Mateo 26:1-75
-
Apaizek Jesus hiltzeko konspiratu (1-5)
-
Usain goxoko olioa Jesusen buru gainean isuria (6-13)
-
Azken Pazkoa eta Judasen traizioa (14-25)
-
Jaunaren Azken Afaria ezarria (26-30)
-
Jesusek Pedrok ukatuko zuela aurresan (31-35)
-
Jesus Getsemanin otoitz egiten (36-46)
-
Jesus atxilotua (47-56)
-
Sanedrinaren aurrean epaitua (57-68)
-
Pedrok Jesus ukatu (69-75)
26 Jesusek, hau dena esaten bukatu zuenean, esan zien bere dizipuluei:
2 «Dakizuenez, bi egun barru Pazkoa izango da, eta Gizonaren Semea etsaien esku utziko dute zutoin batean exekutatzeko».
3 Orduan, apaizburuak eta herriko adindunak Kaifas izeneko apaiz nagusiaren patioan elkartu ziren.
4 Eta Jesus maltzurkeriaz harrapatu* eta hiltzeko konspiratu zuten.
5 Baina esaten zuten: «Jaian ez, bestela iskanbila sortuko da herrian».
6 Jesus Betanian Simon lepradunaren etxean zegoela,
7 emakume bat hurbildu zitzaion jaten* ari zen bitartean. Usain goxoko olioz betetako alabastrozko ontzitxo bat zuen, eta Jesusen buru gainean isurtzen hasi zen.
8 Hori ikustean, dizipuluak haserretu eta esan zuten: «Hori bai alferrik gastatzea!
9 Saldu eta dirutza hori pobreentzat izan zitekeen».
10 Jesus zertaz ari ziren konturatu zen, eta esan zien: «Zergatik ari zarete emakume honen kontra? Ederki jokatu du nirekin.
11 Zeren pobreak beti izango dituzue zuekin, baina ni ez nauzue beti zuekin izango.
12 Usain goxoko olio hau nire gorputzaren gainean isurtzean, hilobiratua izateko prestatu nau.
13 Benetan esaten dizuet: mundu osoko edozein tokitan, berri onak predikatzen direnean, emakume honek egindakoa ere kontatu eta gogoratuko da».
14 Orduan, Hamabietako bat, Judas Iskariote izenekoa, apaizburuengana joan
15 eta esan zien: «Zer emango didazue Jesus traizionatu eta zuen esku uzten badut?». Zilarrezko 30 txanpon eskaini zizkioten.
16 Beraz, handik aurrera, Judas Jesus traizionatzeko aukera on baten bila ibili zen.
17 Legamia Gabeko Ogien Jaiaren lehen egunean, dizipuluak Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Non nahi duzu Pazko afaria prestatzea?».
18 Berak esan zien: «Joan hirira halako gizonarengana, eta esaiozue: “Maisuak dio: ‘Hurbil da nire ordua, zure etxean ospatuko dut Pazkoa nire dizipuluekin’”».
19 Beraz, dizipuluek Jesusek esan bezala egin zuten, eta Pazkorako dena prestatu zuten.
20 Ilunabarra iristean, Jesus 12 dizipuluekin batera mahaian eserita* zegoen.
21 Jaten ari zirela, Jesusek esan zien: «Benetan esaten dizuet: zuetako batek traizionatu egingo nau».
22 Hau entzutean, dizipuluak oso triste jarri ziren, eta den-denak hasi ziren galdezka: «Jauna, ez naiz ni izango, ezta?».
23 Jesusek erantzun zien: «Nirekin plater* berean eskua sartzen duena da traizionatuko nauena.
24 Hala da, idatzita dagoen bezala, Gizonaren Semea badoa. Baina ai, Gizonaren Semea traizionatzen duena! Hobe jaio izan ez balitz».
25 Jesus traizionatzear zegoela, Judasek galdetu zion: «Rabbi, ez naiz ni izango, ezta?». Jesusek erantzun zion: «Zuk zeuk esan duzu».
26 Oraindik afaltzen ari zirela, Jesusek ogi bat hartu eta otoitz bat egin* ondoren, zatitu eta dizipuluei eman zien, esanez: «Hartu, jan. Honek nire gorputza irudikatzen du».
27 Gero, kopa bat hartu, Jainkoari eskerrak eman eta dizipuluei emanez esan zien: «Edan, zuek denok,
28 zeren honek nire odola irudikatzen du, “itunaren odola”. Pertsona askoren onerako izango da isuria, beraien bekatuak barkatuak izateko.
29 Baina nik esaten dizuet: ez dut inondik inora berriro ardorik* edango nire Aitaren Erreinuan zuekin ardo berria edateko eguna iritsi arte».
30 Azkenik, gorespen kantak* kantatu ondoren, Oliamendira joan ziren.
31 Orduan, Jesusek esan zien: «Gertatuko zaidanaren ondorioz, gaur gauean huts* egingo duzue, idatzita baitago: “Artzaina zaurituko dut eta artaldeko ardiak sakabanatuko dira”.
32 Baina berpiztua* izan ondoren, zuen aurretik joango naiz Galileara».
33 Pedrok erantzun zion: «Nahiz eta gertatuko zaizunaren ondorioz beste guztiek huts* egin, nik ez dut sekula huts egingo!».
34 Jesusek esan zion: «Benetan esaten dizut: gaur gauean oilarrak kantatu baino lehen, hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula».
35 Pedrok esan zion: «Zurekin hil behar badut ere, ez dut sekula ukatuko ezagutzen zaitudala». Eta beste dizipulu guztiek ere berdina esan zuten.
36 Gero, Jesus Getsemani izeneko tokira joan zen dizipuluekin, eta esan zien: «Eseri hemen, hara joan eta otoitz egiten dudan bitartean».
37 Orduan, Pedro eta Zebedeoren bi semeak berarekin eraman zituen, eta tristura eta ezinegon* handia sentitzen hasi zen.
38 Esan zien: «Izugarrizko larritasuna sentitzen dut, hiltzeko modukoa. Geratu hemen, eta esna mantendu nirekin batera».
39 Eta pixka bat urrunduz, belaunikatu eta lurrerantz makurtuz* otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, ahal bada, urrundu nigandik kopa hau. Baina bete dadila, ez nik nahi dudana, zuk nahi duzuna baizik».
40 Dizipuluengana itzuli zenean, lotan aurkitu zituen. Eta Pedrori galdetu zion: «Ordubete ere ezin izan duzue nirekin esna mantendu?
41 Esna mantendu eta egin otoitz etengabe. Horrela, ez zarete tentazioan eroriko. Noski, asmoa ona da, baina gorputza* ahula da».
42 Bigarren aldiz urrundu zen eta horrela egin zuen otoitz: «Ene Aita, kopa hau nik edan gabe urrundu ezin bada, bete dadila zure nahia».
43 Eta berriro itzuli zenean, lotan aurkitu zituen, izan ere, ezin zituzten begiak irekita mantendu.
44 Berriro ere aldendu zen eta hirugarren aldiz egin zuen otoitz gauza bera esanez.
45 Gero, dizipuluengana itzuli eta esan zien: «Horrelako momentu batean lotan eta atseden hartzen? Hara!, Gizonaren Semea traizionatua izateko eta bekatarien esku uzteko ordua iritsi da.
46 Jaiki, goazen! Begira! Hemen dator traizionatuko nauena».
47 Momentu hartan, oraindik hitz egiten ari zela, Judas —Hamabietako bat— etorri zen, eta berarekin batera apaizburuek eta herriko adindunek bidalitako talde handi bat, ezpatak eta makilak eskutan hartuta.
48 Judas traidoreak seinale hau eman zien: «Nik muxu emango diodana, huraxe da. Atxilotu ezazue».
49 Eta zuzen-zuzenean Jesusengana hurbilduz, esan zion: «Gabon, Rabbi!», eta muxu goxo bat eman zion.
50 Baina Jesusek esan zion: «Adiskide, zertara zatoz?». Orduan Judasekin zetozenak Jesusengana hurbildu, harrapatu eta atxilotu egin zuten.
51 Baina bat-batean, Jesusekin zegoen batek ezpata atera eta apaiz nagusiaren morroiari belarria moztu zion.
52 Orduan, Jesusek esan zion: «Gorde ezpata bere lekuan, zeren ezpata erabiltzen dutenak ezpataz hilko dira.
53 Edo zer uste duzu? Ezin diodala oraintxe bertan nire Aitari 12 aingeru-legio* baino gehiago bidaltzeko eskatu?
54 Baina hori egingo banu, nola beteko lirateke horrela gertatu behar duela esaten duten Idazkiak?».
55 Une hartan, Jesusek esan zion jendetzari: «Lapur bat al naiz nire bila ezpata eta makilak eskuetan hartuta etortzeko? Egunero-egunero esertzen nintzen tenpluan irakasteko eta, hala ere, ez ninduzuen atxilotu.
56 Baina hau guztia profetek idatzitakoa betetzeko gertatu da». Orduan, dizipulu guztiek Jesus abandonatu eta ihes egin zuten.
57 Jesus atxilotu zutenek Kaifas apaiz nagusiarengana eraman zuten. Han, lege maisu eta adindunak zeuden elkartuta.
58 Baina Pedrok urrutitik segitu zion, apaiz nagusiaren patiora iritsi arte. Eta sartzean, etxeko morroiekin eseri zen zer gertatuko zen ikusteko.
59 Apaizburuak eta Sanedrin osoa, Jesus hiltzeko asmoz, berari buruzko testigantza faltsuaren bila zebiltzan.
60 Baina ez zuten aurkitu, nahiz eta gezurrezko lekuko asko agertu. Azkenean, bi gizon aurkeztu ziren,
61 eta esan zuten: «Gizon honek esan zuen: “Jainkoaren tenplua behera bota eta hiru egunetan berriro eraikitzeko gai naiz”».
62 Orduan, apaiz nagusia zutitu eta galdetu zion: «Ez al duzu ezer esateko? Ez al duzu entzuten gizon hauek zure aurka esaten ari direna?».
63 Baina Jesusek ez zuen txintik ere esan. Beraz, apaiz nagusiak esan zion: «Zin egin Jainko biziaren aurrean eta esaguzu zu al zaren Kristo, Jainkoaren Semea!».
64 Jesusek esan zion: «Zuk zeuk esan duzu. Baina nik esaten dizuet: hemendik aurrera, boterearen* eskuin aldean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue Gizonaren Semea».
65 Orduan, apaiz nagusiak bere jantziak urratu eta esan zuen: «Blasfemia esan du! Zertarako behar dugu lekuko gehiago? Ez al duzue blasfemia entzun?
66 Zer iruditzen zaizue?». Erantzun zioten: «Hiltzea merezi du!».
67 Orduan, aurpegira txistua bota* zioten eta ukabilkadak eman zizkioten, eta beste batzuek zaplaztekoak,
68 esanez: «Aizak, Kristo, nork jo hau?».
69 Pedro kanpoan zegoen patioan eserita, eta neskame bat hurbildu eta esan zion: «Hi ere Jesus galilearrarekin hengoen!».
70 Baina Pedrok denen aurrean ukatu egin zuen, esanez: «Ez zekinat zertaz ari haizen».
71 Orduan, atarira atera zenean, beste neska batek ikusi eta han zeudenei esan zien: «Gizon hau Jesus Nazaretarrarekin ibiltzen zen».
72 Berriro ukatu zuen zin eginez: «Ez dut gizon hori ezagutzen!».
73 Geroxeago, han zeudenak hurbildu eta esan zioten Pedrori: «Ez zegok dudarik, hi ere haietako bat haiz; hire hizkerak salatzen hau».
74 Orduan maldizioka zin egiten hasi zen: «Ez dudala gizon hori ezagutzen!». Eta berehala oilarrak kukurruku egin zuen.
75 Orduan, Pedrok Jesusek esandakoa gogoratu zuen: «Oilarrak kantatu baino lehen, hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula». Kanpora atera, eta negar eta negar hasi zen.
Oharra
^ Edo «tranpa bat jarriz atxilotu».
^ Edo «mahai aldera etzanda jaten».
^ Edo «mahai aldera etzanda».
^ Edo «erretilu; azpil».
^ Edo «bedeinkapen bat esan».
^ Edo «mahastiaren fruiturik».
^ Edo «salmoak».
^ Edo «estropezu».
^ Lit. «altxatua».
^ Edo «estropezu».
^ Edo «larritasun».
^ Edo «ahuspeztuz».
^ Edo «espiritua prest dago, baina haragia».
^ Legio batean 4.000 eta 6.000 soldadu artean zeuden. Hemen kopuru handi eta zehaztugabea adierazteko erabiltzen da.
^ Edo «Boteretsuaren».
^ Edo «listua bota; tu egin».