer izatera iritsiko ote da haurtxo hau?». Izan ere, Jehobaren eskua dudarik gabe berarekin zegoen.
67 Orduan, bere aitak, Zakariasek, espiritu santuz beteta, honakoa profetizatu zuen:
68 «Jaso dezala gorespen osoa Jehobak, Israelgo Jainkoak, bere herriaz errukitu eta askatu egin duelako.
69 Bere zerbitzari Dabiden etxetik salbatzaile boteretsu* bat eman digu
70 —antzinako bere profeta santuen ahotik esan zuen bezalaxe—
71 gure etsaiengandik eta gorrotatzen gaituzten guztien eskuetatik salbatzeko,
72 gure arbasoei promestu zien errukia guri erakusteko eta itun santua gogoratzeko,
73 hau da, gure arbaso Abrahami egindako zina.
74 Zin honen arabera, etsaien eskuetatik salbatu ondoren, zerbitzu sakratua emateko ohorea eskainiko zigun, zerbitzu hau beldurrik gabe
75 eta leialtasunez eta zuzentasunez bere aurrean eman dezagun gure bizitzako egun guztietan.
76 Eta zu, txiki, Goi-goikoaren profeta izango zara deitua, zeren Jehobaren aurretik joango zara bere bideak prestatzeko,
77 bere herriak jakin dezan beren bekatuak barkatuz salbatuko dituela.
78 Gure Jainkoak bere erruki samurrari esker egingo du guzti hau. Erruki honengatik, argi bat etorriko zaigu zerutik egunsentia bezala,
79 iluntasunean eta heriotzaren itzalean eserita daudenei argia emateko, eta gure pausoak bakearen bidetik gidatzeko».
80 Haurra hazi eta espirituz indartsu* bihurtu zen eta basamortuan geratu zen Israelen aurrean agertu zen arte.
Oharra
^ Lit. «alabetako bat».
^ Edo «akatsik gabe».
^ Edo «antzua».
^ Edo «Bere amaren sabelean».
^ Edo «naturaz gaindiko zerbait ikusi».
^ Edo «zerbitzu publiko».
^ Edo «Antzua».
^ Edo «Jainkoarentzat ezer ez da ezinezkoa».
^ Edo «Nire izate osoak».
^ Edo «beldurrak jota».
^ Edo «gazte heldu».