Markos 9:1-50
-
Jesusen itxuraldatzea (1-13)
-
Deabru baten menpe zegoen mutiko bat sendatu (14-29)
-
«Fedea daukanarentzat gauza guztiak dira posible» (23)
-
-
Jesusek bere heriotza berriro aurresan (30-32)
-
Dizipuluak handiena nor ote den eztabaidatzen (33-37)
-
Gure aurka ez dagoena, gure alde dago (38-41)
-
Estropezu egitera daramaten oztopoak (42-48)
-
«Eduki gatza zeuengan» (49, 50)
9 Gainera, esan zien: «Benetan esaten dizuet: hemen dauden batzuek ez dute inola ere heriotza dastatuko Jainkoaren Erreinua dagoeneko boterearekin ezarrita* ikusi arte».
2 Sei egun beranduago, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan aparte hartu eta mendi altu batera eraman zituen, eta hauen aurrean itxuraz aldatu* zen.
3 Bere jantziak distira egiten hasi ziren, zuri-zuri bihurtuz. Lurreko garbitzaile bakar batek ere ez lituzke hain zuri utziko.
4 Gainera, Elias eta Moises agertu zitzaizkien eta Jesusekin hizketan ari ziren.
5 Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: «Rabbi, ze ondo hemen gaudela. Prestatu ditzagun hiru kanpadenda, bat zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
6 Izan ere, Pedrok ez zekien nola jokatu, oso beldurturik zeuden eta.
7 Momentu horretan, hodei bat sortu eta estali egin zituen, eta hodeitik ahots bat atera zen, esanez: «Hau da nire Seme kuttuna. Entzun berari».
8 Eta bat-batean, ingurura begiratzean, ez zuten beraiekin inor gehiago ikusi, Jesus izan ezik.
9 Menditik jaisten ari zirela, zorrotz agindu zien ikusitakoa inori ez kontatzeko, Gizonaren Semea hildakoen artetik berpiztu* arte.
10 Esandakoa obeditu* zuten, baina Jesus hildakoen artetik berpizteak* zer esan nahi ote zuen eztabaidatzen zuten elkarren artean.
11 Eta Jesusi galdezka hasi ziren: «Zergatik esaten dute lege maisuek lehenengo Elias etorri behar dela?».
12 Jesusek erantzun zien: «Elias etorriko da lehenengo, eta gauza guztiak bere tokian jarriko* ditu. Baina, orduan, zergatik dago idatzita Gizonaren Semeak gorriak ikusiko dituela* eta mespretxuz tratatuko dutela?
13 Baina nik esaten dizuet: Elias dagoeneko etorri da, eta nahi izan zutena egin zioten, idatzita dagoen bezala».
14 Beste dizipuluengana iritsi zirenean, inguruan jendetza handi bat zutela eta lege maisu batzuk beraiekin eztabaidan ari zirela ikusi zuten.
15 Baina jendetza, Jesus ikusi bezain pronto, harrituta geratu zen eta korrika joan zen bera agurtzera.
16 Beraz, galdetu zion Jesusek jendetzari: «Zertaz ari zineten eztabaidatzen beraiekin?».
17 Jendetzako gizon batek erantzun zion: «Maisu, nire semea ekarri dizut, mutu utzi duen espiritu bat duelako.
18 Erasotzen dion bakoitzean, lurrera botatzen du eta mutikoak ahotik lerdea* bota, hortz karraskaka hasi eta indarrik gabe gelditzen da. Zure dizipuluei espiritua botatzeko eskatu diet, baina ezin izan dute».
19 Jesusek erantzun zien: «Belaunaldi fedegabea, noiz arte egon beharko dut zuekin? Noiz arte jasan beharko zaituztet? Ekarri mutikoa».
20 Beraz, mutikoa ekarri zioten. Jesus ikusi orduko, espirituak konbultsioak eragin zizkion mutikoari. Lurrera erori ondoren, mutikoa bueltaka zebilen, ahotik lerdea botatzen zuela.
21 Orduan, Jesusek galdetu zion aitari: «Noiztik gertatzen zaio hau?». Aitak, berriz: «Txikia zenetik.
22 Eta askotan, espirituak sutara botatzen du, baita uretara ere, hiltzeko asmoz. Baina zerbait egin ahal baduzu, errukitu gutaz eta lagundu gaitzazu».
23 Jesusek esan zion: «Nola “ahal baduzu”? Fedea daukanarentzat gauza guztiak dira posible».
24 Segituan, mutikoaren aitak oihuka esan zuen: «Fedea dut! Baina lagundu fede handiagoa izaten!».
25 Jesusek jendetza handi bat beraiengana korrika zetorrela ikustean, espiritu gaiztoari* errieta egin zion, esanez: «Espiritu mutu eta gorra, mutikoarengandik ateratzeko eta berriz ez sartzeko agintzen dizut!».
26 Oihu egin eta mutikoari konbultsio asko eragin ondoren, espiritua atera egin zen. Mutikoa hilda bezala geratu zen. Eta jende gehienak esaten zuen: «Hilda dago!».
27 Baina Jesusek eskutik hartu eta altxatu egin zuen, eta mutikoa zutik jarri zen.
28 Ondoren, Jesus eta bere dizipuluak etxe batean sartzean, hauek aparte hartu zuten Jesus eta galdetu zioten: «Zergatik ezin izan dugu guk bota?».
29 Erantzun zien: «Horrelako espirituak otoitzaren bidez bakarrik bota daitezke».
30 Handik atera eta Galilean barrena joan ziren, baina Jesusek ez zuen inork bera non zegoen jakiterik nahi.
31 Izan ere, bere dizipuluei irakasten ari zitzaien. Esaten zien: «Gizonaren Semea traizionatua izango da, eta gizakien esku utziko dute, eta hil egingo dute. Baina hil arren, hiru egun ondoren, berpiztuko* da».
32 Hala ere, ez zuten Jesusek esandakoa ulertu, eta galdetzeko beldur ziren.
33 Eta Kapernaumera iritsi ziren. Etxe barruan zegoenean, galdetu zien bere dizipuluei: «Zertaz eztabaidatzen ari zineten bidean?».
34 Isil-isilik geratu ziren, bidean handiena nor ote zen eztabaidatzen aritu zirelako.
35 Beraz, Jesus eseri, Hamabiei deitu eta esan zien: «Norbaitek lehena izan nahi badu, guztien artean azkena eta denen zerbitzari izan behar du».
36 Orduan, haur bat hartu, beraien erdian jarri eta, haurtxoa besoekin inguratuz, esan zien:
37 «Nire izenean horrelako haurtxoei ongietorria ematen dienak, niri ere ematen dit. Eta ongietorria ematen didanak, ez dit niri bakarrik ematen; bidali nauenari ere ematen dio».
38 Joanek esan zion: «Maisu, zure izenean deabruak botatzen zituen gizon bat ikusi dugu eta, gurekin ez zebilenez, geldiarazten saiatu gara».
39 Baina Jesusek esan zion: «Ez saiatu geldiarazten, zeren nire izenean mirari bat egiten duen norbaitek ezin du segituan niri buruz gaizki esaka hasi.
40 Gure aurka ez dagoena, gure alde baitago.
41 Benetan esaten dizuet: Kristoren jarraitzaileak izateagatik baso bat ur ematen dizuena, ez da inola ere saririk gabe geldituko.
42 Baina fedea duen txiki hauetako bat estropezu* egitera eramaten duenak, hobe luke lepoan errotarri handi bat* lotu eta itsasora botako balute.
43 «Noizbait eskuak estropezu egitera eramaten bazaitu, moztu. Hobe duzu eskumotz bizia lortu, bi eskuekin betirako suntsitua* izatea baino, hau da, itzali ezin den sutara botata izatea baino.
44 * ——
45 Eta oinak estropezu egitera eramaten bazaitu, moztu. Hobe duzu herren bizia lortu, bi oinekin betirako suntsitua* izatea baino.
46 * ——
47 Eta begiak estropezu egitera eramaten bazaitu, bota urrutira. Hobe duzu begi bakarrarekin Jainkoaren Erreinuan sartu, bi begiekin betirako suntsitua* izatea baino.
48 Han harrak* ez dira hiltzen eta sua ez da itzaltzen.
49 «Izan ere, denak suaz izango dira gazituak.
50 Gauza ona da gatza, baina gatza gezatzen bada, zerekin gazituko duzue berriro? Eduki gatza zeuengan eta mantendu bakea elkarren artean».
Oharra
^ Edo «etorria».
^ Edo «antzaldatu; itxuraldatu».
^ Lit. «altxatu».
^ Edo agian «gaia beraientzat gorde».
^ Edo «altxatzeak».
^ Edo «berrezarriko».
^ Edo «asko sufrituko duela».
^ Edo «bitsa; aparra; haguna».
^ Lit. «zikinari; kutsatuari».
^ Lit. «altxatuko».
^ Edo «bekatu».
^ Edo «astoek mugitzen dutena bezalako errotarri bat».
^ Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
^ Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
^ Edo «zizareak».