Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15. KAPITULUA

Nola jakin dezakegu zein den benetako erlijioa?

Nola jakin dezakegu zein den benetako erlijioa?

1. Nork esan dezake zein den Jainkoa gurtzeko modu egokia?

ERLIJIO gehienek Jainkoari buruzko egia irakasten dutela aldarrikatzen dute. Baina hori ezinezkoa da, erlijioek gauza desberdinak irakasten baitituzte Jainkoari eta bera adoratzeko moduari buruz. Nola jakin dezakegu Jainkoa adoratzeko edo gurtzeko modu egokia zein den? Jehobak bakarrik esan dezake hori.

2. Nola jakin dezakezu zein den Jainkoa gurtzeko modu egokia?

2 Jehobak Biblia eman digu bera gurtzeko modu egokia zein den ikasi dezagun. Beraz, aztertu ezazu Biblia eta honen irakaspenak ulertzen eta praktikan jartzen lagunduko dizu Jehobak (Isaias 48:17).

3. Zer nahi du Jainkoak guk egitea?

3 Batzuek Jainkoak erlijio guztiak onartzen dituela esaten dute. Baina hori ez da Jesusek irakatsi zuena: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin». Ezinbestekoa da, orduan, Jainkoaren nahia zein den jakitea eta, ondoren, hau egitea. Garrantzi handiko gauza da hau, Jainkoa obeditzen ez dutenak gaizkileekin konparatu baitzituen Jesusek (Mateo 7:21-23).

4. Zer esan zuen Jesusek Jainkoaren nahia egiteari buruz?

4 Jesusek Jainkoaren nahia egitea ez zela erraza izango esan zuen: «Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak» (Mateo 7:13, 14). Bide meharrak edo Jainkoa gurtzeko bide egokiak betiko bizira darama; bide lasaiak edo Jainkoa gurtzeko okerreko bideak, aldiz, heriotzara. Baina Jehobak ez du inor hiltzea nahi. Denei ematen die berari buruz ikasteko aukera (2 Pedro 3:9).

ZEIN DA BENETAKO ERLIJIOA?

5. Nola jakin dezakezu zein den benetako erlijioa?

5 Jesusek Jainkoa modu egokian gurtzen duen erlijioa zein den jakitea posible dela esan zuen. Nola? Erlijio horien kideek sinesten eta egiten dutena aztertuz. «Beren egintzetatik antzemango diezue» esan zuen Jesusek. Gero benetako erlijioa zuhaitz batekin konparatu eta esan zuen: «Zuhaitz onak fruitu ona ematen du» (Mateo 7:16, 17). Honek ez du esan nahi Jainkoa gurtzen dutenak perfektuak direnik. Baina Jainkoaren zerbitzariak beti saiatzen dira zuzena dena egiten. Aztertu dezagun zer egin behar duen benetako erlijioak.

6, 7. a) Zergatik daude benetako erlijioaren irakaskuntzak Biblian oinarrituta? b) Zer irakasten digu Jesusen ereduak?

6 Irakaskuntza Biblian oinarritu. Bibliak dio: «Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest» (2 Timoteori 3:16, 17). Paulo apostoluak honakoa idatzi zien kristauei: «Zeren, Jainkoaren mezua hots egin genizuenean, zuek onartu egin baitzenuten: ez zenuten hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik» (1 Tesalonikarrei 2:13). Benetako erlijioa Jainkoaren Hitzean, Biblian, oinarritzen da soilik. Ez da giza ideia, ohitura edo beste ezertan oinarritzen.

7 Jesusek irakatsitako guztia Jainkoaren Hitzean oinarrituta zegoen (Irakurri Joan 17:17). Askotan aipatu zituen Idazki Santuak (Mateo 4:4, 7, 10). Jainkoaren benetako zerbitzariek Jesusen eredua jarraitzen dute eta Biblian oinarritzen dute beraien irakaskuntza guztia.

8. Zer irakasten digu Jesusek Jainkoa gurtzeari buruz?

8 Jehoba bakarrik gurtu. 83. Salmoa 19⁠ak [83:18, NW ] dio: «Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna [Jehoba], zu bakarrik lur guztiaren gain Goi⁠-⁠goikoa». Jesusek jendeak benetako Jainkoa nor den ezagutzea nahi zuen eta Jainkoaren izena irakatsi zien. Otoitzean esan zuen: «Agertu diet zure izena, mundutik atera eta eman zenizkidan gizonak. Zureak ziren, eta zuk niri eman zenizkidan, eta zure hitza zaindu zuten» (Joan 17:6, BJU). Hau ere esan zuen: «Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Mateo 4:10). Beraz, Jainkoaren zerbitzariok Jesusen eredua jarraitzen dugu. Jehoba bakarrik gurtzen dugu, bere izena erabiltzen dugu eta besteei Jainkoaren izena ezagutarazi eta gure alde egingo duenari buruz hitz egiten dugu.

9, 10. Nola erakusten diogu maitasuna elkarri?

9 Besteak benetan maitatu. Jesusek bere jarraitzaileei elkar maitatzen irakatsi zien (Irakurri Joan 13:35). Jatorria, kultura edo aberatsak ala behartsuak garen kontuan izan gabe, batak besteari diogun maitasunak familia berean elkartzen gaitu (Kolosarrei 3:14). Ondorioz, ez dugu gerretan parte hartzen, ezta jendea hiltzen ere. Bibliak dio: «Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme⁠-⁠alaba eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme⁠-⁠alaba». Hau ere esaten du: «Elkar maita dezagula; ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen» (1 Joan 3:10-12; 4:20, 21).

10 Denbora, indarra eta ondasunak erabiliz elkar lagundu eta animatzen gara (Hebrearrei 10:24, 25). «Guztiei on» egiten saiatzen gara (Galaziarrei 6:10).

11. Zergatik obeditzen diogu Jesusi?

11 Jesusen esaneko izan, bera baita Jainkoa ezagutzeko gakoa. Bibliak dio: «Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon⁠-⁠emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik» (Eginak 4:12). Liburu honen 5. kapituluan, Jehobak esaneko diren gizakien alde Jesus erreskate gisa eskaini zuela ikasi genuen (Mateo 20:28). Jehobak Jesus aukeratu du lurraren gain Errege izateko. Horregatik, betiko bizi nahi badugu, Bibliak Jesusi obeditu behar diogula esaten digu (Irakurri Joan 3:36).

12. Zergatik ez gara politika kontuetan nahasten?

12 Politika kontuetan ez nahastu. Jesus ez zen politika kontuetan nahastu. Epaitua izan zenean, Pilato agintari erromatarrari esan zion: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa» (Irakurri Joan 18:36). Jesusen eredua jarraituz, Jainkoaren zeruko Erreinuari gara leialak. Horregatik, non bizi garen axola gabe, ez gara politika kontuetan nahasten. Hala ere, Bibliak lurreko «agintarien menpeko» izateko agintzen digu (Erromatarrei 13:1). Bizi garen herrialdearen legeen esaneko gara. Noski, lege horiek Jainkoaren legeen aurka badoaz, apostoluen eredua jarraitzen dugu: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:29; Markos 12:17).

13. Zer berri on ematen dugu Jainkoaren Erreinuari buruz?

13 Jainkoaren Erreinua munduko arazoen konponbide bakarra dela sinetsi. Jesusek «erregetzaren berri on hau» mundu guztian hots egingo zela esan zuen (Irakurri Mateo 24:14). Erreinuak gauza zoragarriak egingo ditu gure alde eta ez dago horiek egin ditzakeen giza gobernurik (146. Salmoa 3). Jesusek Erreinuari buruz otoitz egiten irakatsi zigun: «Etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala» (Mateo 6:10). Bibliak Jainkoaren Erreinuak giza gobernu guztiak suntsitu «eta berak beti iraungo» duela dio (Daniel 2:44, BJU).

14. Zure ustez, nortzuk praktikatzen dute benetako erlijioa?

14 Ezaugarri hauek aztertu ondoren, galdetu zeure buruari: «Nortzuk oinarritzen dute beraien irakaskuntza Biblian? Nortzuk irakasten dute Jainkoaren izenari buruz? Nortzuk erakusten diote elkarri benetako maitasuna? Nortzuk sinesten dute Jainkoak Jesus gu salbatzeko bidali zuela? Nortzuk ez dira politika kontuetan nahasten? Nortzuk hots egiten dute Jainkoaren Erreinua dela gure arazoak konpontzeko modu bakarra?». Jehobaren lekukoak dira baldintza hauek guztiak betetzen dituzten bakarrak (Isaias 43:10-12).

ZER EGINGO DUZU?

15. Zer egin behar dugu Jainkoak gure gurtza onartzeko?

15 Jainkoa existitzen dela sinestea ez da nahikoa. Deabruek ere sinesten dute hori, baina ez diote obeditzen (Santiago 2:19). Jainkoak gure gurtza onartzea nahi badugu, ez dugu bera existitzen dela sinetsi behar soilik, bere esana ere bete behar dugu.

16. Zergatik baztertu behar dugu erlijio faltsua?

16 Jainkoak gure gurtza onartzea nahi badugu, erlijio faltsua baztertu behar dugu. Isaias profetak idatzi zuen: «Irten hortik! Ez ukitu ezer kutsaturik! [...] Zaudete garbi» (Isaias 52:11; 2 Korintoarrei 6:17). Jehobarentzat erlijio faltsua kutsatuta dago. Horregatik baztertu behar dugu honekin zerikusia duen edozer.

17, 18. Zer da «Babilonia handia» eta zergatik da beharrezkoa baztertzea?

17 Zer da erlijio faltsua? Jainkoaren Hitzaren aurka dagoen edozer gauza irakasten duen erlijioa da. Bibliak erlijio faltsu guztiei «Babilonia handia» deitzen die (Apokalipsia 17:5). Zergatik? Noeren garaiko uholdea eta gero, erlijio⁠-⁠irakaskuntza faltsu asko Babilonia hirian hasi ziren. Gero irakaskuntza faltsu horiek lur osoan zabaldu ziren. Adibidez, babiloniarrek hiru jainkoen multzoak gurtzen zituzten. Gaur egun ere, erlijio ugarik Jainkoa trinitate bat dela esaten dute. Baina Bibliak argi dio benetako Jainko bakarra dagoela, Jehoba, eta Jesus bere semea dela (Joan 17:3). Babiloniarrek gorputza hil ondoren pertsonaren arimak bizirik jarraitzen duela eta infernuan sufritu dezakeela sinesten zuten. Hori ez da egia (Ikusi 14., 17. eta 18. oharrak).

18 Jainkoak erlijio faltsu guztiak laster suntsituko dituela aurresan zuen (Apokalipsia 18:8). Ulertzen al duzu zergatik duen horrenbeste premia erlijio faltsutik irteteak? Berandu izan baino lehen Jehobak hori egiteko eskatzen dizu (Apokalipsia 18:4).

Jehoba bere herriarekin batera zerbitzatuz, mundu osoko familia baten parte izango zara

19. Nola zainduko zaitu Jehobak bera zerbitzatzea erabakitzen baduzu?

19 Lagun edo senide batzuek agian ez dute ulertuko zuk erlijio faltsua utzi eta Jehoba zerbitzatzea erabakitzea. Beharbada aurka jarri, zu lotsarazi edo zurekin egoteari utzi nahiko diote. Baina Jehobak ez zaitu utziko. Elkar maite duten mundu osoko milioika senide izango dituzu eta Jainkoaren mundu berrian betiko bizitzeko itxaropena izango duzu (Markos 10:28-30). Agian zure erabakiaren aurka dauden lagun eta senideek aurrerago Biblia aztertzea erabakiko dute.

20. Zergatik da funtsezkoa Jainkoa berak nahi bezala gurtzea?

20 Laster Jainkoak gaiztakeria suntsituko du eta bere Erreinuak lur osoan aginduko du (2 Pedro 3:9, 13). Garai zoragarria izango da hori! Jende guztiak Jehoba berak nahi duen moduan gurtuko du. Beraz funtsezkoa da aurrera pausoa orain ematea eta Jainkoa berak nahi duen bezala gurtzea.