Mateo 25:1-46
25 «Orduan, zeruko Erreinua birjinak ziren hamar neskarekin konparatu daiteke. Hauek oliozko lanparak hartu eta senargaiarekin topo egitera atera ziren bidera.
2 Bost zentzugabeak ziren eta beste bostak zentzudunak*.
3 Zentzugabeek lanparak hartu zituzten, baina ez zuten oliorik eraman.
4 Zentzudunek, aldiz, lanparekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan.
5 Senargaia berandutzen ari zenez, denak logaletu eta lo geratu ziren.
6 Baina gauaren erdian oihu bat entzun zen: “Hemen da senargaia! Atera ongietorria ematera!”.
7 Orduan denak altxatu eta oliozko lanparak prestatu zituzten.
8 Zentzugabeek zentzudunei esan zieten: “Emaguzue olio pixka bat, gure lanparak itzaltzear daude eta”.
9 Zentzudunek erantzun zieten: “Agian ez dago denontzat nahikoa. Hobe duzue saltzaileengana joan eta zuentzat olioa erosi”.
10 Baina erostera joaten ari ziren bitartean, senargaia iritsi zen. Prest zeuden birjinak ezkontzara sartu ziren berarekin, eta atea itxi egin zen.
11 Gero, gainontzekoak etorri eta dei egin zuten, esanez: “Jauna, Jauna, utzi sartzen!”.
12 Senargaiak erantzun zien: “Egia esango dizuet: ez zaituztet ezagutzen”.
13 «Beraz, segi erne egoten, eguna eta ordua ez dakizue eta.
14 «Gainera, Erreinua atzerrira bidaiatu zuen gizon batekin konparatu daiteke. Joan baino lehen, morroiei deitu eta bere ondasunak hauen esku utzi zituen.
15 Lehenengoari bost talentu* eman zizkion, bigarrenari bi eta hirugarrenari bat, bakoitzari bere gaitasunaren arabera, eta atzerrira joan zen.
16 Berehala, bost talentu jaso zituenak joan eta, negoziotan aritu ondoren, bost gehiago irabazi zituen.
17 Era berean, bi jaso zituenak beste bi irabazi zituen.
18 Baina bakarra jaso zuenak joan eta, lurrean zulo bat egin ondoren, nagusiaren dirua* ezkutatu egin zuen.
19 «Handik denbora luzera, morroi haien nagusia etorri eta kontuak argitu zituen beraiekin.
20 Orduan, bost talentu jaso zituena bere aurrean aurkeztu eta bost talentu gehiago ekarri zituen, esanez: “Nagusi, bost talentu jarri zenituen nire esku. Begira, bost gehiago irabazi ditut”.
21 Nagusiak esan zion: “Oso ondo, morroi on eta leiala! Leiala izan zara gauza gutxi batzuez arduratzean. Horregatik, gauza askoren kargu jarriko zaitut. Poztu zaitez zure nagusiarekin batera”.
22 Gero, bi talentu jaso zituena bere aurrean aurkeztu eta esan zion: “Nagusi, bi talentu jarri zenituen nire esku. Begira, bi gehiago irabazi ditut”.
23 Nagusiak esan zion: “Oso ondo, morroi on eta leiala! Leiala izan zara gauza gutxi batzuez arduratzean. Horregatik, gauza askoren kargu jarriko zaitut. Poztu zaitez zure nagusiarekin batera”.
24 «Azkenik, talentu bat jaso zuen morroia nagusiaren aurrean aurkeztu eta esan zion: “Nagusi, banekien gizon zorrotza zarela, erein ez duzun tokian jasotzen duzula eta haizatzen ez duzun tokian biltzen duzula.
25 Beraz, beldurtu egin nintzen, eta joan eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hementxe duzu zurea dena”.
26 Nagusiak erantzun zion: “Morroi gaizto eta alferra. Erein ez nuen tokian jasotzen dudala eta haizatzen ez nuen tokian biltzen dudala esaten baduzu,
27 zergatik ez zenien nire dirua* bankariei eman? Horrela, etortzean, interesekin batera berreskuratuko nuen”.
28 «Orduan, esan zuen: “Kendu talentua horri eta eman hamar talentu dituenari.
29 Zeren, daukanari gehiago emango zaio eta gainezka edukiko du. Baina ez daukanari, daukan gutxia ere kenduko zaio.
30 Eta ezertarako balio ez duen morroi hori kanpora bota, ilunpetara. Han bai egingo duela negar eta hortz karraska”.
31 «Gizonaren Semea, aingeru guztiekin batera, bere aintzan etortzen denean, orduan bere tronu handian* eseriko da.
32 Nazio guztiak bere aurrean bilduak izango dira, eta pertsona batzuk besteetatik bereiziko ditu, artzainak ardiak eta ahuntzak bereizten dituen bezala.
33 Eta ardiak bere eskuinean jarriko ditu eta ahuntzak bere ezkerrean.
34 «Orduan Erregeak bere eskuinean daudenei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok. Heredatu munduaren hasieratik* zuentzat prestatuta dagoen Erreinua.
35 Izan ere, gose nintzen eta jaten eman zenidaten; egarri nintzen eta edaten eman zenidaten. Zuentzat ezezaguna nintzen eta zuen etxean ondo hartu ninduzuen;
36 biluzik egon nintzen* eta jantzi ninduzuen. Gaixotu nintzen eta zaindu ninduzuen. Kartzelan nengoen eta bisitan etorri zineten”.
37 Orduan zintzoek* erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun gosetuta eta jaten eman genizun, edo egarri eta edaten eman?
38 Noiz izan zinen guretzat ezezaguna eta gure etxean ondo hartu? Edo noiz egon zinen biluzik eta jantzi zintugun?
39 Noiz egon zinen gaixo edo kartzelan, eta joan ginen bisitan?”.
40 Erregeak erantzungo die: “Benetan esaten dizuet: nire anaia txikienetako bati egin zenioten guztia, niri egin zenidaten”.
41 «Orduan ezkerrekoei esango die: “Urrundu nigandik, madarikatuak. Zoazte Deabruarentzat eta bere aingeruentzat prestatutako betirako sutara.
42 Izan ere, gose nintzen, baina ez zenidaten jaten eman; egarri nintzen, baina ez zenidaten edaten eman.
43 Zuentzat ezezaguna nintzen, baina ez ninduzuen zuen etxean ondo hartu; biluzik nengoen, baina ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, baina ez zineten zaintzera etorri”.
44 Orduan, beraiek ere erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun gosetuta edo egarri? Edo noiz ez zintugun ezagutu? Edo noiz egon zinen biluzik edo gaixo edo kartzelan, eta ez genizun lagundu?”.
45 Orduan, berak erantzungo die: “Benetan esaten dizuet: nire anaia txikienetako bati egin ez zeniotena, niri ere ez zenidaten egin”.
46 Hauek betirako suntsituak* izango dira. Zintzoek, berriz, betirako bizia jasoko dute».
Oharra
^ Edo «zuhurrak».
^ Greziar talentuak 20,4 kg pisatzen zituen.
^ Lit. «zilarra».
^ Lit. «zilarra».
^ Edo «aintzaz beteriko bere tronuan».
^ Lit. «hazia bota zenetik». Hemen Adam eta Ebaren seme-alabei buruz ari da.
^ Edo «ez neraman nahiko arropa».
^ Hau da, Jainkoaren ikuspuntutik zuzenak edo zintzoak direnak.
^ Lit. «kimatuak; inausiak».