1
Jainkoaren izena Hebrear Idazkietan
Hebrear Idazkietan, hau da, Itun Zaharrean, Jainkoaren izena ia 7.000 aldiz agertzen da, lau hizki hebrear hauekin irudikatuta: יהוה. Lau hizki multzo honi Tetragrammaton deitzen zaio eta biblia-itzulpen batzuetan «Jehoba» izenarekin itzultzen da. Hau da, alde handiz, Biblian gehien azaltzen den izena. Egia da biblia-idazleek Jainkoari buruz hitz egiterakoan titulu asko erabili zituztela, adibidez «Ahalguztiduna», «Gorena» eta «Jauna». Hala ere, Jainkoarentzat erabili zuten izen propio bakarra lau hizki hebrear horiek izan ziren, hau da, Tetragrammaton-a.
Jehobak berak biblia-idazleak gidatu zituen bere izena erabiltzeko. Adibidez, Joel profeta inspiratu zuen honakoa idazteko: «Jaunaren [Jehobaren] izenari hots egiten dion guztia, salbatuko da» (Joel 2:32, Biblia, José Antonio Uriarte [Ur], euskara batura egokituta). Eta salmogile bati honakoa idatzarazi zion: «Ezagutu bezate zure izena Jauna [Jehoba] dela, zu bakarrik txit goratua lur guztian» (82. Salmoa 19 [83:18, NWT], Ur, euskara batura egokituta). Are gehiago, Jainkoaren izena 700 bat aldiz azaltzen da Salmoak liburuan, hau da, Jainkoaren herriak abestu eta ozen irakurtzen zituzten olerki eta abestiak biltzen zituen liburuan. Orduan, zergatik ez da biblia-itzulpen askotan Jainkoaren izena agertzen? Zergatik da ezezaguna Jainkoaren izenaren ahoskera zehatza? Eta zer esan nahi du Jehoba izenak?
Zergatik ez da biblia-itzulpen askotan Jainkoaren izena agertzen? Hainbat arrazoirengatik: 1) Batzuen ustez, Jainko Ahalguztidunak ez du berea bakarrik den izena behar. 2) Beste batzuek, dirudienez, judutar tradizioak eraginda, ez dute Jainkoaren izena erabiltzen, agian izen hau zikintzeko beldur direlako. 3) Eta beste batzuen ustez, Jainkoaren izenaren ahoskera zehatza jakiterik ez dagoenez, hobe da «Jaun» edo «Jainko» tituluak bakarrik erabiltzea. Baina arrazoi hauek ez dira baliozkoak. Ikus dezagun zergatik.
Jainko Ahalguztidunak berea bakarrik den izenik ez duela behar baieztatzen dutenek, ez dute honakoa kontuan hartzen: Jainkoaren izena duten Idazkien antzinako eskuizkribuak aurkitu direla, horietako batzuk Kristo aurrekoak. Aurretik esan bezala, Jainkoak biblia-idazleak gidatu zituen bere izena 7.000 bat aldiz idatzi zezaten. Beraz, argi dago guk bere izena ezagutu eta erabiltzea nahi duela.
Judutar tradizioak eraginda, Jainkoaren izena kentzen duten itzultzaileek ez dute funtsezko faktore bat kontuan hartu. Kopista judutar batzuek Jainkoaren izena ahoskatu nahi ez izan arren, egiten zituzten Bibliako kopietatik ez zuten ezabatu. Itsaso Hiletik gertu, Qumran-en, pasarte askotan Jainkoaren izena azaltzen den antzinako eskuizkribuak aurkitu ziren. Itzultzaile batzuek jatorrizko testuan Jainkoaren izena azaltzen den tokietan «JAUNA» titulua letra larriz jarri dute izen hori ordezkatuz. Baina Jainkoaren izena Biblian milaka aldiz agertzen dela baldin badakite, zergatik aldatzen edo ezabatzen dute? Nork eman die horrelako aldaketa egiteko autoritatea? Beraiek bakarrik dakite.
Jainkoaren izenaren ahoskera zehatza jakiterik ez dagoenez ezin dela erabili esaten dutenek, ez dute arazorik Jesusen izena erabiltzeko. Baina gaur egun ia inork ez du Jesusen izena lehen mendean bezala ahoskatzen. Hebreera hitz egiten zuten kristauek ziurrenik Je·shuʹa ahoskatzen zuten, eta «Mesias» titulua edo «Kristo» Ma·shiʹakh ahoskatzen zuten. Grekera hitz egiten zuten kristauek I·e·susʹ Khri·stosʹ esaten zuten eta latina hitz egiten zutenek Iesus Christus ahoskatzen zuten. Jainkoak inspiratuta, lehen mendeko biblia-idazleek Jesusen izena grekeraz, hau da, jendearen ohiko hizkuntzan, itzulita erabili zuten. Ez zuten jatorrizko hebrear ahoskera mantendu, baizik eta grekeraz ohikoa zen izenaren ahoskera erabili zuten. Berdin gertatzen da Jainkoaren izenarekin. Horregatik, Jehobaren lekukoek «Jehoba» erabiltzea arrazoitsua dela ikusi dute, nahiz eta antzinako hebreeraz ahoskera zehazki hori ez izan.
Zergatik da ezezaguna Jainkoaren izenaren ahoskera zehatza? Euskaraz, Tetragrammaton-aren (יהוה) lau letrak YHWH (edo JHWH) kontsonanteekin adierazten dira. Tetragrammaton-ak ez du bokalik, antzinako hebrear hitzak kontsonantez bakarrik idazten zirelako. Orduan, nola zekien jendeak zer bokal erabili behar zituzten hitzak irakurtzerakoan? Eguneroko bizitzan erabiltzen zituztelako. Beraz, beraientzat erraza zen bokal egokiak erabiltzea hitzak irakurtzean.
Idazki hebrearrak osatuak izan eta mila urte ingurura, judutar adituek hitz hebrearrak irakurtzen laguntzen zuen sistema bat asmatu zuten. Izen bakoitzari zer bokal zegokion adierazten zuten zeinu edo puntuak gehitzean oinarritzen zen sistema hau. Ordurako, judutar askok Jainkoaren izen propioa ozen esatea gaizki zegoen sineskeria zuten. Beraz, beste adierazpen batzuekin ordezkatzen zuten Jainkoaren izena. Dirudienez Tetragrammaton-a kopiatzen zutenean, Jainkoaren izenaren lau kontsonanteei ordezko adierazpenen bokalak jartzen zizkieten. Beraz, puntu horiek daramatzaten eskuizkribuek ez dute Jainkoaren izena hebreeraz jatorrian nola ahoskatzen zen jakiteko balio. Batzuen ustez, «Yahweh» ahoskatzen zen. Beste batzuek, aldiz, beste aukera batzuk proposatzen dituzte. Itsaso Hileko eskuizkribu batean Lebitarrena liburuaren grekerazko zati bat dago eta, bertan, Jainkoaren izena Iao transliterazioarekin azaltzen da. Antzinako beste idazle greko batzuek Iae, I·a·beʹ, edo I·a·u·eʹ ahoskerak ere proposatzen dituzte. Ondorioz, ezin dugu zorrotzak izan, ez baitakigu antzinako Jainkoaren zerbitzariek nola ahoskatzen zuten bere izena hebreeraz (Hasiera 13:4, NWT; Irteera 3:15, oharra). Ziur dakiguna honakoa da: Jainkoak, bere zerbitzariekin komunikatzen zenean, behin eta berriz erabiltzen zuela bere izena, eta hauek ere otoitzean eta besteekin hitz egiten zutenean erabiltzen zutela (Irteera 6:2, Itun Zâr eta Berria, Erramun Olabide [Ol]; Josue 22:34, Ol; 99. Salmoa 9, Ol).
Zergatik erabiltzen dute Jehobaren lekukoek «Jehoba» forma? Euskaraz itzulitako Biblia zaharrenetan ez da Jainkoaren izenaren formarik erabiltzen. Hala ere, «Jehoba» forma (edo forma honen antzeko idazkerak) ezaguna eta erabilia zen XIX. mendean. Adibidez, 1860. urte inguruan, Juan Cruz de Rentería-k «Jehobah» forma erabili zuen bere sermoi-liburu batean. Beranduago, 1884an, Felipe Arresek, Ama euskeriaren liburu kantaria liburuko olerkietako batean, «Jehoba» forma erabili zuen. Bestalde, 1891n, Etienne Lapayre-k «Iehovah» forma erabili zuen Credo edo sinhesten dut esplikatua liburuan.
Gainera, «Jehoba» formak tradizio handia du eragin handiko hizkuntza batzuetan. Ingelesez, Jainkoaren izen propioaren lehenengo aipamena biblia-itzulpen batean, William Tyndale-k itzulitako Pentateukoan agertu zen 1530ean. Honek «Iehouah» forma erabili zuen. Frantsesez, Pierre Robert Olivétan-ek «Iehouah» erabili zuen berak itzulitako Bibliako hainbat tokitan 1535ean. Gaztelaniaz, Jainkoaren izenaren lehenengo aipamena 1537an agertu zen Juan de Valdés-ek itzulitako Salmoak liburuan. Berak «Iehova» forma erabili zuen.
Baina, zorrotzak izan behar al genuke Jainkoaren izenaren ahoskerarekin? A. F. Kirkpatrick adituak honakoa dio: «Benetan garrantzitsuena dena ez da ahoskera zehatza erabiltzea. Garrantzitsuena “Jauna” bezalako titulu bat baino gehiago dela onartzea da, Izen Propioa dela onartzea».
Zein da Jehoba izenaren esanahia? Hebreeraz, Jehoba izena «izatera iritsi» esan nahi duen aditz batetik dator eta aditu batzuek hebrear aditzaren modu arazlea dela uste dute. Horregatik, Jehobaren lekukoek Jainkoaren izenak «berak izatea eragiten du» a esan nahi duela ulertzen dute. Adituek iritzi desberdinak dituztenez, ezin dugu zorrotzak izan esanahiari dagokionez. Hala ere, definizio honek ederki adierazten du hurrengoa: Jehoba gauza guztien Sortzailea eta bere helburuaren Betetzailea dela. Honela, unibertsoa eta izaki adimentsuak existitzea eragin zuen. Honetaz gain, zer gertatzen den axola gabe, bere nahia eta helburua betetzea eragiten jarraitzen du.
Eta zer esan daiteke Irteera liburuan Jainkoaren izenaren esanahiaren inguruan azaltzen den adierazpenari buruz? Bertan, Jainkoak bere burua horrela aurkezten du: «Nik izatea erabakitzen dudana izango naiz ni [edo, oharraren arabera, “Izango naizena izango naiz”]» (Irteera 3:14, NWT). Zehatzak izanda, hitz hauek ez dute Jainkoaren izena guztiz definitzen. Berez, Jainkoaren izaeraren alderdi bat soilik azaltzen dute: Egoera bakoitzean Jainkoa beharrezkoa dena izaten da bere helburua betetzeko. Baina, Jehobaren izenaren esanahia ez dago bere burura bakarrik mugatuta. Honetaz gain, bere sorkuntza beharrezkoa dena izatea eragiten du edo bere sorkuntzari beharrezkoa dena eginarazten dio bere helburua betetzeko.
a Literalki, «berak izatera iristea eragiten du».