Mateo 24:1-51

  • KRISTOREN PRESENTZIAREN SEINALEA (1-51)

    • Gerrak, goseteak eta lurrikarak (7)

    • Berri onak predikatuko dira (14)

    • Larrialdi handia (21, 22)

    • Gizonaren Semearen seinalea (30)

    • Pikondoa (32-34)

    • «Noeren garaia bezalakoa» (37-39)

    • «Segi erne egoten» (42-44)

    • Morroi leiala eta morroi gaiztoa (45-51)

24  Jesus tenplutik ateratzen ari zela, bere dizipuluak hurbildu eta tenpluko eraikinak erakutsi zizkioten. 2  Orduan, esan zien: «Ikusten duzue hau dena? Ba, bene-benetan esaten dizuet ez dela inola ere harririk harri gainean geratuko, behera botako dute dena». 3  Jesus Oliamendin eserita zegoela, dizipuluek aparte hartu eta galdetu zioten: «Esaguzu, noiz gertatuko dira gauza hauek? Eta zein izango da zure presentziaren* eta sistemaren* amaieraren* seinalea?». 4  Jesusek erantzun zien: «Kontuz ibili, ez zaitzatela inork engainatu, 5  zeren asko nire izenean etorriko dira Kristo direla esanez, eta jende asko engainatuko dute. 6  Hurbileko eta urrutiko gerrei buruz entzungo duzue. Hala ere, ez larritu; izan ere, gauza hauek gertatu behar dira, baina oraindik ez da azkena. 7  «Nazioak nazioen aurka eta erreinuak erreinuen aurka borrokatuko dira, eta goseteak eta lurrikarak egongo dira han eta hemen. 8  Hau guztia sufrimendu handien* hasiera da. 9  «Orduan jendeak pertsegitu eta hil egingo zaituzte, eta nazio guztiek nire izenagatik gorrotatuko zaituztete. 10  Eta orduan askok fedea galduko* dute, eta elkar traizionatu eta gorrotatuko dute. 11  Profeta faltsu asko agertuko dira eta jende asko engainatuko dute 12  eta, gaiztakeria* gero eta handiagoa izango denez, gehiengoaren maitasuna hoztu egingo da. 13  Baina azkenera arte irauten duena*, salbatua izango da. 14  Eta Erreinuaren berri onak lur* osoan predikatuko dira nazio guztiek entzun ditzaten*, eta orduan etorriko da azkena. 15  «Beraz, Daniel profetak esan bezala, gauza nazkagarri eta suntsitzailea toki santu batean zutik ikustean (hau ulertzeko irakurleak* bereizmena behar du), 16  orduan Judean daudenek ihes egin dezatela mendietara. 17  Etxe gaineko terrazan dagoena ez dadila jaitsi etxeko gauzak hartzera, 18  eta soroan lanean dagoena ez dadila bere mantuaren bila itzuli. 19  Ai, egun horietan haurdun dauden edo haurrei bularra ematen ari diren emakumeak! 20  Otoitz egin, behin eta berriz, neguan edo Larunbatez ihes egin behar ez izateko, 21  zeren orduan larrialdi* handia egongo da. Mundua mundu denetik orain arte, ez da horrelako larrialdirik egon eta ez da inoiz gehiago egongo. 22  Izan ere, Jainkoak garai hori laburtuko ez balu, ez litzateke inor salbatuko. Baina aukeratuengatik, laburtu egingo du. 23  «Orduan norbaitek esaten badizue: “Begira! Hemen dago Kristo!”, edo “Han dago!”, ez sinetsi. 24  Izan ere, Kristo faltsuak eta profeta faltsuak agertuko dira, eta izugarrizko mirariak* eta gauza harrigarriak egingo dituzte jendea engainatzeko eta, ahal bada, aukeratuak ere engainatzeko. 25  Gogoratu! Aldez aurretik abisatu dizuet. 26  Horregatik, jendeak esaten badizue: “Begira! Basamortuan dago”, ez joan, eta esaten badizue: “Begira! Etxe barruan dago!”, ez sinetsi. 27  Tximistak ekialdetik mendebaldera argi egiten duen bezala, horrelakoa izango da Gizonaren Semearen presentzia*. 28  Gorpua non, hantxe bilduko dira arranoak. 29  «Egun horietako larrialdiaren ondoren, berehala, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik emango, izarrak zerutik eroriko dira eta zeruko botereak astinduak izango dira. 30  Orduan Gizonaren Semearen seinalea agertuko da zeruan, eta lurreko herri* guztiak bihozminez bular joka hasiko dira, eta Gizonaren Semea zeruko hodeien gainean etortzen ikusiko dute botere eta aintzaz beterik. 31  Eta turuta hots ozen batekin bere aingeruak bidaliko ditu eta hauek lau haizetatik bere aukeratuak bilduko dituzte, zeruko punta batetik bestera. 32  «Ikasi pikondoari buruzko konparaketa honetatik: kimu berriari hostoak atera bezain laster, badakizue uda hurbil dagoela. 33  Zuek ere, hau dena ikustean, jakin ezazue bera* hurbil dagoela, atarian. 34  Benetan esaten dizuet belaunaldi hau ez dela inola ere desagertuko hau dena gertatu arte. 35  Zeru-lurrak desagertuko dira, baina nire hitzak ez dira sekula desagertuko*. 36  «Egunari eta orduari buruz ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ezta Semeak ere; Aitak bakarrik daki. 37  Gizonaren Semearen presentzia* Noeren garaia bezalakoa izango da. 38  Izan ere, Uholdearen aurreko egunetan, jendea jaten eta edaten zebilen eta gizon-emakumeak ezkondu egiten ziren, Noe arkan sartu zen eguna iritsi arte. 39  Eta ez zuten kasurik egin, Uholdea etorri eta guztiak suntsitu zituen arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen presentzian ere. 40  Orduan bi gizon soroan egongo dira; bata eraman egingo dute, eta bestea utzi. 41  Bi emakume errotarekin garia txikitzen ariko dira; bata eraman egingo dute, eta bestea utzi. 42  Beraz, segi erne egoten ez dakizuelako zuen Jauna zein egunetan etorriko den. 43  «Hori bai, kontuan izan: etxeko jabeak lapurra gaueko zein momentutan etorriko den jakin izan balu, esna geratuko zen eta ez zion lapurrari etxean sartzen utziko. 44  Horregatik, zuek ere prest egon, Gizonaren Semea gutxien espero duzuen orduan etorriko baita. 45  «Nor da benetan morroi leial eta zentzuduna*, nagusiak etxeko zerbitzarien kargu jarri duena, hauei janaria une egokian emateko? 46  Zoriontsua morroi hori nagusia etortzean horixe egiten aurkitzen badu! 47  Benetan esaten dizuet bere gauza guztien kargu jarriko duela. 48  «Baina morroi hori gaiztoa bada, eta* noizbait pentsatzen badu: “Nagusia berandutzen ari da”, 49  eta morroikideak jotzen eta mozkorrekin jaten eta edaten hasten bada, 50  espero ez duen egunean eta ez dakien orduan etorriko da nagusia. 51  Zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta hipokritekin jarriko du. Han bai egingo duela negar eta hortz karraska.

Oharra

Edo «garaiaren; aroaren». Ikusi Glosarioa, sistema.
Edo «azken zatiaren».
Lit. «erdiminen».
Edo «estropezu egingo».
Lit. «legeari desobedientzia». Hau da, Jainkoaren legeak mespretxatzea.
Edo «egoerari eusten diona; pertseberatzen duena».
Edo «biztanleak dituen lur».
Lit. «nazio guztiei testigantza emateko».
Hau da, Danielen profeziaren irakurleak.
Edo «estutasun».
Lit. «seinaleak».
Lit. «tribu».
Hau da, Gizonaren Semea.
Edo «betirako iraungo dute».
Edo «zuhurra; neurritsua».
Edo «morroi gaizto horrek».