Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

18. KAPITULUA

Bizitza Jainkoari eskaini eta bataiatu behar al nuke?

Bizitza Jainkoari eskaini eta bataiatu behar al nuke?

1. Zer pentsatzen duzu liburu hau arreta handiz aztertu ondoren?

DAGOENEKO Bibliako irakaskuntza asko ikasi dituzu liburu hau aztertzean, esate baterako, betiko bizitzeko Jainkoaren promesa, hildakoen egoera eta berpizkundearen itxaropena (Kohelet 9:5; Joan 5:28, 29; Apokalipsia 21:3, 4). Agian Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasia zara eta hauek benetako erlijioa praktikatzen dutela uste duzu (Joan 13:35). Beharbada Jehobarekin adiskidetasun estua garatzen hasi zara eta bera zerbitzatzea ere erabaki duzu. Beraz, Jainkoa zerbitzatzeko zer egin behar ote duzun pentsatuko duzu seguruenik.

2. Zergatik nahi izan zuen etiopiar gizon batek bataiatu?

2 Jesusen garaiko etiopiar batek ere jakin nahi izan zuen Jainkoa zerbitzatzeko zer egin behar zuen. Jesus berpiztua izan eta denbora batera, bere jarraitzailea zen Felipek gizon harekin hitz egin eta Jesus Mesias zela frogatu zion. Etiopiarra ikasitakoarekin hunkitu egin zen eta berehala esan zuen: «Horra hor ura! Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» (Eginak 8:26-36).

3. a) Zer agindu zien Jesusek bere jarraitzaileei? b) Nolakoa izan behar du bataioak?

3 Bibliak argi irakasten du Jehoba zerbitzatzeko bataiatu egin behar duzula. Jesusek bere jarraitzaileei herri guztietako ikasleak egiteko esan zien hauek «bataiatuz» (Mateo 28:19). Jesusek berak ezarri zuen eredua bataiatua izan zenean. Ez zioten ur pixka bat buruan isuri; guztiz urperatua izan zen (Mateo 3:16). Gaur egun kristauak bataiatzen direnean ere, guztiz urperatuak izan behar dute.

4. Zer erakusten die besteei zure bataioak?

4 Bataiatzean, Jainkoa zerbitzatu eta bere laguna izan nahi duzula erakusten diezu besteei (40. Salmoa 8, 9 [40:7, 8, NW ]). Beraz, zer egin behar duzu bataiatzeko?

EZAGUTZA ETA FEDEA BEHAR DITUGU

5. a) Zer egin behar duzu lehendabizi bataiatu aurretik? b) Zergatik dira garrantzitsuak Jehobaren lekukoen bilerak?

5 Bataiatu aurretik, Jehoba eta Jesus ezagutzera iritsi behar duzu. Biblia aztertuz hau egiten hasi zara dagoeneko (Irakurri Joan 17:3). Baina hau egitea ez da nahikoa. Bibliak agintzen digu: «Jainkoaren nahia zein den bete⁠-⁠betean ezagut dezazuela» (Kolosarrei 1:9). Jehobaren lekukoen bilerek Jainkoarekin harreman estuagoa izaten lagunduko dizute. Bilerak ez galtzeko arrazoi garrantzitsu bat da hau (Hebrearrei 10:24, 25).

Bataiatu aurretik Biblia aztertu behar duzu

6. Zenbateraino ezagutu behar duzu Biblia bataiatu aurretik?

6 Noski, Jehobak ez du espero bataiatu aurretik zuk Bibliak dioen guztia jakitea. Etiopiar gizonarengandik ere ez zuen hori espero (Eginak 8:30, 31). Gainera, beti jarraituko dugu Jainkoari buruz ikasten (Kohelet 3:11). Baina bataiatzeko, Bibliaren oinarrizko irakaskuntzak ezagutu eta onartu behar dituzu (Hebrearrei 5:12).

7. Nola lagundu dizu Biblian ikasitakoak?

7 Bibliak dio: «Federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea» (Hebrearrei 11:6). Beraz, bataiatu aurretik beharrezkoa da fedea izatea. Bibliaren arabera, antzinako Korinto hiriko pertsona batzuek Jesusen jarraitzaileen irakaskuntza entzun eta, ondorioz, «sinetsi eta bataioa hartu zuten» (Eginak 18:8). Modu berean, Biblian ikasi duzunak Jainkoaren promesetan eta bekatu eta heriotzatik askatuko gaituen Jesusen eskaintzan fedea izaten lagundu dizu (Josue 23:14; Eginak 4:12; 2 Timoteori 3:16, 17).

KONTATU BESTEEI IKASTEN ARI ZARENA

8. Zerk bultzatuko zaitu ikasitakoa besteei kontatzera?

8 Bibliari buruz gehiago ikasi eta zure bizitzan nola laguntzen dizun ikusi ahala, zure fedea indartu egingo da. Besteei ikasten ari zarena kontatu nahiko diezu (Jeremias 20:9; 2 Korintoarrei 4:13).

Fedeak besteei zure sinesmenak kontatzera bultzatuko zaitu

9, 10. a) Norekin hitz egin dezakezu ikasi duzunaz? b) Zer egin behar duzu kongregazioarekin batera predikatze⁠-⁠lanean parte hartu nahi baduzu?

9 Agian ikasten ari zarena senide, lagun, bizilagun edota lankideei kontatu nahiko diezu. Hori egitea ondo dago, baina egin ezazu modu atsegin eta goxoan. Denborarekin, kongregazioarekin predikatze⁠-⁠lanean parte hartzen hasi ahal izango duzu. Honetarako prest zaudela uste duzunean, hitz egin Biblia aztertzen laguntzen dizun Lekukoarekin eta esaiozu kongregazioarekin batera predikatze⁠-⁠lanean aritu nahi duzula. Berak ere prest zaudela uste badu eta biblia⁠-⁠arauen arabera bizi bazara, kongregazioko bi arduradunekin bilduko zarete.

10 Zertaz hitz egingo duzue bilera horretan? Arduradunek oinarrizko biblia⁠-⁠irakaskuntzak ulertu eta sinesten dituzun, Bibliak dioena eguneroko bizitzan betetzen duzun eta benetan Jehobaren lekuko izan nahi duzun jakin nahiko dute. Gogoratu kongregazioko arduradunak kongregazioa osatzen duten guztiez kezkatzen direla, baita zutaz ere. Beraz, ez izan beraiekin hitz egiteko beldurrik (Eginak 20:28; 1 Pedro 5:2, 3). Bilera horren ostean, arduradunek kongregazioarekin predikatze⁠-⁠lanean parte hartzen hasi zaitezkeen esango dizute.

11. Zergatik da hain garrantzitsua kongregazioarekin predikatze⁠-⁠lanean parte hartzen hasi aurretik aldaketak egitea?

11 Kongregazioarekin predikatze⁠-⁠lanean parte hartzen hasi aurretik arduradunek aldaketaren bat egin behar duzula esango dizute agian. Zergatik da hain garrantzitsua aldaketa horiek egitea? Besteei Jainkoari buruz hitz egiten diegunean, Jehobaren ordezkariak garelako. Horregatik, begirune handia erakutsi behar diogu gure bizimoduarekin (1 Korintoarrei 6:9, 10; Galaziarrei 5:19-21).

DAMUTU ETA ITZULI

12. Zergatik damutu behar du jende guztiak?

12 Bada bataiatu aurretik egin behar duzun beste zerbait. Pedro apostoluak esan zuen: «Damutu zaitezte bada, eta bihurtu zaitezte zuen bekatuak barkatuak izan daitezen» (Eginak 3:19, BJU). Zer esan nahi du damutzeak? Gaizki egin ditugun gauzengatik atsekabe handia sentitzea. Adibidez, bizitza moralgabea izan baduzu, damutu egin behar duzu. Eta bizitza osoan zuzen jokatzen saiatu bazara ere, damutzea beharrezkoa izango duzu. Zergatik? Guztiok egiten ditugulako bekatuak eta Jainkoari barkatzeko eskatu behar diogulako (Erromatarrei 3:23; 5:12).

13. Zer esan nahi du «bihurtu» edo itzultzeak?

13 Nahikoa al da egin duzunaz atsekabea sentitzea? Ez. Pedrok «bihurtu», hau da, itzuli egin behar duzula esan zuen. Zer esan nahi du honek? Aurretik izandako jokaera oker guztiak baztertu eta zuzena dena egiten hasi behar duzula. Hau ulertzeko imajinatu tokiren batera lehen aldiz joan behar duzula. Bidaia hasi eta denbora batera, norabide okerrean zabiltzala konturatzen zara. Zer egingo duzu? Dudarik gabe abiadura moteldu, gelditu eta norabide egokian abiatuz itzuli. Era berean, Biblia aztertzen duzun heinean, agian zure bizitzako ohitura edo beste gauzaren bat aldatu behar duzula ikusiko duzu. Egon zaitez prest itzultzeko, hau da, behar diren aldaketak egiteko eta zuzena dena egiten hasteko.

ESKAINI ZEURE BURUA JEHOBARI

Promestu al diozu Jehobari zerbitzatuko duzula?

14. Nola egiten da eskaintza?

14 Bataiatu aurretik eman behar duzun beste pauso garrantzitsu bat zeure burua Jehobari eskaintzea da. Nola egiten da eskaintza hau? Jehobari, otoitz berezi batean, bera bakarrik gurtuko dugula promestuz. Gainera, gure bizitzako gauzarik garrantzitsuena bere nahia egitea izango dela hitz eman behar diogu (Mateo 4:10).

15, 16. Zerk bultzatu zaitzake zeure burua Jehobari eskaintzera?

15 Jehoba bakarrik zerbitzatuko duzula promestea maite duzun pertsonarekin bizitza osoa pasako duzula promestearen antzekoa da. Imajinatu gizon eta emakume bat elkarrekin irteten ari direla. Gizonak emakumea ezagutzen duen heinean, bera maitatzera eta berarekin ezkondu nahi izatera heltzen da. Nahiz eta erabaki garrantzitsua izan, gizona erantzukizun hau onartzeko prest dago bera maite duelako.

16 Jehobaz ikasten duzun heinean, bera maitatzera eta bera zerbitzatzeko ahal duzun guztia egin nahi izatera heltzen zara. Ondorioz, bera zerbitzatuko duzula promestuko diozu otoitz batean. Bibliaren arabera, Jesusen jarraitzaile izan nahi duen edonork bere buruari «uko egin» behar dio (Markos 8:34). Zer esan nahi du honek? Zure bizitzan Jehobaren esana betetzeak duela lehentasuna. Jehobaren nahia zure desirak eta helburuak baino garrantzitsuagoa da (Irakurri 1 Pedro 4:2).

EZ IZAN HUTS EGITEKO BELDURRIK

17. Zergatik ez diote batzuek Jehobari euren burua eskaintzen?

17 Batzuek ez diote Jehobari euren burua eskaintzen. Zergatik? Egindako promesari eusteko gai ez direla izango uste dutelako. Agian ez diote Jehobari huts egin nahi. Edo Jainkoari euren burua eskaintzen ez badiote, Jehobak ez diela konturik eskatuko pentsatzen dute.

18. Zerk lagunduko dizu Jehobari huts egiteko beldurra gainditzen?

18 Jehobari diozun maitasunak berari huts egiteko beldurra gainditzen lagunduko dizu. Maite duzunez, egindako promesari eusteko ahal duzun guztia egingo duzu (Kohelet 5:3 [5:4, NW ]; Kolosarrei 1:10). Ez pentsatu bere nahia egitea zailegia denik. Joan apostoluak idatzi zuen: «Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak» (1 Joan 5:3).

19. Zergatik ez duzu Jehobari zeure burua eskaintzeko beldur izan behar?

19 Ez dugu perfektuak izan beharrik geure burua Jehobari eskaintzeko. Ez digu sekula ahal duguna baino gehiago egiteko eskatzen (103. Salmoa 14). Zuzena dena egiten lagunduko dizu (Isaias 41:10). Izan bihotzez konfiantza Jehobarengan eta «berak eramango zaitu bide zuzenetik» (Esaera Zaharrak 3:5, 6).

JENDE AURREKO AITORPENA

20. Zer pauso eman behar duzu zeure burua Jainkoari eskaini ondoren?

20 Zeure burua Jehobari eskaintzeko prest zaudela uste al duzu? Hau egin ondoren, hurrengo pausorako prest egongo zara: bataioa.

21, 22. Nola egin dezakezu jendearen aurrean zure fedearen aitorpena?

21 Esaiozu zure kongregazioko arduradun taldearen koordinatzaileari dagoeneko zeure burua Jehobari eskaini diozula eta bataiatu egin nahi duzula. Orduan, arduradun batzuek zurekin oinarrizko biblia⁠-⁠irakaskuntzak errepasatzeko antolaketak egingo ditu. Bataiatzeko prest zaudela uste badute, Jehobaren lekukoen hurrengo biltzarrean bataiatu zaitezkeela esango dizute. Biltzarrean bataioaren esanahia azalduko duen hitzaldi bat egongo da. Hizlariak bi galdera erraz egingo dizkie bataiatzeko prest daudenei. Galdera hauei erantzunez, zure fedea «jendearen aurrean aitortzen» ariko zara (Mateo 10:32).

22 Ondoren, guztiz urperatuz bataiatua izango zara. Bataioak zeure burua Jehobari eskaini diozula eta orain Jehobaren lekuko zarela erakutsiko dio jende guztiari.

ZER IRUDIKATZEN DU BATAIOAK?

23. Zer esan nahi du «Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean» bataiatua izateak?

23 Jesusek bere jarraitzaileak «Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean» bataiatuak izango zirela esan zuen (Irakurri Mateo 28:19). Zer esan nahi du honek? Batetik, Jehobaren aginpidea onartzen dugula. Bestetik, Jainkoak Jesus bere helburua betetzeko nola erabiltzen duen estimatzen dugula. Eta, azkenik, Jainkoak bere espiritu santua bere nahia betetzeko nola erabiltzen duen onartzen dugula (83. Salmoa 19 [83:18, NW ]; Mateo 28:18; Galaziarrei 5:22, 23; 2 Pedro 1:21).

Bataiatzean Jainkoaren nahia egin nahi duzula erakusten duzu

24, 25. a) Zer irudikatzen du bataioak? b) Zer aztertuko dugu azken kapituluan?

24 Bataioak garrantzi handiko zerbait irudikatzen du. Urperatzeak sinbolikoki hil zarela esan nahi du, hau da, aurreko bizimodua atzean utzi duzula. Uretatik ateratzean, bizimodu berria hasiko duzu Jainkoaren nahia betetzeko. Une horretatik aurrera Jehoba zerbitzatuko duzula erakusten du. Gogoratu zeure burua ez diozula gizaki, erakunde edo lan bati eskaini. Jehobari eskaini diozu.

25 Zure eskaintzak Jainkoarekin adiskidetasun estua garatzen lagunduko dizu (25. Salmoa 14). Honek ez du esan nahi bataiatuta egoteagatik Jehobak salbatuko gaituenik. Paulo apostoluak idatzi zuen: «Saia zaitezte zeuen salbamena begirune santuz burutzen» (Filipoarrei 2:12). Bataioa salbamena lortzeko lehen pausoa besterik ez da. Baina nola jarraitu dezakezu Jehobaren laguna izaten? Liburu honetako azken kapituluak erantzungo dio galdera honi.