Mateo 5:1-48
-
MENDIKO HITZALDIA (1-48)
5 Jesusek jendetza ikusi zuenean, mendira igo zen. Eta, eseri ondoren, dizipuluak berarengana hurbildu ziren.
2 Orduan, irakasten hasi zen, esanez:
3 «Zoriontsuak beraien behar espiritualaz konturatzen direnak*, zeruko Erreinua beraiena baita.
4 «Zoriontsuak lur jota* daudenak, kontsolatuak izango baitira.
5 «Zoriontsuak izaera lasaia* dutenak, lurra beraientzat izango baita.
6 «Zoriontsuak justiziaren gose-egarri direnak*, Jainkoak asebeteko baititu.
7 «Zoriontsuak errukia erakusten dutenak, errukia erakutsiko baitzaie.
8 «Zoriontsuak bihotz garbia dutenak, Jainkoa ikusiko* baitute.
9 «Zoriontsuak bakegileak*, Jainkoaren seme-alaba deituko baitzaie.
10 «Zoriontsuak ongi dagoena egiteagatik* pertsegituak direnak, zeruko Erreinua beraiena baita.
11 «Zoriontsuak zarete nire dizipulu izateagatik jendeak iraintzen eta pertsegitzen bazaituzte eta, gezurrak esanez, zuen aurka gaizki esaka aritzen badira.
12 Pozez beterik egon, handia baita zeruan duzuen saria; horrelaxe pertsegitu baitzituzten profetak zuen aurretik.
13 «Zuek munduko gatza zarete, baina gatzak bere indarra galtzen badu, nola gazituko da berriro? Ez du ezertarako balio izango, kanpora bota eta jendeak zapaltzeko besterik ez.
14 «Zuek munduko argia zarete. Mendi gainean dagoen hiria ezin da ezkutatu.
15 Jendeak olio lanpara bat pizten duenean, ez du saski* baten azpian jartzen; mahai gainean jartzen du etxeko guztiei argia emateko.
16 Era berean, distira egin dezala zuen argiak jendearen aurrean. Horrela, zuen ekintza onak ikusiko dituzte eta zeruko zuen Aita goretsiko dute.
17 «Ez pentsa Legea eta profeten hitzak* balio gabe uztera* etorri naizenik. Ez naiz baliogabetzera etorri, betetzera baizik.
18 Bene-benetan esaten dizuet: errazagoa da zeru-lurrak desagertzea, Legearen letra txikiren bat edo letra baten marratxoren bat desagertzea baino. Idatzita dagoen guzti-guztia beteko da.
19 Beraz, agindu txikienetako bat desobeditu eta besteei gauza bera egiten irakasten dienari, txikiena deituko zaio zeruko Erreinuari dagokionez. Baina, aginduak obeditu eta besteei irakasten dizkienari, handia deituko zaio zeruko Erreinuari dagokionez.
20 Begira zer esaten dizuedan: fariseuak eta lege maisuak baino zuzenagoak* ez bazarete, ez zarete inola ere zeruko Erreinuan sartuko.
21 «Badakizue zuen arbasoei hau esan zitzaiela: “Ez hil* inor. Norbait hiltzen duen edonor auzitegira eramango dute epaitzeko”.
22 Baina nik esaten dizuet, bere anaiarekin* haserre jarraitzen duena auzitegian epaituko dutela. Eta bere anaiari mespretxuz hitz gogorrak esaten dizkion edonor, Auzitegi Gorenean epaituko dute. Eta bere anaiari “ergel nazkagarri halakoa!” esaten dion edonork, suntsitua izatea* merezi izango du.
23 «Horregatik, aldarera zure oparia eramaten ari zaren bitartean, han zaudela, zure anaiak zure aurka zerbait duela gogoratzen baduzu,
24 utzi oparia aldare aurrean. Lehendabizi, zoaz eta egin bakeak zure anaiarekin eta, ondoren, itzuli zure oparia eskaintzera.
25 «Norbaitek epaitegira eraman nahi bazaitu, konpondu berarekin duzun arazoa oraindik bidean zoaztela. Bestela, agian, epailearen eskuetan utziko zaitu, honek auzitegiko guardiaren eskuetan, eta kartzelan amaituko duzu.
26 Benetan esaten dizut ez zarela handik aterako zure azken txanpona* ordaindu arte.
27 «Badakizue hau esan zela: “Ez egin adulteriorik”.
28 Baina nik esaten dizuet: emakume bati sexu desioa izateraino begiratzen jarraitzen duenak, dagoeneko adulterioa egin du berarekin bihotzean.
29 Horregatik, zure eskuineko begiak estropezu* egitera eramaten bazaitu, atera eta bota urrutira. Hobe duzu gorputz atal bat galdu, gorputz osoa suntsitua* izatea baino.
30 Eta eskuineko eskuak estropezu egitera eramaten bazaitu, moztu eta bota urrutira. Hobe duzu gorputz atal bat galdu, gorputz osoa suntsitua izatea* baino.
31 «Beste hau ere esan zen: “Bere emazteagandik dibortziatzen denak, dibortzio agiria eman behar dio”.
32 Baina nik esaten dizuet: gizon batek ez du bere emazteagandik dibortziatu behar, emazteak sexu moralgabekeriarik* egin ez badu. Dibortziatzen bada, adulterioa egiteko arriskuan jartzen du emaztea. Eta dibortziatuta dagoen emakume horrekin ezkontzen denak ere, adulterioa egiten du.
33 «Badakizue zuen arbasoei hau ere esan zitzaiela: “Ez egin zin eta gero zure hitza ez bete. Jehobari promesten diozun guztia bete behar duzu”.
34 Baina nik esaten dizuet: ez egin inolako zinik. Ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita;
35 ez lurrarengatik, bere oin aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren* hiria baita.
36 Ez egin zin zure buruarengatik, zeren ezin duzu ile bakar bat ere zuri edo beltz bihurtu.
37 “Bai” esaten duzuenean, bai izan dadila, eta “ez” esaten duzuenean, ez; zeren emandako hitza ez betetzea Gaiztoarengandik dator.
38 «Badakizue hau esan zela: “Begia begiaren truke, eta hortza hortzaren truke”.
39 Baina nik esaten dizuet: ez egin aurre gaiztoa den pertsonari. Horren ordez, norbaitek eskuineko masailean zaplazteko bat ematen badizu, eskainiozu bestea.
40 Norbaitek zure tunika kentzeko epaitegira eraman nahi bazaitu, emaiozu mantua ere.
41 Eta autoritatea duen norbaitek kilometro* bat egitera behartzen bazaitu, egin bi kilometro berarekin.
42 Norbaitek zerbait emateko eskatzen badizu, emaiozu; eta norbaitek zerbait uzteko eskatzen badizu, ez esan ezetz.
43 «Badakizue hau esan zela: “Maitatu lagun hurkoa* eta gorrotatu etsaia”.
44 Baina nik esaten dizuet: segi etsaiak maitatzen eta pertsegitzen zaituztenen alde otoitz egiten.
45 Hori egiten baduzue, zeruko zuen Aitaren seme-alabak zaretela erakutsiko duzue. Izan ere, eguzkia bai gaiztoentzat, bai zintzoentzat ateratzen du. Eta ongi egiten dutenei eta gaizki egiten dutenei bidaltzen die euria.
46 Zeren, maite zaituzteten pertsonak maitatzen badituzue, zergatik merezi duzue saria? Ez al dute gauza bera egiten zergalariek?
47 Eta zuen lagunak bakarrik agurtzen badituzue, berezia al da hori? Ez al dute gauza bera egiten beste nazioetakoek?
48 Beraz, perfektuak izan behar duzue, zuen zeruko Aita perfektua den bezalaxe.
Oharra
^ Edo «Jainkoa behar dutela onartzen dutenak». Lit. «espirituz behartsu direnak».
^ Edo «doluan».
^ Edo «mantsoa; umila».
^ Edo «ongi dagoena egiteko gogo handia dutenak».
^ «Ikusi» aditza ez dago ikusmen literalarekin bakarrik lotuta, pertzepzio mentalarekin edo ulermenarekin ere lotuta egon daiteke.
^ Edo «baketsuak».
^ Edo «justizia dela eta».
^ Edo «neurtzeko saski». Produktu lehorrak neurtzeko otarrea edo zestoa.
^ Hau da, Moisesen eta profeten bidez jasotako Idazkiak.
^ Edo «suntsitzera».
^ Edo «obedienteagoak».
^ Edo «asasinatu».
^ Hau da, Jainkoaren beste adoratzaile batekin.
^ Lit. «azken kuadrantea».
^ Edo «bekatu».
^ Lit. «Gehenara botata».
^ Lit. «Gehenan amaitzea».
^ Hau da, Jainkoa.
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».