Lukas 15:1-32
15 Zergalari eta bekatari guztiak Jesusen inguruan biltzen ziren berari entzuteko.
2 Eta bai fariseuek, baita lege maisuek ere marmarka esaten zuten: «Gizon honek bekatariei ongietorria ematen die, eta beraiekin jaten du».
3 Orduan, konparaketa hau jarri zien:
4 «Zuetako batek 100 ardi baditu eta bat galtzen badu, ez al da, 99ak zelaian* utzita, galdutakoaren bila joango aurkitu arte?
5 Aurkitzen duenean, lepoan hartzen du poz-pozik.
6 Eta etxera itzultzen denean, bere lagunak eta bizilagunak bildu eta esaten die: “Poztu nirekin, galdutako ardia aurkitu dut eta!”.
7 Era berean, nik esaten dizuet: Poz handiagoa dago zeruan damutzen den bekatari batengatik, damutzeko beharrik ez duten 99 zuzenengatik baino.
8 «Edota emakume batek 10 drakma* baditu eta bat galtzen badu, ez al du argia pizten, etxea eskobatzen eta, kontu handiz, aurkitu arte bilatzen?
9 Eta aurkitzen duenean, bere lagunak eta bizilagunak bildu eta esaten die: “Poztu nirekin, galdutako drakma aurkitu dut eta!”.
10 Era berean, nik esaten dizuet: Jainkoaren aingeruak poz-pozik jartzen dira bekatari bat damutzen denean».
11 Orduan, esan zuen: «Gizon batek bi seme zituen.
12 Eta gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu herentziaren nire partea”. Beraz, aitak bi semeen artean banatu zituen bere ondasunak.
13 Egun batzuk beranduago, seme gazteenak bere gauza guztiak bildu eta urruneko herrialde batera bidaiatu zuen, eta herentzia alferrik gastatu zuen gehiegikerian biziz*.
14 Den-dena gastatu zuenean, gosete ikaragarria sortu zen herrialde hartan, eta bera ere beharra izaten hasi zen.
15 Herrialde hartako biztanle baten zerbitzura ere jarri zen eta, honek, bere lurretara bidali zuen txerriak zaintzera.
16 Eta sabela txerri-janarekin* betetzeko irrikan zegoen, baina inork ez zion ezer ematen.
17 «Zentzua berreskuratu zuenean, esan zuen: “Nire aitaren zenbat langilek daukate ogia nahiko eta soberan! Eta ni, hemen, gosez hiltzen!
18 Altxatu eta aitaren etxera itzuliko naiz, eta esango diot: ‘Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka.
19 Ez dut gehiago zure seme deitzerik merezi. Hartu nazazu zure langileetako bat bezala’”.
20 Beraz, altxatu eta aitaren etxera itzuli zen. Oraindik urruti zegoela, aitak semea ikusi zuen, eta zeharo hunkitu zen. Orduan, korrika joan, besarkatu* eta goxo-goxo eman zion muxu.
21 Eta semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka. Ez dut gehiago zure seme deitzerik merezi”.
22 Baina aitak esan zien morroiei: “Laster! Ekarri jantzirik onena eta jarriozue, eta ipini eraztun bat bere eskuan eta sandaliak bere oinetan.
23 Ekarri gizendutako zekorra eta hil ezazue. Jan dezagun eta etxera itzuli dela ospatu,
24 zeren nire seme hau hilda zegoen eta bizira itzuli da; galduta zegoen eta aurkitua izan da”. Eta elkarrekin ospatzen hasi ziren.
25 «Bitartean, seme zaharrena soroan zegoen eta, handik zetorrela, etxera hurbiltzean, musika eta dantza entzun zituen.
26 Beraz, zerbitzari bati deitu eta zer gertatzen ari zen galdetu zion.
27 Honek esan zion: “Zure anaia itzuli da, eta zure aitak gizendutako zekorra hil du berarengana onik itzuli delako”.
28 Baina seme zaharrena haserretu eta ez zuen sartu nahi izan. Orduan, aita atera eta sartzeko erregutu zion.
29 Semeak esan zion: “Begira, urte pila bat eman ditut zuretzat lanean morroi batek bezala, eta ez dut sekula zure agindurik desobeditu. Hala ere, ez didazu behin ere antxume bat eman nire lagunekin festa egiteko.
30 Baina zure seme hori, zure ondasunak prostitutekin alferrik gastatu dituen hori, etorri bezain laster, gizendutako zekorra hil duzu berarentzat”.
31 Orduan, aitak esan zion: “Ene seme, zu beti egon zara nirekin, eta nire gauza guztiak zureak dira.
32 Baina bere itzulera ospatu eta poztu beharra genuen, besterik ez, zeren zure anaia hilda zegoen eta bizira itzuli da; galduta zegoen eta aurkitua izan da”».
Oharra
^ Edo «bizitza zoroa eramanez».
^ Edo «txerriek jaten zituzten algarrobo-lekekin».
^ Lit. «lepora bota zitzaion».