Lukas 23:1-56

  • Jesus Pilato eta Herodesen aurrean (1-25)

  • Jesus eta bi gaizkileak zutoinetan (26-43)

    • «Nirekin egongo zara Paradisuan» (43)

  • Jesusen heriotza (44-49)

  • Jesusen hilobiratzea (50-56)

23  Orduan, den-denak zutitu eta Pilatorengana eraman zuten. 2  Han, Jesus salatzen hasi ziren, esanez: «Gure nazioan matxinadak bultzatzen harrapatu dugu gizon hau, Zesarri zergak ordaintzea debekatuz eta bera Kristo, errege bat, dela esanez». 3  Pilatok galdetu zion Jesusi: «Zu al zara juduen erregea?». Honek erantzun zion: «Zuk zeuk diozu». 4  Pilatok, orduan, apaizburuei eta jendetzari esan zien: «Ez dut gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen». 5  Baina behin eta berriz esaten zuten: «Herrian matxinadak sortzen ari da, Judea osoan zehar irakatsiz. Galilean hasi eta honaino ere iritsi da». 6  Hori entzutean, Pilatok gizona galilearra al zen galdetu zuen, 7  eta Herodesek gobernatzen zuen eskualdekoa zela ziurtatu zuenean, Herodesengana bidali zuen, hau ere egun horietan Jerusalemen zegoen eta. 8  Herodes, Jesus ikustean, asko poztu zen. Berari buruzko gauza asko entzun zituenez, denbora dexente zeraman Jesus ikusi nahian, eta mirariren* bat egiten ikustea espero zuen. 9  Orduan, galdera asko egiten hasi zitzaion, baina Jesusek ez zion erantzunik eman. 10  Bitartean, apaizburu eta lege maisuak zutik jarri eta amorruz beteta salatzen zuten Jesus. 11  Orduan, Herodesek, bere soldaduekin batera, mespretxuz tratatu zuen eta Jesusi burla egin zion jantzi eder bat jarriz. Gero, Pilatorengana bueltan bidali zuen. 12  Egun hartan bertan, Herodes eta Pilato, ordura arte etsaiak izandakoak, lagun egin ziren. 13  Gero, Pilatok apaizburuak, agintariak eta herria elkartu zituen, 14  eta esan zien: «Gizon hau ekarri didazue eta herria matxinatzera bultzatzen duela esan didazue. Baina begira, zuen aurrean galdeketa egin diot, eta ez dut bere aurka egiten dituzuen salaketen oinarririk ikusten. 15  Gainera, Herodesek ere ez dio errurik aurkitu, bueltan bidali baitigu. Ikusten duzuenez, gizon honek ez du heriotza merezi izateko ezer egin. 16  Beraz, zigortu eta askatu egingo dut». 17 * —— 18  Baina jendetza guztiak oihukatu zuen: «Akabatu gizon hori eta askatu Barrabas!». 19  (Gizon hau kartzelan sartu zuten gobernuaren aurka hirian egondako matxinadagatik eta hilketagatik.) 20  Pilatok Jesus askatu nahi zuenez, berriro hitz egin zien. 21  Orduan, garrasika hasi ziren, esanez: «Zutoinean hil! Zutoinean hil!». 22  Hirugarren aldiz esan zien: «Zergatik? Zer egin du gaizki gizon honek? Ez diot heriotza merezi izateko ezer aurkitu. Beraz, zigortu eta askatu egingo dut». 23  Baina, behin eta berriz, exekutatzeko eskatzen zuten oihuka, eta beraien ahotsak nagusitu ziren. 24  Beraz, eskatzen zutena egitea erabaki zuen Pilatok. 25  Askatzeko eskatzen zuten gizona, matxinada eta hilketagatik kartzelan zegoena, askatu zuen, eta Jesus beraien esku utzi zuen berarekin nahi zutena egiteko. 26  Jesus handik eramaten ari zirela, hiriaren kanpoaldetik zetorren gizon bati heldu, Zireneko Simon izeneko bati, eta tortura zutoina* gainean jarri zioten Jesusen atzetik eramateko. 27  Jende askok jarraitzen zion; hauen artean berarengatik tristuraz bular joka eta garrasika ari ziren emakume batzuk zeuden. 28  Jesusek buelta eman eta emakumeei zuzenduz, esan zien: «Jerusalemeko alabak, ez segi nigatik negar egiten. Egin negar zuengatik eta zuen seme-alabengatik. 29  Zeren, begira! Badatoz egunak jendeak esango duena: “Zoriontsuak emakume agorrak*, haurrik eman ez zuten umetokiak eta haurrik elikatu ez zuten bularrak!”. 30  Orduan, mendiei esango diete: “Erori zaitezte gure gainera!”, eta mendixkei: “Estali gaitzazue!”. 31  Zuhaitza berde-berde dagoenean gauza hauek egiten badituzte, zer gertatuko ote da ihartuta dagoenean?». 32  Jesusekin batera, bi gaizkile ere exekutatzera eramaten ari ziren. 33  Eta Buru Hezur izeneko tokira iritsi zirenean, Jesus zutoinean iltzatu zuten gaizkileen erdian. Bata bere eskuinean zegoen eta bestea ezkerrean. 34  Baina Jesusek esaten zuen: «Aita, barkaiezu, zeren ez dakite zertan ari diren». Gainera, soldaduek zotz egin zuten bere arropak banatzeko. 35  Herria hantxe zegoen, begira. Baina agintariek burla keinuak egiten zituzten, eta esaten zuten: «Besteak salbatu ditu; bere burua salbatu dezala Jainkoaren Kristo, Aukeratua, baldin bada». 36  Soldaduek ere barre egiten zioten berarengana hurbildu eta ardo garratza eskainiz, 37  eta esanez: «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua». 38  Gainera, Jesusen buruaren gainaldean inskripzio hau zegoen: «Hau da juduen erregea». 39  Orduan, han zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi mespretxuz hitz egiten hasi zitzaion, esanez: «Ez al haiz hi, ba, Kristo? Salba ezak heure burua eta salba gaitzak gu ere!». 40  Hau entzutean, beste gaizkileak errieta* egin zion: «Ez al diok Jainkoari beldurrik, hik ere zigor bera jasota? 41  Gure kasuan arrazoiak zeudek gu zigortzeko, egindakoagatik merezi diagu; baina gizon honek ez dik ezer txarrik egin». 42  Orduan, esan zuen: «Jesus, gogoratu nitaz zure Erreinuan sartzen zarenean». 43  Eta Jesusek esan zion: «Benetan esaten dizut gaur: nirekin egongo zara Paradisuan». 44  Nahiz eta dagoeneko eguerdiko hamabiak* inguru izan, lurralde osoa ilunpetan geratu zen arratsaldeko hirurak inguru* arte, 45  eguzkiaren argia desagertu baitzen. Orduan, santutegiko gortina erditik urratu zen. 46  Eta Jesusek ozen oihu egin eta esan zuen: «Aita, zure eskuetan uzten dut nire espiritua». Hori esan eta gero, hil egin zen*. 47  Gertatutakoa ikustean, armadako ofiziala Jainkoa goresten hasi zen, esanez: «Egia da, gizon hau zintzoa zen». 48  Eta exekuziorako han bildu ziren guztiek gertatutakoa ikusi zutenean, etxera itzuli ziren tristuraz bular joka. 49  Jesus ezagutzen zuten guztiak distantzia batera zeuden han, zutik. Galileatik berarekin etorritako emakumeak ere han zeuden, eta dena ikusi zuten. 50  Bazen Jose izeneko gizon on eta zuzen bat, eta Kontseiluko kidea zen. 51  (Gizon honek ez zuen beraien konplot eta ekintzen alde bozkatu.) Judeako Arimatea hirikoa zen eta Jainkoaren Erreinuaren zain zegoen. 52  Gizon hau Pilatorengana joan zen Jesusen gorpua eskatzera. 53  Eta zutoinetik jaitsi eta kalitate oneko lihozko oihal batean bildu zuen. Ondoren, harkaitzean zulatutako hilobi* batean jarri zuen. Ordura arte hilobi hartan ez zen gorpurik ipini. 54  Prestaketaren eguna zen eta Larunbata hastear zegoen. 55  Eta Jesusekin Galileatik etorritako emakumeak haraino joan ziren. Hilobiari* begiradatxo bat bota zioten, eta gorpua nola jarri zuten ikusi zuten. 56  Gero, espeziak eta usain goxoko olioak prestatzera itzuli ziren. Baina, noski, agindua jarraituz, Larunbatean atseden hartu zuten.

Oharra

Lit. «seinaleren».
Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
Edo «antzuak».
Edo «agiraka».
Lit. «seigarren ordua».
Lit. «bederatzigarren ordua».
Edo «azken arnasa eman zuen».
Edo «oroitzapen hilobi».
Edo «Oroitzapen hilobiari».