Markos 6:1-56

  • Jesus bere herrian baztertua (1-6)

  • Hamabiei predikaziorako argibideak eman (7-13)

  • Joan Bataiatzailearen heriotza (14-29)

  • Jesusek 5.000 gizoni ematen die jaten (30-44)

  • Jesus ur gainean oinez (45-52)

  • Sendaketak Genesareten (53-56)

6  Handik atera zenean, bere herrira iritsi zen, eta bere dizipuluek jarraitu egin zioten. 2  Larunbata iritsi zenean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzuten zioten gehienak zur eta lur geratu ziren, eta esan zuten: «Non ikasi ditu gizon honek gauza hauek? Zergatik eman zaio jakinduria hau? Eta zergatik egiten dira bere eskuz horrelako mirariak? 3  Ez al da hau arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta ez al dira bere arrebak hemen, gure artean, bizi?». Beraz, hau berarengan sinesteko oztopo bat izan zen*. 4  Baina Jesusek esan zien: «Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herrian, familiartean eta etxean izan ezik». 5  Beraz, ezin izan zuen han miraririk egin, gaixo bakar batzuei eskuak gainean jarri eta sendatzea izan ezik. 6  Egia esan, harriturik zegoen beraien fede faltarengatik, eta inguruko herrietan barrena ibilaldi bat egin zuen irakasten. 7  Orduan, Hamabiak elkartu eta binaka bidaltzen hasi zen, eta espiritu gaiztoen* gain autoritatea eman zien. 8  Gainera, bidaiarako ezer ez eramateko agindu zien, makila bat izan ezik; ez ogirik, ez janari poltsarik, ezta dirurik* gerrikoan ere. 9  Horretaz gain, sandaliak janzteko esan zien, baina aldatzeko jantzirik* ez eramateko. 10  Gero esan zien: «Etxe batean sartzen zaretenean, bertan gelditu handik joan arte. 11  Tokiren batean ez badizuete harrera ona egiten edo ez badizuete entzun nahi, handik ateratzerakoan, astindu zuen oinetako hautsa abisua eman zaiela erakusteko*». 12  Orduan, martxan jarri ziren eta jendeak damutu egin behar zuela predikatzen hasi ziren. 13  Gainera, deabru asko bota eta gaixo asko olioz igurtzi eta sendatzen zituzten. 14  Herodes erregeak honen berri izan zuen, Jesusen izena oso ezaguna egin baitzen. Jendeak esaten zuen: «Joan Bataiatzailea da. Hildakoen artetik berpiztu* da, eta horregatik egin ditzake mirari horiek». 15  Beste batzuek esaten zuten: «Elias da». Beste batzuek, berriz: «Profeta bat da, antzinako profetak bezalakoa». 16  Baina Herodesek Jesusi buruz esaten zutena entzun zuenean, esan zuen: «Lepoa moztu niona da, Joan. Berpiztua* izan da». 17  Izan ere, Herodes Herodiasekin —bere anaia Feliperen emaztearekin— ezkondu zen, eta emakume hau zela eta, Herodesek berak, Joan atxilotzeko eta kartzelan lotzeko agindu zuen, 18  Joanek askotan esan baitzion Herodesi: «Ez dago baimenduta zu zure anaiaren emaztearekin ezkonduta egotea». 19  Horregatik, Herodiasek gorrotoa zion eta hil egin nahi zuen, baina ezin zuen, 20  Herodes Joanen beldur baitzen. Bazekien gizon zuzen eta santua zela, eta babestu egiten zuen. Entzuten zion bakoitzean, zer egin ez zekiela gelditzen zen. Hala ere, pozik entzuten zion. 21  Baina iritsi zen Herodiasen aukera. Herodesek bere urtebetetzean afari bat antolatu zuen eta funtzionario nagusiak, komandante militarrak eta Galileako gizon inportanteenak gonbidatu zituen. 22  Orduan, Herodiasen alaba han sartu eta dantza egin zuen, eta Herodesi eta bere gonbidatuei* asko gustatu zitzaien. Beraz, erregeak esan zion neskari: «Eskatu nahi duzuna eta emango dizut». 23  Zin ere egin zion: «Eskatzen didazun edozer gauza emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere». 24  Atera zen handik neska eta amari galdetu zion: «Zer eskatuko dut?». Herodiasek erantzun zion: «Joan Bataiatzailearen burua». 25  Segituan joan zen neska, korrika batean, erregearengana, eta eskatu zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua bandeja* batean». 26  Erregea asko goibeldu zen; baina gonbidatuen* aurrean zin egin zuenez, ez zion eskaerari ezetzik esan nahi izan. 27  Orduan erregeak, segituan, bere guardiako soldadu bat bidali zuen, eta Joanen burua ekartzeko agindu zion. Beraz, joan zen soldadua, Joani kartzelan lepoa moztu 28  eta bandeja batean haren burua ekarri zuen. Neskari eman zion, eta neskak amari. 29  Joanen dizipuluek honen berri izan zutenean, etorri, gorpua hartu eta hilobi* batean jarri zuten. 30  Apostoluak Jesusen inguruan elkartu ziren, eta egindako eta irakatsitako gauza guztiak kontatu zizkioten. 31  Eta esan zien: «Zatozte nirekin, goazen gu bakarrik toki bakarti batera pixka bat deskantsatu dezazuen». Izan ere, jende asko zebilen joan-etorrian, eta ez zuten jateko astirik ere. 32  Horregatik, toki bakarti batera joan ziren txalupaz beraiek bakarrik. 33  Baina batzuek joaten ikusi zituzten eta beste askok ere jakin zuten. Beraz, hiri guztietako pertsonak lasterka joan ziren, eta beraiek baino lehenago iritsi ziren. 34  Ba, txalupatik jaistean, Jesusek jendetza handi bat ikusi zuen eta zeharo hunkitu zen, artzain gabeko ardiak bezalakoak zirelako. Eta gauza asko irakasten hasi zitzaien. 35  Dagoeneko berandu zenez, dizipuluak berarengana hurbildu eta esan zioten: «Leku hau oso aparte dago, eta dagoeneko berandu da. 36  Bidali ezazu jendetza hau inguruko landa eta herrietara joan eta jateko zerbait eros dezan». 37  Jesusek esan zien: «Eman zuek jateko zerbait». Orduan, galdetu zioten: «Nahi al duzu 200 denario* ogi erostera joatea eta jendeari jaten ematea?». 38  Jesusek esan zien: «Zenbat ogi dituzue? Zoazte eta begiratu». Begiratu ondoren, esan zioten: «Bost ogi, eta bi arrain ere bai». 39  Orduan, jende guztiari belar berdean taldeka esertzeko agindu zion. 40  Beraz, 100eko eta 50eko taldeetan eseri ziren. 41  Bost ogiak eta bi arrainak hartu zituen, zerura begiratu eta otoitz egin* zuen. Ogiak zatitu eta dizipuluei eman zizkien, beraiek jendeari banatzeko. Bi arrainak ere guztien artean banatu zituen. 42  Beraz, denek jan zuten eta bapo eginda geratu ziren. 43  Gero, 12 saski bete zituzten ogi zatiekin, arrainez gain. 44  Ogia jan zutenak 5.000 gizon izan ziren. 45  Berehala, dizipuluei txalupara igotzeko eta bere aurretik beste aldeko itsasertzera, Betsaida aldera, joateko esan zien, berak jendetza agurtzen zuen bitartean. 46  Agur esan ondoren, mendi batera igo zen otoitz egitera. 47  Ilundu zenean, txalupa itsasoaren erdian zegoen, baina Jesus lehorrean zegoen bakar-bakarrik. 48  Orduan, dizipuluei arraun egitea asko kostatzen zitzaiela ikusi zuen, haizea kontra baitzuten. Beraz, egunsentia baino lehen*, beraiengana abiatu zen itsaso gainean ibiltzen, baina gelditu gabe aurrera jarraitzea pentsatzen zuen*. 49  Itsaso gainean ibiltzen ikusi zutenean, dizipuluek pentsatu zuten: «Mamu* bat!». Eta oihuka hasi ziren, 50  zeren denek ikusi zuten eta izututa zeuden. Baina berehala hitz egin zien, esanez: «Lasai! Ni naiz. Ez beldurrik izan». 51  Orduan, txalupara igo zen beraiekin, eta haizea baretu egin zen. Hau ikustean, zeharo txundituta geratu ziren, 52  ez baitzuten oraindik ogien mirariaren esanahia harrapatu, eta bihotza itxita zutenez, ez ziren ulertzeko gai. 53  Itsasoa gurutzatu ondoren, Genesaretera iritsi ziren, eta han inguruan bota zuten aingura. 54  Baina txalupatik jaitsi bezain laster, hango biztanleak Jesus zela konturatu ziren. 55  Orduan, lurralde guzti hartan zehar korrika joan ziren eta gaixoak ekartzen zizkioten esku-oheetan. Jesus nonbait zegoela entzutean, hara joaten ziren. 56  Herri, hiri edo landa inguruetara joaten zen bakoitzean, gaixoak ateratzen zizkioten merkatu plazetara. Eta bere jantziaren ertza behintzat ukitzen uzteko erregutzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendatzen ziren.

Oharra

Edo «berarengatik estropezu egiten hasi ziren».
Lit. «zikinen; kutsatuen».
Lit. «kobrerik».
Lit. «bi jantzi».
Lit. «haien aurkako testigantzarako».
Lit. «altxatu».
Lit. «Altxatua».
Edo «mahai aldera etzanda zeudenei».
Edo «azpil; erretilu».
Edo «mahai aldera etzanda zeudenen».
Edo «oroitzapen hilobi».
Edo «bedeinkapen bat esan».
Lit. «laugarren gaualdian». Jesusen garaian, gutxi gorabehera goizeko 3:00etatik egunsentira arteko denbora tartea zen (6:00ak aldera).
Edo «aurrera jarraitzeko zorian zegoen».
Edo «agerpen».