Mateo 20:1-34
20 «Izan ere, zeruko Erreinua honekin konparatu daiteke: goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen lur jabearekin.
2 Langileekin egunean denario* bat pagatuko ziela adostu eta gero, mahastira bidali zituen.
3 Goizeko bederatziak* aldera, berriro atera eta lanik gabe zeuden beste batzuk ikusi zituen plazan*,
4 eta esan zien: “Zuek ere zoazte mahastira, eta bidezkoa dena ordainduko dizuet”.
5 Langileak hara joan ziren. Berriro, eguerdiko hamabiak* eta arratsaldeko hirurak* aldera plazara atera eta jabeak langile gehiagori eman zien lana.
6 Azkenean, arratsaldeko bostak* aldera beste behin atera eta beste batzuk aurkitu zituen geldirik, eta esan zien: “Zergatik egon zarete hemen egun osoan lanik egin gabe?”.
7 Beraiek esan zioten: “Ez gaituelako inork kontratatu”. Berak esan zien: “Zoazte zuek ere mahastira”.
8 «Ilunabarrean, mahastiaren jabeak enkargatuari esan zion: “Deitu langileei eta ordaindu soldata. Hasi azkenekoekin eta lehenengoekin bukatu”.
9 Arratsaldeko bostetan kontratatuak izan zirenak etortzean, bakoitzak denario bat jaso zuen.
10 Beraz, lehenengoak iritsi zirenean gehiago jasoko zutela uste zuten, baina beraiek ere denario bana jaso zuten.
11 Hori dela eta, mahasti jabearen aurka marmarka hasi ziren,
12 eta esan zuten: “Azken hauek ordubete besterik ez dute lan egin. Hala ere, guri bezainbeste ordaindu diezu, nahiz eta guk egun osoko zama eraman eta izugarrizko beroa pasa!”.
13 Baina jabeak haietako bati erantzun zion: “Lagun, ez dizut ezer txarrik egin. Denario bat pagatuko nizula geratu ginen, ezta?
14 Hartu zurea eta zoaz. Azken honi zuri bezainbeste eman nahi diot.
15 Ezin al dut nire diruarekin nahi dudana egin? Beraiekin eskuzabala* izan naizelako inbidiatan, ala*?”.
16 Horrela, azkenekoak lehenengoak izango dira, eta lehenengoak azkenekoak».
17 Jerusalemera igotzen ari zirela, Jesusek 12 dizipuluak aparte hartu eta esan zien:
18 «Begira! Jerusalemera igotzen ari gara eta Gizonaren Semea apaizburu eta lege maisuen esku utziko dute. Hiltzera kondenatuko dute
19 eta nazioetako gizonen esku utziko dute; barre egingo diote, zigortu* eta zutoin batean exekutatuko dute; eta hirugarren egunean berpiztua* izango da».
20 Orduan, Zebedeoren semeen ama Jesusi hurbildu zitzaion semeekin batera eta bere aurrean makurtu zen* zerbait eskatzeko asmoz.
21 Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?». Berak erantzun: «Agindu nire bi semeak zure ondoan esertzeko zure Erreinuan, bata eskuinean eta bestea ezkerrean».
22 Jesusek erantzun: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gai al zarete laster edango dudan kopatik edateko?». Erantzun zioten: «Bai, gai gara».
23 Jesusek orduan: «Nire kopatik edan, edango duzue. Baina nire eskuinean eta nire ezkerrean nor eseriko den erabakitzea ez dago nire esku; nire Aitak aukeratu dituenak eseriko dira toki horietan».
24 Beste hamarrek gertatutakoa jakin zutenean, bi anaiekin haserretu ziren.
25 Baina Jesusek denak elkartu eta esan zien: «Badakizue nazioetako agintariek herria beraiena izango balitz bezala jokatzen dutela, eta gizon inportanteek menpean dutela jendea.
26 Baina zuen kasuan ez da horrela izan behar; zuen artean handiena izan nahi duenak besteen zerbitzari izan behar du.
27 Eta zuen artean lehena izan nahi duenak, besteen morroi.
28 Horixe da Gizonaren Semeak egin zuena. Bera ez zen zerbitzatua izatera etorri, besteak zerbitzatzera baizik, eta jende askoren truke bere bizia erreskate moduan ematera».
29 Jerikotik ateratzen ari zirela, jendetza handi batek jarraitu zion.
30 Orduan, bide ondoan eserita zeuden bi itsuk Jesus pasatzen ari zela entzun zuten, eta oihukatu zioten: «Jauna, Dabiden Semea, errukitu zaitez gutaz!».
31 Jendeak errieta egin zien, isilik egoteko esanez. Baina beraiek oraindik ozenago egin zuten oihu: «Jauna, Dabiden Semea, errukitu zaitez gutaz!».
32 Beraz, Jesus gelditu, dei egin eta galdetu zien: «Zer nahi duzue zuen alde egitea?».
33 Itsuek orduan: «Jauna, zabaldu daitezela gure begiak».
34 Zeharo hunkituta, Jesusek begiak ukitu zizkien eta berehala hasi ziren ikusten, eta jarraitu egin zioten.
Oharra
^ Lit. «Hirugarren ordu».
^ Edo «merkatu plazan».
^ Lit. «seigarren ordu».
^ Lit. «bederatzigarren ordu».
^ Lit. «hamaikagarren ordu».
^ Edo «ona».
^ Lit. «gaiztoa al da zure begia?».
^ Edo «zigorrez jo; azotatu».
^ Lit. «altxatua».
^ Edo «omendu egin zuen».