Mateo 22:1-46
22 Jesusek beste behin konparaketak erabiliz hitz egin zien, eta esan zien:
2 «Zeruko Erreinua honekin konparatu daiteke: bere semearen ezkontzarako bankete handi bat prestatu zuen erregearekin.
3 Morroiak bidali zituen gonbidatuak deitzera, baina ez zuten etorri nahi izan.
4 Beste morroi batzuk ere bidali zituen, eta esan zien: “Esaiezue gonbidatuei: ‘Begira! Bazkaria prest dut, zezenak eta animalia gizenduak hil ditut eta dena prest dago. Etorri ezkontzara’”.
5 Baina ez zioten kasurik egin eta joan egin ziren, batzuk euren soroetara eta beste batzuk euren negozioetara.
6 Baina gainerako gonbidatuek morroiak harrapatu, jipoitu eta hil egin zituzten.
7 «Erregeak, haserre bizian, bere armada bidali, hiltzaileak akabatu eta beraien hiria erre zuen.
8 Ondoren, morroiei esan zien: “Ezkontzarako prest dago dena, baina gonbidatuek ez dute bertan egotea merezi.
9 Beraz, zoazte hiritik ateratzen diren bideetara eta gonbidatu ezkontzara topatzen duzuen jende guztia”.
10 Atera ziren morroiak bideetara eta topatutako guztiak bildu zituzten, on eta gaizto. Eta ezkontzarako gela gonbidatuz bete zen.
11 «Erregeak, gonbidatuak ikustera sartu zenean, ezkontza-jantzirik gabe zegoen gizon bat ikusi zuen.
12 Beraz, esan zion: “Lagun, nolatan sartu zara hemen ezkontza-jantzirik gabe?”. Gizona mutu geratu zen.
13 Erregeak bere zerbitzariei esan zien: “Lotu esku eta hanketatik eta bota kanpora, ilunpetara. Han bai egingo duela negar eta hortz karraska”.
14 «Zeren askori luzatzen zaie gonbidapena, baina gutxi dira aukeratuak».
15 Orduan, fariseuak alde egin eta azpijokoan aritu ziren, Jesus okerreko zerbait esaten harrapatu nahian.
16 Beraz, beraien dizipulu batzuk, Herodesen jarraitzaile batzuekin batera, Jesusengana bidali zituzten honako hau esatera: «Maisu, badakigu beti egia esaten duzula eta Jainkoari buruz egia irakasten duzula. Badakigu ez zaizula inporta jendeak begi onez ikusten zaituen ala ez, zeren ez diozu kanpoko itxurari begiratzen.
17 Esaguzu orduan, zer pentsatzen duzu? Zesarri zerga* ordaintzea baimenduta dago* ala ez?».
18 Jesusek beraien maltzurkeria ezagutzen zuenez, esan zien: «Hipokrita halakoak! Zergatik jartzen nauzue probapean?
19 Erakutsi zerga ordaintzeko txanpona». Eta denario* bat ekarri zioten.
20 Jesusek galdetu zien: «Norena da irudi eta izen hau?».
21 Erantzun zioten: «Zesarrena». Jesusek orduan: «Eman, ba, Zesarrena Zesarri, baina Jainkoarena Jainkoari».
22 Hau entzutean, harrituta geratu ziren eta, alde eginez, Jesus bakean utzi zuten.
23 Egun hartan bertan, saduzearrak hurbildu zitzaizkion. Hauek ez dute berpizkundean sinesten, eta galdetu zioten:
24 «Maisu, Moisesek esan zuen: “Gizon bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, anaiak alargunarekin ezkondu behar du, eta bere anaiari ondorengoa eman behar dio”.
25 Ba, baziren gure artean zazpi anaia. Lehenengoa ezkondu, baina seme-alabarik gabe hil zen. Orduan, bere anaia ezkondu zen alargunarekin.
26 Gauza bera gertatu zen bigarren eta hirugarrenarekin, zazpigarrenera iritsi arte.
27 Azkenean, emakumea ere hil zen.
28 Orduan, berpizkundean, zazpi horietatik noren emaztea izango da? Zeren denak egon ziren berarekin ezkonduta».
29 Jesusek erantzun zien: «Oker zabiltzate, ez dituzuelako ez Idazkiak, ezta Jainkoaren boterea ere ezagutzen.
30 Izan ere, berpiztean, gizonak ez dira ezkontzen, ezta emakumeak ezkontzeko ematen ere. Zeruko aingeruak bezalakoak dira.
31 Hildakoen berpizkundeari buruz ere, ez al duzue irakurri Jainkoak esan zizuen hau:
32 “Ni Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa naiz”? Bera ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik».
33 Hau entzutean, jendetza erabat txundituta geratu zen bere irakaspenarekin.
34 Jesusek erantzunik gabe utzi zituen saduzearrak, eta fariseuek jakin zutenean, saduzearrekin elkartu eta Jesusengana etorri ziren.
35 Eta Legean aditua zen batek, probatu nahian, galdetu zion:
36 «Maisu, zein da Legeko agindurik inportanteena?».
37 Jesusek esan zion: «“Maita ezazu Jehoba* zure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo* osoz eta adimen guztiz”.
38 Hau da agindurik inportanteena eta lehena.
39 Bigarrena, eta antzekoa, hau da: “Maitatu lagun hurkoa* zeure burua bezala”.
40 Bi agindu hauek dira Lege osoaren eta profeten oinarria».
41 Fariseuak oraindik han bilduta zeudela, Jesusek galdetu zien:
42 «Zer diozue Kristori buruz? Noren semea da?». Erantzun zioten: «Dabidena».
43 Jesusek orduan: «Nolaz, ba, deitzen dio Dabidek, espiritu santuaren eraginez, Jauna? Hauxe esan baitzuen Dabidek:
44 “Jehobak nire Jaunari esan zion: ‘Eseri nire eskuinean zure etsaiak oinen azpian jartzen dizkizudan arte’”.
45 Dabidek Jauna deitzen badio, nolatan izan daiteke bere semea?».
46 Inork ezin izan zion txintik ere erantzun, eta egun hartatik aurrera inor ez zen ausartu galdera gehiago egitera.
Oharra
^ Hau da, pertsona bakoitzak ordaindu beharreko zerga.
^ Edo «zilegi da».
^ Edo «arima».
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».